astekaria 2018/10/12
arrowItzuli

gizartea

Ezin arbelean idatzi: 'Alardea'

Arantxa Iraola

Ezin arbelean idatzi: 'Alardea'

Bi hitzok -alardea eta tradizioa- airean entzun orduko, aparteko isiltasuna antzeman izan dute ikasgelan: artegagarria. «Gaia tabu-tabua da. Benetan. Gelan zaude, eta ateratzen da tradizioa hitza, eta, bat-batean, isiltasuna. Ikaragarria!» Bidane Zabalarenak dira hitzak, baina inguruan dituen lau gazteek diote sarri izan dutela sentipen hori -1998. eta 2003. urteen artean jaiotakoak dira denak, Irun eta Hondarribikoak-. Iragan irailaren 8an Jaizkibel konpainian desfilatu zuten bost gazte horiek, eta adinkide dituzten -baita adiskide ere- gazte asko zeuden Kale Nagusitik igaro zirenean, espaloian, plastiko beltzen atzean, alarde parekidearen aurkako mezuak ozentzen: tradizioaren izenean, desfile mistoari arbuioa erakusten. Zail egiten da egoera ulertzen Irun eta Hondarribitik kanpo, 22 urte baitira gatazka piztu zela, eta oraindik ere aski gaiztotuta baitago: aurten Kale Nagusian ikusi diren irudiek argi erakutsi dute hori. Bost gazteak bat datoz: hein batean, horri buruzko solasak baztertzera egin delako luzatu da horrenbeste gatazka. Eskolan argi ikusi dute hori. Leire Dorronsororen iritziz, ulertezina da gaia isilarazteko tema hori. «Gatazka bat dagoenean, egin behar den lehenbiziko gauza zera da: 'Eser gaitezen; hitz egin dezagun'». Bukatu berria du institutua, unibertsitatean ari da orain, eta eskola garaian gaiaz era egituratuan aritzeko erarik ia ez zutela izan azaldu du: «Are gehiago, gaia ateratzen bazen, hainbat irakaslek moztu egiten zuten. 'Kito, bukatu da'. Erradikala zen». Antzekoak sarri ikusi ditu Julen Olaskoagak: «Polemika baztertzeko era bat izan da».

Ez da gazteen sentipen bat bakarrik. Gaia eskoletara eramateko egin diren ahalegin apurrek zailtasunak izan dituzte. Jakina da, esaterako, orain dela bi ikasturte ondu eta eskaini zuela eskualdeko Berritzeguneak estreinakoz unitate didaktiko bat gaia ikasgeletara eramateko. Eta nekez ari dira ezartzen; esperientzia aski politak izan dituzte hainbat ikastetxetan, baina unitatea oraindik aintzat hartu ere ez dute egin hainbat zentrotan. Halaber, tradizioaren izenean dihardutenen partetik protestak izan dira gaia lantzea ebatzi duten profesionalen eta eskolen kontra: ikasleak «doktrinatzea» leporatu diete. Leire Dorronsorok, ordea, gaiaz mintzatzeko foroen premia sentitu du: aldarrikatu egiten ditu. «Gai hau landu beharko litzateke urte osoan, eta, nola ez, landu beharko litzateke eskolan ere. Denbora bat eskaini beharko litzaioke; finean, hemen daukagun arazo bat da. Sarri ari gara aztertzen zer egin beste leku batzuetako arazoetan. Eta hemen gai hau daukagu, eta ez da lantzen? Eta ez da lantzen: guztiz aparte dago. Etikan eta, adibidez, agertzen da berdintasunaren gaia, eta ez dugu baliatzen hori alardeaz ikasgelan hitz egiteko? Ez dut ulertzen».

Eskolako bakardadea

Bostak dira haurtzarotik eta nerabezarotik desfile parekideetako kideak, eta bostek maiz sentitu dute gutxiengoa direla oraindik Irun eta Hondarribian hautu horren aldekoak. Eta gaizki pasatu izan dute. Eskolako oroitzapen mingotsak ditu, adibidez, Bidane Zabalak. «Ni gai honekin oso bakarrik sentitu nintzen; bai ikasleekiko, bai irakasleekiko. Gai hori ateratzeko beldurra neukan. Pentsatzen nuen: 'Txiki-txiki egingo naute'. 'Jan egingo naute'. Ez naiz inoiz izan pertsona bat badakiena defendatzen; batez ere, hitz egiten: segituan kikiltzen naiz. Beraz, nik beldurra neukan gai hori ateratzeko. DBHko 4. mailan ja baneukan lagun bat ni bezalakoa: mistokoa. Orduan sentitu nuen: 'Tira, gaia ateratzen bada, ja ez nago bakarrik'». Nahia Altuna Batxilergoko ikaslea da oraindik. Adierazi du iaz, institutuan, alarde mistoaren aldeko hainbat lagun batera ibiltzen zirela, eta hainbatetan azaldu zietela kontrakoek desadostasuna. Eskuko telefonoan jasotako hainbat mezu zatar ditu gomutan. Txango egun bat ere bai. Gogoan du bezperan alarde parekidearen aldeko pankarta bat azaldu zela institutuko inguruetan, eta aparteko tentsioa eragin zuela horrek: agerikoa. «Alarde tradizionalaren aldeko lagunek ez ziguten hitz egin egun osoan, paso egiten zuten gutaz». Autobusean, alarde parekidearen aurkako mezuak ozendu ziren: «'GBA' [Gora Betiko Alardea esateko siglak] eta horrelakoekin hasi ziren». Eta irainekin. Orain 22 urte lehenengoz alardean ateratzeko saioa egin zuten andreek entzun behar izan zituzten irain haiexek, berriro, egungo nerabeen ahotan: «Bigotudak hasi ziren esaten». Donostian hasi da aurten ikasten; besteak beste, horien guztien ondorioz. Behin irailaren 8aren ostean, gainera, are gotortuago antzeman ditu tradizioaren izenean ari diren hainbat lagun: «Batzuek ez didate hitz egiten: zur eta lur nago. Oso lagun izandakoak dira batzuk».

