astekaria 2018/10/12
arrowItzuli

iritzia

Haizearen langen gainetik

Anjel Lertxundi

Haizearen langen gainetik Anjel Lertxundi

Merezi bezain kopeta beltzez.

Uda partean, nazka sapaz entzun ditugu herrietako festetan izandako eraso sexualen albisteak, eta ez ezetz da! edo ez beti da ez irakurri dugu gure plazetan gaztelaniazko no es no! esloganaren bidetik, eta, ditxaz, hasieran erabili zuten itzulpen literala baztertuta: ez ez da irakurtzen genuen pankartetan, baina euskararen belarriek ez, ez da entzuten zuten. Komarekin. Horratx ordea: bi formulek —ez ez da eta ez, ez da— kontrajarria dute esanahia: komarik gabeko ezak eza bera du baiespen; komadunak, ordea, auto-erreferentziatik kanpora bidaltzen du ezetza: urlia ez, ez da prenda ederra; saldu nahi diguna ez, ez da berdintasuna... Kontua ez, ez da xehekeria: hasieran, manifestariek itzulpen literal komarik gabea oihukatzen zutenean, esan nahi zutenaren justu kontrakoa (ez, ez da) entzuten zuten euskararen belarriek. Karl Krausek koma baten faltari egozten zion japoniarrek Shangai bonbardatu izanaren motiboa.

Esloganok entzuten hasi nintzenetik oroian dut Bilintxen Juana Bixenta Olabek nagusi jaunaren probokazioari eman zion ezezkoa: «Ez, jauna, ez, ez, merezi bezain kopeta beltzez esango diot ezetz eta ezetz!». Beste garai bateko erantzun luze erretoriko bat da, jaunka eta berorika emana, eta ez, ez du ez lekurik ez estimurik gure garai twitter zalean, seguru asko ezta ukitu rapero ironikoa emango bagenio ere, baina... Baina beharrezkoa da pentsatzea beti esan daitekeela esan dena baino zerbait zorrotzagoa, hizkuntzak beti dauka beste koska bat estutu eta gauzak adierazkorrago emateko ahalmen noranahikoa. Beharrezkoa da galdetzea zergatik beti ere beti denok ezagutzen dugun hizkuntza bateko eslogan bat hitzez hitz ekarri behar/nahi dugun euskarara, hori ez denean fideltasuna, morrontza baizik. Eta, ororen gainetik, beharrezkoa da sinestea hizkuntza propioaren erraietan bilatu behar dela hitzen magia. Arazoa ez da, enegarrenaren enegarrenez, hizkuntza, hiztunok baizik.

Errutina makabroaren kontra.

Ezetz esateak balentria larria eskatzen du hainbatetan, heriotzerainokoa maiztasun tamalezkoan: Maguette Mbeugouk ezin dio jada ez beti da ez! esan bere hiltzaileari. Eta horra non Juan Luis Ibarrak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak, esan berri digun Justiziak, letra larriekin, porrot egin duela Mbeugouren kasuan. Ez zuen deus esan justiziaren porrot endemikoaz genero indarkeriaren aurrean. Justiziaren begirada hegemonikoa gizonezkoena izatea ez dabil urruti esplikazio nagusitik: kuota kontuetan ez dira tamalez kuota mentalak kontabilizatzen.

Aresti parafraseatuz, gizonezkoena da munduaren neurria, eta Justiziaren begirada txit guztiz arra lekutan dago oraindik esloganaren ifrentzua zuzen interpretatzetik: bai, baietz da beti? Justiziak jakin behar luke ezetz: baiezko bat izan daiteke derrigortua, izuak eragina, esklabutzaren zerga, putetxe batean bezala aurki daitezke baiezko bortxatuak logela burgesenetan ere, tartean hainbat epailenetan... Izan adore eta emaiozu ezezko biribila inguratuta zauzkan zakil-aldra bati, total eginda etxeratu den bikotekideari, soldata miserablea ematen dizun nagusi lizunberari, basoerdi bat zerbitzatzerakoan lerde-jario aritu zaizun bezeroari... Erabilitako adibide guztiak dira errutina makabro baten emaitza bistakoak: gure dibertimendu-kulturak aise irentsi eta aire hauspotzen ditu, matxismoaren apologia egitearen kontzientziarik gabe. Egon badaude, halaber, baiezko normal usteak ere mikro-mirabetzak ezkutatzen dituztenak: eguneroko bizitzaren tikak dira, errutinak dira, herdoilak dira, eta horrexegatik detektatzen dira nekezago. Esate baterako: emakume askoren kapritxoa da ala beren morfologia atabikoan dago beti norbaitekin joan beharra taberna bateko komunera, konpainian egitea korrika goizeko ordu ilunetan, lagun baten besotik erretiratzea asteburuetan? Esate baterako: hi ez haiz gizona!, esaten dugu gaitzespenez, horrekin adieraziz halako ez dela leial fidagarria, ez dela hitzekoa eta pieza batekoa. Esaldia gardena da, ez du anbiguotasunik: mundualdia egiteko eredu behinena da gizon izatea. Aldiz, arrotza egiten zaigu «hi ez haiz emakumea!» espresioa, baina halakorik entzungo bagenu, zer nolako emakume-eredua letorkiguke espresiotik? Nago ez dela Bibliako emakume fuertea, feminitate katoliko-burgesaren arauak segitzen dituena, andre desinhibitu kaskarinak mespretxatzen dituena...

Hizkuntza bakoitzak begi bere-bereak.

Handia da feminismoak mundu biran hartu duen martxa; hemengoa ere sekulako ahaleginean dabil, haizeari langak jartzea baino areagoko bulkadaz, eta gizonezkoen hegemoniak monopolizatu izan duen plazan gainera: pentsamenduaren alorrean, bai paperan eta bai sarean, sorkuntza lanekin bezala itzulpenekin ere... Eta euskaraz. Estrategikoa da erronka, uhina debate publikoan dago, eta hiztunon jarduna ia oharkabetasun osmosikoan ari da bereganatzen fenomeno sozial eta kultural berri batek berarekin ekarri ohi duen hiztegia; eta hiztegiarekin, noski, edukiak.

«Hizkuntza bakoitzak bere begi propioak ditu» dio Herta Müllerrek. Hizkuntzak mundu jakin bat eraikitzen du, berea, eta ez beste bat. Gure lurraldeko hiru hizkuntzetako hiztegiek baliokidetzat dauzkate gurasoak eta padres, gurasoak eta parents, baina ez dira: gurasoak dioenak modu parekatu batean kontsideratzen ditu aita-amak; padre edo parents dioenak, aldiz, aitaren presentzia markatzen du, in absentia dago amarena.

Hizkuntza batek beti berak ditu begiak, baina begirada ez: garaian garaikoa du soa, hizkuntza izatez baita malgua, aldakor moldakorra: sasoi historiko bakoitzaren botere-harremanak islatzen ditu, ideologien araberako jardunak ehuntzen, aro berri bakoitzeko fenomeno berriak izendatzen eta zaharrak birkokatzen. Alditan oso ahul ageri da eta inguruko hizkuntzetatik edaten du etengabe; alditan, ordea, bere baitatik ateratzen du indarra begirada propioari eusteko.

Baina hara non gure hainbat hiztun aitak esaten hasita dagoen gurasoak esan ordez: galera lexiko, morfologiko eta sintaktiko askok galera (atzerapauso) ideologikoa darama altzoan. Guretzat behar genuke Heinrich Böllek beretzat zeukan zeregina: hizkuntza bizigarri bat nahi dut egin herri bizigarri batean.

(Gaurko artikulu honek datorren igandean izango du segida)

BERRIAn argitaratua (2018/10/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA