kirola
KATHRINE SWITZER
«Egun hark nire bizitza aldatu zuen, baina baita milaka emakumerena ere»
Ainara Arratibel Gascon
Korrika eginez lortu zenuen loria, baina zuri, zeurez, belar hockeya gustatzen zitzaizun.
12 urterekin hasi nintzen korrika egiten. Aitak esan zidan egunero milia bat [1.609,34 metro] korritzen banuen institutuko belar-hockey taldeko jokalari onenetakoa izango nintzela. Zoragarri sentitu nintzen, eta jarraitu egin nuen.
1967ko apirilaren 19a. Zer esanahi du data horrek zuretzat?
Ofizialki maratoi bat korritu zuen lehen emakumea bihurtu nintzen eguna da. Egun horrek goitik behera aldatu zuen nire bizitza. Baina ez nirea bakarrik, baita milaka emakumerena ere. Ez nuen Bostongo maratoia korritu historia egiteko. Baina lasterketa arduraduna, Jock Semple, oldartu egin zitzaidan. Artean, emakumeek ez zuten Bostongo maratoia korritzen; ez, behintzat, dortsalarekin. Beraz, lasterketa uztea nahi zuen. Baina bizitzako erabakirik garrantzitsuenetako bat hartu nuen: lasterketa amaitzea.
261 dortsalarekin atera zinen. Ordutik berezia al da zuretzat zenbaki hori?
Zalantzarik gabe. Egun elkarte bat dut zenbaki horrekin: 261 fearless [261, ausarta]. Horren bidez, mundu osoko emakumeen sare bat osatu dugu, korrika eginez ahalduntzeko, eta berdintasunean urratsak egiten segitzeko. Gainera, babesleak bilatzen ditugu lasterketak antolatzeko. Hamaika txokotatik bidali dizkidate argazkiak zenbakiarekin, tartean Euskal Herriko korrikalari bat. Hanken atzealdean tatuaje bat zuen. Bertan zera jartzen zuen: «261ak ausart sentiarazten nau». Niretzat ere beldurrik ezaren eta ahaleginaren ikurra da.
Zergatik aukeratu zenuen Bostongo maratoia?
Hiru arrazoi izan nituen. Batetik, nire entrenatzaileak makina bat aldiz hartu zuen parte bertan, eta istorio asko kontatu zizkidan lasterketaren inguruan. Beraz, neure buruari esana nion korritu egingo nuela. Bestetik, garbi nuen iraupen probetan ondo moldatzen nintzela. Gainera, erakutsi nahi nuen emakumeak gai ginela maratoi bat korritzeko.
Zure entrenatzaileak, ordea, ez zuen horrela uste. Asko kostatu zitzaizun konbentzitzea?
Berak behin eta berriz esaten zidan: «Emakume batek ezin du maratoi bat korritu». Baina ni tematu egin nintzen. Azkenean, esan zidan: «Entrenamendu batean gai bazara distantzia hori korritzeko, neronek lagunduko dizut bertan egoten». Urtarrila zen, eta maratoia apirilean jokatzen zen. Hiru hilabete baino ez genituen. Pixkanaka hasi nintzen: 10 kilometro, 20, 25... Hiru asteren faltan, 42 kilometro egin genituen. Hurrengo egunean, izena emateko orriarekin etorri zitzaidan: «Disfrutatu», esan zidan.
Zergatik ez zenuen ezkutuan egin, artean hainbat emakumek egin zuten bezala?
Araudian ez zen jasotzen emakumeek ezin zutenik izena eman. Usadio kontua zen ez parte hartzea. Nire aurretik beste zortzi bat emakumek korritu zuten, baina dortsalik gabe. Funtsezkoa iruditzen zitzaidan parte hartzeari ikusgarritasuna ematea. Bestalde, ni federatuta nengoen, eta ondo egin nahi nituen gauzak.