Oier Dorronsoro DBHko 4. mailan dago aurten. Kuadrillan bera da alarde mistoan ateratzen den bakarra, eta onartu du behin baino gehiagotan gaia saihestera egin duela. Baina amaitu da. «Puntu eta aparte bat egin dut aurten; gauzak argi eta garbi esatea erabaki dut. Ez naiz ergela. Gauzak argi jarri ditut», esan du. «Orain ikasgelan ez naiz mozten; berdintasunaren gaia-edo ateratzen bada, ez naiz isiltzen». Onartzen du ez dela erabaki batere erraza. «Estatusa askoz ere hobea da betikoa [alarde baztertzailearen aldekoa] bazara». Irunen eta Hondarribian gehiengoa dira oraindik. Bat dator Leire Dorronsoro: «Azkenean, betikoak eta besteak dira: gu gara besteak».

Denborarekin ahaldundu egin dela sentitu du Bidane Zabalak. Gero eta gehiago eskatzen du: gutxiespen sentimendua bazterrean utzi nahi du, eta errespetu erabatekoa eskatzen du. «Izan ere, iruditzen zait ilusioa egiten digutela tontakeriak diren hainbat gauzak. Adibidez, desfilatzen zoazela zure lagun betiko bat ikusi, eta agurtu egin zaituela ikusi. Eta sentitu izan dut ikaragarrizko poza: 'Agurtu nau, agurtu nau!'. Ea, zure laguna da. Momentuan, ilusioa egiten dizu, baina gero pentsatzen duzu: 'Ilusioa egin dit agurtu nauelako...'». Bat dator Leire Dorronsoro: «Gainera, esaten dizute: 'Ez, ez, baina agurtuko zaitut'. Jakina, ederki legoke! Ez agurtzea... Eskerrak eman behar dizkizut agurtzeagatik?».

Ezin ulertua

Ia ez dute foro egituraturik aurkitu alardeaz aritzeko. Baina Julen Olaskoagak onartu du gaia elkarrizketetan ateratzen dela, eta hitz bat izaten dutela bereziki ahotan alarde parekidearen aurkako gazte eta nerabeek: tradizioa. Ezin du ulertu. «Nik uste dut 20 urtetik beherakoetan, tradizioa bainoago, buruan zer sartu dieten dela. Txikitatik zer esan dieten. 'Hau horrela da, eta kito'. Barregura ematen dit, 'Tradizioa da', esaten dute. Baina zuk zenbat urte dituzu? 16? 20? Zer tradizio bizi izan duzu zuk? Buruan sartzen ez zaidan zerbait da». Bat dator Nahia Altuna: harriduraz hartzen ditu alarde mistorik nahi ez dutenen argudio eta jarrerak. Bereziki, «feminista» gisara aurkezten badira: «Askotan gertatzen da. Ideal oso feministak dituen pertsona bat ezagutu, ideia horiekin oso borrokalaria dena, eta gero esaten dizu alarde tradizionalekoa dela; lekuz kanpo uzten nau horrek». Nolanahi ere, uste dute beste hainbat gaztek andrerik onartzen ez duen hautuan jarraitzen dutela, giroa epelagoa delako oraindik alde horretan. Leire Dorronsoro: «Nik badakit jendea badagoela gure ideiekin bat datorrena, baina esaten dizute: 'Ateratzen naiz hemen, askoz ere erosoagoa delako'. Aldaketa egiteak esan nahi du kritika pila bat jasan behar izatea, lagunak galdu behar izatea... Badago jendea egoera horretan».

Eta ulertzen dute horren zergatia. Izan ere, bizi sentitzen dituzte orain 22 urte alarde parekidearen kontra zabaldu ziren aurreiritziak eta mezuak. «Hara zer irain erabili zuten autobusean,eskolako txango hartan, gure kontra egin zutenean: Bigotudak», nabarmendu du Altunak. Bat dator Zabala: «Jende askorentzat, mistoa hitza entzute hutsak dakar dena txarra izatea, dena gaizki egotea». Hala ere, uste dute aurten irailaren 8an izan zen tentsioak zenbait pertsona jarrera aldatzera bultzatu dituela. Leire Dorronsorok badu esperantza: «Oso gogorra izan zen, baina iruditzen zait mereziko duela, ekarriko duelako aldaketa bat ja ari dena sumatzen». Tradizioaren izenean gotortuenak are gehiago setatzeko arriskua ere ikusten dute. Zabala: «Egongo da jendea sartuko dena oraindik barrurago, eta ez dena aterako inoiz».

«Klaustroan adostu behar dira irizpideak eta estrategia»

BERRIAn argitaratua (2018/10/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA