gizartea
Isuria odoluste bihur ez dadin
Ion Orzaiz
Atzo goizaldean aurkeztu zuten txostena, Itxeong hirian (Hego Korea) eginiko goi bileran.
ZER DIO TXOSTENAK?
Klima aldaketari buruzko 2015eko Parisko Akordioaren helburuak betetzeko zer aukera dagoen aztertu dute IPCCko adituek. 2100. urterako lurrazaleko tenperatura orokorra 2 gradu ez igotzea jarri zuten gutxieneko helburu gisa goi bilera hartan, eta, ahal dela, 1,5 gradura ez iristea. Bigarren aukera hori da IPCCk hobetsi duena, klima aldaketaren ondorioak «nabarmen» arinduko dituela iritzita. Txostenak, baina, zalantzan jarri du helburu hori lortzeko beranduegi ez ote den. «Berotze globala 1,5 gradura mugatzea posible da kimikaren eta fisikaren legeak aintzat hartuta, baina, hori egiteko, inoiz ez bezalako aldaketa zorrotzak egin beharko dira mundu osoan. Ez da ezinezkoa, baina bai oso zaila», laburbildu zuen atzo IPCC taldeko ordezkari Jim Skeak.
ASKO FALTA DA TENPERATURA 1,5 GRADU IGOTZEKO?
Ez asko. Espero zen baino bizkorrago ari da igotzen tenperatura: berotegi gasen isurien eta energia ekoizpenaren eta kontsumoaren erritmoari eutsiz gero, lurrazaleko tenperaturak 2030. eta 2052. urteen artean gaindituko luke 1,5 graduen langa. Horrek esan nahi du hamabi urte eskasen buruan ezinezko bihurtuko dela Parisko Akordioan 2100. urterako jasota zegoen helburu nagusia. Are: gas isuriak eten eta CO2-a ezabatzeko neurriak hartzen ez badira, eta egungo kontsumo erritmoan jarraitzen bada, berotze globala 3 gradukoa izanen da XXI. mendearen bukaerarako. Horrek «ondorio katastrofikoak» izanen lituzke, IPCCko adituen arabera.
Egiazki, dagoeneko nabari dira klima aldaketaren ondorioak. Beroketa globala neurtzeko, NBEko zientzialariek erreferentzia gisa hartu dute Lurraren industrializazioari ekin aurreko tenperatura: XIX. mendearen erdialdeko batezbestekoak, alegia. Eta, datu horrekin alderatuta, planetaren tenperatura gradu bat berotu dela ondorioztatu du IPCCk. Estatistikei erreparatuta, azpimarratu dute berotze hori bizkortu egin dela 1950eko hamarkadatik aurrera, petroleoaren eta gasaren ustiatzea orokortu izanaren ondorioz. Zehazki, 0,17 gradu hazi da batez besteko tenperatura hamarkadako. Gorabeherekin, baina berotze orokorra esponentziala eta jarraitua da. Etenik gabekoa.
Horrez gainera, batez besteko tenperatura horien gainetik dauden tokietan bizi dira, dagoeneko, Lurreko biztanleen %25 inguru. Planetaren ipar partean eta latitude altuetan bereziki, urtean behin baino gehiagotan gainditzen dute 1,5 graduko muga.
ALDE HANDIA DAGO 1,5 ETA 2 GRADUKO IGOEREN ARTEAN?
Lehen begi kolpean, ez dirudi ondorio handirik izanen duenik berotze orokorra 2 gradura mugatzeko helburutik 1,5eko langara jaisteak, baina, IPCCko adituen arabera, badago aldea. Eta milioika pertsonari eraginen lioke helburu bat ala bestea ezartzeak.
Alde batetik, itsasoaren maila 10 zentimetro igoko litzateke, batez besteko tenperatura 1,5etik 2 gradura haziz gero, eta horrek uholde bortitzak pairatzeko arriskuan jarriko lituzke 10 milioi pertsona gehiago. Horrez gainera, NBEko zientzialarien arabera, berotze globalak eragindako kalteak «larriagoak izanen lirateke osasunaren, lehengaien, elikagai segurtasunaren, ur emariaren, segurtasunaren eta hazkunde ekonomikoaren esparruetan».
Uholdeez gainera, bero sasoiak ugaritzeko arriskua ere handiagoa izanen litzateke; bero egun gehiago izanen lirateke tropikoetan; ur eskasia handituko litzateke -Europa hegoaldean eta Mediterraneo inguruan, batez ere-; lehorte sasoiak ugarituko lirateke hainbat lekutan; zikloi tropikalak bortitzagoak izanen lirateke...
Groenlandiako eta Artikoko izotzaren galera ez da etengo tenperatura 1,5 edo 2 gradu igota ere, baina helburua 2 graduan mantentzeak kalteak «anplifikatu» eginen dituela uste dute zientzialariek: «Artikoan, izotzik gabeko udak hamar bider ugariagoak izanen dira Lurraren tenperatura 2 gradu haziz gero».
