gizartea
Gaztelueta: beste justizia bat behar dugu
Alberto Barandiaran
Hori esanda, uste dut Gazteluetako Ikastetxearen kasuan, berriro ere, fokua desbideratu dugula, eta biktima bi aldiz biktimizatu egingo dugula. Uste dut justiziak ez dituela oinarrizko helburu horiek beteko.
Abusuak jasan dituen pertsona bati ezin zaio exijitu frogak edukitzea. Abusuak, oro har, ekintza intimoak dira, lekukorik gabeak. Epaiketa, askotan, abusuak jasan dituenaren kontra bihurtzen da, abusatzailea nagusitasun egoera batean egon ohi delako. Boterea behar baitu abusatzaileak abusatu ahal izateko. Haren hitzak gehiago balio ohi du gizartearen aurrean. Biktima beti egongo da menpeko egoera batean.
Trauma horren pean bizi den pertsona bati ezin zaio exijitu abusuaren xehetasunak behin eta berriro konta ditzala zalantzarik gabe eta irmotasun osoz, epaileak Gazteluetako ikasleari joan den astean, epaiketaren lehen egunean, eskatu zion bezala. Ezin zaio eskatu kontraesanak ez izatea, ezin zaio leporatu hasieran esan zuena zuzendu eta gertaera berri batzuk gehiago eman izana. Ezin da fokua behin eta berriro biktiman jarri. Ezin da bera behin eta berriro epaitu.
Duela ez asko, abusuak jasandako neska batek aitortu zidan urte luzeetan ez zuela abusatua izatearen kontzientzia izan. Trastorno psikikoak azaleratu eta psikiatrarengana joaten hasi zenean, eta hura bere haurtzaroaz galdezka hasi zitzaionean, orduan ageri zela abusuaren kontzientzia, gazteendako udako barnetegi batean gertatutakoa. Trauma bera saihesteko barne mekanismo batek zeharo ezabatu zuen erasoa. Zergatik ez zuen bere garaian salatu galdetuko liokeen epaile bati, zer erantzun?
Horregatik, norberari begira dauden berrogei lagunen aurrean, tartean epaileak, fiskalak, abokatuak, kazetariak, sendiak, kontatu behar baldin baduzu nola behartu zintuzteten masturbatzera, nola sartu zizuten boligrafo bat uzkitik, ezin da exijitu koherentzia, zuzentasuna eta irmotasun erabatekoa.
Cuatrecasas sendia, Gazteluetako abusuen aferarengatik Bilbon hasi den epaiketan «juzgatzen» ari diren sendia, txikitutako familia da. Azken sei urteotan bizi izan duten kalbarioa kontatu zuten, zehatz-mehatz, Iñigo Astizek, Miren Rubiok eta hirurok iaz kaleratu genuen Ez duzu abusatuko liburuan (Elkar). Irakurri nahi duenak epai dezala hor dagoen mina benetakoa den; hor gertatu diren bortxazko egoerak gezurrak diren; familia horrek justizia behar duen edo ez.
Biktimek ez dute hau jasatea merezi. Gai izan beharko ginateke abusuen kasuetan beste babes bat eman eta beste justizia mota bat eskaintzeko. Lortu beharko genuke justizia penala ez izatea sexu abusuak argitzeko bide bakarra. Abusuak jasan dituztenek ez baitute mendeku edo zigor hutsa eskatzen. Sinestea eskatzen dute. Eta beraiei gertatutakoa beste inori ez gertatzea.