K. Switzer moduan eman zenuen izena. Haste letra erabiltzea trikimailu bat izan al zen, antolatzaileek ez harrapatzeko?
Askok uste dute baietz. Baina oker daude. 12-13 urte nituenetik hasi nintzen horrela izena ematen. Izan ere, jaio nintzenean, nire aita hain zegoen pozik, erregistroan gaizki idatzi zuen nire izena. Erdiko e-a jartzea ahaztu zitzaion. Hau da, Katherine jarri beharrean, Kathrine jarri zuen. Horrenbestez, jendeak beti idazten zuen gaizki nire izena, eta nekatu egiten nintzen zuzentzeaz. Horregatik hasi nintzen haste letra erabiltzen. Miresten nituen korrikalari batzuek ere hala egiten zuten, eta gustura egin nuen.
Nola dituzu gogoan lasterketa hasi aurreko uneak
Elurra egiten zuen, eta hotz handia. Korrikalariak harritu egin ziren: «Parte hartuko al duzu? Maratoi guztia egingo duzu?», galdetu zidaten. Eta baziren, era berean, asko esaten zidatenak: «Ea nire neska-laguna korrika egitera animatzen duzun». Oso atseginak izan ziren nirekin. Urduri nengoen, eta hunkituta. Irteerako zuzengunea ikusi nuenean oso libre sentitu nintzen.
Eta ikusleek?
Batzuek txalo egin zidaten, eta «aurrera, aurrera» oihukatu. Beste batzuek, ordea, ez zuten ondo hartu. «Etxean egon beharko zenuke, senarrari afaria prestatzen», oihukatu zidan batek. Gogorrena izan zen emakumeak entzutea halako gauzak esaten. Emakume horiek askatasunaren eta berdintasunaren beldur ziren. Nik esaten nion nire entrenatzaileari: «Egunen batean ulertuko dute, eta baten bat nire laguna izango da».
Ez zitzaizun ulertezina eta bidegabea egiten zu haien eskubideen alde borrokatzen aritzea eta haiek txistu egitea?
Bai. Baina batzuetan jendeak denbora behar du jabetzeko zer den ona beraientzat. Berdintasuna bide desberdinetatik iritsiko da, eta jende askok ez du ulertzen horietako bat tradizioaren aitzakian edo izenean egiten diren eskubide urraketak amaitzea izango dela. Horretan sinesten dugunak ezin gara geldirik egon. Ekintza txikiena ere handi izan daiteke. Giza eskubideak tradizioaren gainetik daude.
Okerren hartu zuena, dena den, Jock Semple lasterketako komisarioa izan zen. Zu lasterketatik ateratzen saiatu zen. Nola duzu gogoan une hura?
Erabat ezustean harrapatu ninduen. Gogoan dut ez nuela ezer ikusten, eta kazetari asko zeudela nire inguruan. Bat-batean, Semple korrika etorri zitzaidan, eta, oihuka eta bultzaka, ni lasterketatik ateratzen saiatu zen. «Utzi maratoia, utzi maratoia», esaten zidan. Oso haserre zegoen; ni, berriz, erabat izututa. 20 urte baino ez nituen. Gizon hura ez nuen ezagutzen, eta ez nekien zergatik ari zitzaidan heltzen. Ihes egiten ahalegindu nintzen, baina gogor heltzen zidan txandaletik. Halako batean, nire entrenatzailea ikusi nuen oihuka, eta atzetik nire bikotekidea ailegatu zen. Hura ere maratoia korritzen ari zen. Semple bultzatu zuen, eta askatu egin ninduen. Berehala, bai berak, baita nire entrenatzaileak ere esan zidaten: «Segi korrika». Haserre nengoen. Ez nuen ulertzen zer gertatu zen, eta ez nekien zer pasatu zen nire bikotekidearekin. Gainera, harekin ere haserre nengoen, nik ez dudalako gustuko indarkeria, eta ez zitzaidan gustatu gizon hari eraso egitea, haren maila berean jartzen ari baitzen. Baina gero nire buruan pentsamendu bakarra izan nuen: lasterketa amaitzea. Bestela, esango zuten emakumeak ez ginela gai maratoi bat amaitzeko.
Zure entrenatzailea eta bikotekidea egon izan ez balira, zer pasatuko zen?
Agian, dortsalik gabe amaituko nuen proba. Dena den, nik beti esaten dut lasterketako arduradunak eta nire bikotekideak nik baino gehiago egin zutela berdintasunaren alde. Irudi hark indar handia izan zuen.
Lasterketa bukatzean zer pentsatu zenuen?