Badira diferentzia gehiago ere: animalia eta landare espezieen galera geldiezina izan arren, kaltea handiagoa izanen da tenperatura igoera zenbat eta handiagoa izan: landareei, ornodunei eta zomorroei, guztiei eraginen die, eta, tenperatura 2 gradu igotzen bada, espezieak galtzeko arriskua %50 handiagoa izanen da. Itsaspeko koralak ere erritmo bizian ari dira galtzen, baina hondamendia zertxobait mantsotzeko aukera azpimarratu du IPCCk: «Beroketa globala 1,5 gradura mugatuta, koralen %70-90 desagertuko dira; 2 graduko igoerarekin, ordea, ez da arrastorik ere geldituko».
ETA HORREK NOLA ERAGINEN DIE GIZAKIEI?
Berotze globalak ez die eraginen ingurugiroari eta ekosistemei soilik. Baita mundu osoko gizarteei ere. Ekoizpen eta kontsumo moduei ere bai, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorean batez ere.
Pobretuta edo baztertuta bizi direnek hartuko dute kolperik latzena, eta, horiekin batera, baita irla txikietan edota nekazaritza jardueren menpe bizi direnek ere. Klimari eta eguraldiari lotutako hondamendiei lotutako giza desplazamenduak %90 ugarituko dira XXI. mendean, azken hamabost urteko datuekin alderatuta, eta malariaren eta dengearen gisako infekzio gaixotasunak zabaltzeko arriskua «era esponentzialean» handituko da.
ZER PROPOSATZEN DUTE?
«Badugu albiste on bat: berotze globala 1,5 gradura mugatzeko beharrezkoak diren neurrietako batzuk abian dira jada mundu osoan. Arazoa da gobernuak mantsoegi doazela, eta prozesua bizkortu beharko dutela, nola edo hala». Horrela laburbildu du auzia IPCC taldeko ordezkari Valerie Masson-Delmottek. «Gehiago egin behar da, eta azkarrago, beranduegi izan baino lehen».
Klima aldaketari aurre egiteko neurriek «zorrotzak, drastikoak eta berehalakoak» izan beharko dutela ondorioztatu dute zientzialariek. CO2 isuriak, esate baterako, erdira murriztu beharko lirateke 2030erako, eta XXI. mendearen erdialderako, berriz, zerotik hurbil egon beharko lukete. «Energia sistemen, sistema urbanoen eta lurralde antolaketaren trantsizio azkar eta zorrotza» beharko dela azpimarratu du IPCCk.
Energia trantsizioa ere giltzarri izanen da datozen hamarkadetan, NBEko adituen arabera. Energia kontsumo handiko industrian eta garraio sistemetan «erroko aldaketak» egin beharko direla uste dute, «gaur egun berotegi gas asko isurtzen baitute». Bestalde, txostenak propio aipatzen ditu zero zabor politikak eta ekonomia zirkularra, jarraitu beharreko adibide gisa.
Erregai fosilen murrizketari dagokionez, helburu argiak ezarri ditu IPCCk. Besteak beste, aipatzen du elektrizitatea sortzeko ikatza erabiltzeari utzi beharko litzaiokeela 2050eko hamarkadan. Urte horretan, mundu osoan ekoitzitako elektrizitatearen %70-85ek berriztagarria izan beharko luke. Energia nuklearra ere aipatzen dute adituek, baina kopuru zehatzik eta kuotarik ezarri gabe. Energiaren sektoreko helburuak bete ahal izateko, Nazio Batuen Erakundeko kideek 900.000 milioi dolarreko inbertsioa (783.563 milioi euro) egin beharko dutela kalkulatu dute.
ZER DIOTE GOBERNUEK?
NBEko kide diren estatuetako gobernuen artean ez dago adostasunik. Teorian, bat datoz gas isuriak murrizteko eta energia-kontsumo ereduak aldatzeko helburuekin, baina, orain arte, ika-mikak azaleratu dira neurri zehatzak bozkatzeko garaian. IPCCren txostena egitea ere eztabaidagai izan zen, 2015eko Parisko Akordioaren ostean. Katowicen (Polonia) heldu den abenduan egitekoa den klimari buruzko goi bileran aztertuko dute auzia. Hori heldu baino lehen, ordea, klima aldaketa mintzagai izanen dute Europako Batasuneko Ingurumen ministroek, bilkura eginen baitute gaur Bruselan, autogintza industriako ordezkariekin. 2030etik aurrera ezarriko dituzten CO2 murrizketez eztabaidatuko dute. Eta han ere, zatiketa: murrizketa apala eskatu du Alemaniak. Frantziak, berriz, «ausartagoa».
«Txostenak argi utzi du: geldi egoteak eragina izango du»