iritzia
Che
Onintza Enbeita
Ez diot haren lanari ezer kendu nahi, baina ez dakizkigun datuek kezkatu egiten naute. Hala ere, ez dakit ezkutatu digutena jakin nahi dudan ala ez. Ez dakit jakin nahiko nukeen zenbat neska jarri zituen hormaren kontra Hego Amerikari buelta eman zionean, edo zenbat baserritarri altxatu zieten gona Sierra Maestran gora eta behera zebilenean, edo zer esango zuen haren emazteak ume haiekin guztiekin etxean gelditu zenean senarra Kongora eta Boliviara zihoan bitartean, edo zergatik ez zuten neskarik jarri iraultzaren lehen lerroetan, edo zein lanetara baztertu zituzten emakumeak lehen ministerio haietan...
Gizon handiak ere bizi izan duten garai historikoaren arabera kokatu behar genituzke gure buruetan, liburuetan, anekdotarioetan. Eta jakin badakigu gizonik handienek ere erabili egin dituztela euren kontestu historikoak eskaini dizkien pribilegioak.