Lau ordu eta hogei minutuko marka egin nuen. Beraz, helmugara iritsi nintzenean, ikusle gehienak etxean zeuden. Zale bakanen bat eta ofizial gutxi batzuk baino ez zeuden. Nekatuta amaitu nuen, baina oso pozik. Hortik aurrera, inork ezingo zuen esan emakume bat ez zela gai maratoi bat korritzeko. Neure buruari bi helburu jarri nizkion gero: atleta hobea izatea, eta emakumeentzat korrika egiteko aukera gehiago sortzen segitzea. Uste dut lortu nuela. Izan ere, denbora gutxian 400 lasterketa antolatu genituen 27 herrialdetan, eta hori funtsezkoa izan zen 1984ko Olinpiar Jokoetan estreinakoz emakumeen maratoia jokatzeko. Bestalde, Bostongoa egin eta gero, New Yorkekoa irabazi nuen.
Espero zenuen zure balentriak halako oihartzuna izango zuela?
Banekien balentria bat egin nuela. Baina gauerdira arte ez ginen jabetu izan zuen oihartzunaz. Orduan ez zegoen Internetik.
Handik bost urtera, emakumeek parte hartzea onartu zuen Bostongo maratoiak. Zer ekarri zuen horrek?
Urteak generamatzan antolakuntzarekin lanean hori lortzeko. Beraz, asko poztu ginen. Pentsa, niri eraso egin zidan komisarioa poztu egin zen, eta ikusi ninduenean besarkada bat eman zidan.
1974an New Yorkeko maratoia irabaztea zure lorpen handiena izan zen?
Askok pentsatuko dute nire egunik zoriontsuena izan zela. Baina ez da horrela. Egun oso gogorra izan zen niretzat. Etsita amaitu nuen, uste baino denbora okerragoa egin nuelako.
Jabetu al zara jende askok miretsi egiten zaituela?
Bai, eta asko eskertzen dut. Baina ardura bat ere bada. Izan ere, zugan sinesten dute, eta egiten duzun lanean. Batzuetan lortzen zailak diren gauzak eskatzen dizkizute, eta beldurra ematen dizu huts egiteak.
Egun, emakume askok egiten dute korrika. Zer sentitzen duzu haiek ikustean?
Ez dut seme-alabarik izan, eta horiek nire alabak direla esan ohi dut, txantxetan.
Garai batean baino berdintasun handiagoa dago maratoian?
Korrika egitea beti izan da berdinzalea. Uste dut ez dagoela kirol berdinzaleagorik. Edozeinek egin dezake. Ekonomikoki ere berdinzalea da. Hankak baino ez dituzu behar.
Eta munduan gero eta berdintasun handiagoa al dago?
Asko egin da, baina uste dut oraindik bide luzea dugula aurrean. Atletismoa tresna oso ona da horretarako. Adibidez, gero eta herri lasterketa gehiago dago, bertan gizon-emakumeek batera parte hartzen dugu, ondo pasatuz, eta elkarri hauspoa emanez.
Feministatzat duzu zeure burua?
Bai, erabat, modu baketsuan eta indarkeriarik gabe gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu nahi duen aldetik, emakumeen eskubideak bultzatuz.
Zu propio emakumeentzako lasterketak antolatzearen aldekoa zara. Zergatik?
Nik mota guztietako lasterketak korritzen ditut, eta denak batera korritzearen aldekoa naiz. Baina uste dut halako lasterketak beharrezkoak direla emakumeak korrika egitera erakartzeko. Asko erosoago sentitzen dira halako lasterketetan; beste batzuek bertan ikasten dute lehiatzen... Horregatik dira beharrezkoak.
Apirilean Londresko maratoia korritu zenuen, eta 4.44.49ko marka egin. Noiz arte jarraituko duzu korrika?
Azken urte hau oso polita izaten ari da niretzat. Iazko apirilean Bostongo maratoia korritu nuen, nire balentriaren 50. urteurrena ospatzeko; ondoren, New Yorkekoa, nire garaipena gogoratzeko; eta aurtengo apirilean Londreskoa korritu nuen. Sasoiko nago, eta asko gozatzen ari naiz. Ahal badut, hil arte egingo dut korrika. Zoriontsu egiten nau.