astekaria 2018/10/12
arrowItzuli

politika

MARIBEL IZKUE

«Aldatu beharrean, zabaldu egin behar dira botere zirkuluak»

Maider Galardi F. Agirre

«Aldatu beharrean, zabaldu egin behar dira botere zirkuluak»

Asiako herrialdeetan urteetan lanean aritu ostean, 5W aldizkaria sortzen parte hartu zuen Maribel Izkue kazetariak (Donostia, 1976). Atzerrian ikusitakoarekin aletu du andre agintariei egiten zaien estereotipazioa. Sorterrian eman du horren inguruko hitzaldia.

Interneten gaztelaniaz emakume politikariak bilatu, eta lehen emaitza da «emakume politikari ederrak». Esanguratsua, ezta?

Jakina. Emakume agintariak gehiago epaitzen dira azaleko ezaugarriengatik: ahotsagatik, itxuragatik, keinuengatik... Ez dago zalantzarik.

Lidergo politikoa eta maskulinitatea esku-eskutik joan ohi dira.

Espazio politikoa, historian, gizonek okupatu dute, eta, ondorioz, ezaugarri maskulinizatuak hartu ditu. Beraz, espazio horietara ailegatu diren emakumeek eremu maskulinizatu horietan iraun behar izan dute. Irauteko moldatu egin behar izan dute, askotan. Baditugu bestelako adibideak, Zeelanda Berriko presidente Jacinda Ardend, esaterako. Emakume gisa hartu du boterea. Botere zirkulu horiek, aldatu beharrean, zabaldu egin behar dira beste eredu batzuetara.

Emakumeak eta boterea. Bi hitz horiek elkartzea ezinezkoa da askorentzat. Boterea darabilten andreak ez dira sartzen emakume on definizioan.

Hala da. Badirudi boterera heltzen diren andreak odol hotzekoak bihurtzen direla. Hor dugu Angela Merkelen adibidea. Gizonezko agintari bat zorrotza dela esaten dugu; andre agintari bat, berriz, zikoitza da. Estereotipo horiek ez dute bat egiten boterearen ulerkera maskulinizatuarekin. Hori da arazoa.

Bada indarrean dagoen beste estereotipo bat, ezker mugimenduetako emakumeei egotzia: itsusiak, gaiztoak, erradikalak... denetarik entzun ohi dute.

Haien lanari balioa kentzeko esaten diete hori. Itxura hutsagatik epaitzen dituzte. Halere, uste dut ikasten ari garela halako kritikei ahalik eta garrantzi txikiena ematen. Arma politiko bat da, andre agintarien aurka erabiltzen dena. Ezinbestekoa da hori gainditzea.

Emakumeek bakerako joera dutela, elkarrizketarako gaitasun handiagoa dutela, ulerkorragoak direla... Alderantziz gertatzen da estereotipoetara jotzea?

Bai. Ez dugu hitz egiten gizonezko agintariei buruz kolektibo bat izango balira bezala: banaka ebaluatzen ditugu. Aldiz, emakumeei buruz hitz egiten dugunean, badirudi genero osoa errepresentatzen dutela. Emakume adina profil daude, eta horretaz jabetu behar dugu. Ezin da deigarria izan emakume agintariak egotea. Epaitu dadila norbanakoa.

Okerrak edo delituak egitea ez da gauza bera gizonentzat edo emakumeentzat. Zer gertatzen da ustelak izan diren andre agintariekin?

Argi-ilunak daude edozein agintariren ibilbidean, baina badirudi andre izate hutsagatik dena zoragarria dela. Ez da hala: emakumeek okerrak egiten dituzte, eta lan politiko txarra egin dezakete, gizonezkoen moduan. Horrekin hausteko, beharrezkoa da andre gehiago egotea boterean, eredu onak eta txarrak ezagutzeko.

Pedro Sanchezen gobernua «feministatzat» aurkeztu zuten. Eusko Jaurlaritzak ere berdintasun politikak egitea lehentasuna dela dio. Goi postuetan, ordea, gizonezkoak daude.

Sabai ikusezina hor dago. Bide onetik goazela dirudi, baina mugak hor daude oraindik, eta oso geldo ari gara aurrera egiten. Behetik hasi behar gara eragiten. Botere karguetan andreak egotea garrantzitsua da, baina are emakume gehiago behar dira, oraindik gutxiengoa baitira. Ez da prestatuta ez gaudelako, kultura hori existitzen ez delako baizik.

«Eusko Jaurlaritzan emakume gehiago egote hutsak aldatzen al du zerbait?», horra Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak botatako galdera. Zer iritzi duzu?

Emakume gehiago egoteagatik bakarrik ez dira egingo genero ikuspegiko politika gehiago, baina posible da andre horiek sentsibilizatuago egotea gai horiekin. Hori bai, politika horiek ez dira soilik andreentzat. Alegia, kontua ez da andre politikariak egotea «andreen gauzak» egiteko. Gizartearen erdia gara, eta, ondorioz, guztioi eragiten digu honek.

Komunikabideek indartzen dituzte estereotipoak, baina politikarien artean halako irainak egiten dituzte. Andoni Ortuzarrek ezker abertzalekoen orrazkerari erreferentzia egin zion behin. Luis Zarraluqui UPNko parlamentariak esan zion Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileari «ederra» zela.

Kanpokoa barruan gertatzen denaren isla da, eta arlo politikoan ere badago hizkuntza sexista hori. Batzuetan nahitara erabiltzen dira irain horiek, tresna politiko gisa. Gainditu beharreko pentsamendu sexista da, baina ez soilik esparru politikoan. Beste hainbat arlotan gertatzen da, eta komunikabideek hori elikatzen dute. Edonola ere, orain behintzat badago eztabaida hori.Lehen, normalizatuta zeuden halako esamesak; orain, adi gaude.

Prozesu demokratikoen bidez hautatutako andre agintariei buruz jardun duzu, baina hitz egin liteke demokraziaz botereguneetan hain emakume gutxi egonda?

Eztabaida sakona da hori. Demokraziaz ari naizenean, diodana da herritarrek hautatutakoak izan direla. Demokrazia zer den eztabaidatzeak luze jo dezake. Oinarrian dago botorako eskubidea izatea, eta andre asko luze borrokatu ziren hori lortzeko. Egin behar dira urratsak hala ere: garrantzitsua da hezkuntzaren eta komunikabideen lana. Informazio egokirik gabe bozkatzea demokrazia justu bat da? Egia da ez dela, baina bada abiapuntu bat.

Zuk, ordea, esan duzu emakumeak agintera heltzeko aukera berdintasuna sustatu behar dela. Halako aukerarik ez badago, ez da oso prozesu demokratiko sakona, ezta?

Ados. Uste dut aldebiko kontua dela. Batetik, andreek sinistu behar dute boteregune horietan egon behar dutela, eta, bestetik, sistema aldatu behar da halako inbuturik ez sortzeko. Hori aldatzen ez den bitartean, ezingo dugu prozesu demokratiko orekatuei buruz hitz egin.

BERRIAn argitaratua (2018/10/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA