astekaria 2018/10/12
arrowItzuli

iritzia

Laikotasuna gurean

Itziar Diez de Ultzurrun

Laikotasuna gurean Itziar Diez de Ultzurrun

Aurten Nafarroako ikastetxeetan islama ikasteko aukera zabaldu da lehen aldiz. Nerabezaroan, kristau fedea galdua nuela erabaki nuenean, uste nuen nire inguruko jende zentzudun orok goiz ala berandu erabaki bera hartuko zuela eta denek nik bezain garbi ulertuko zutela jainkoa gizakion asmakizuna besterik ez zela. Zientziaren argiak ez zuen zalantza izpirik uzten. Hortaz, nire buru gaxte eta ustez jantziak pentsatzen zuen noizbait ikusiko genituela estatu egiaz laiko batzuk zeinetan erritu eta ospakizun katolikoak etxezuloetan edo elizetan eginen ziren, gure begi ilustratu minberak ez iraintzeko moduan.

Susmoa nuen ez zela erraz ezabatuko gure tradizio aunitzetako substratu katolikoa, baina aztarna horiek ondare kulturalaren partetzat jo eta, hein batean, onargarriak begitantzen zitzaizkidan, epe motzean bederen. Ordea, erlijioa eskoletatik kanpo egon beharra zegoela uste nuenez, ikastolako azken urteetan ez nintzen abesten aritu Mikel Aingeruari ongietorria egiteko, baina Nafarroako Unibertsitatean ez nintzen ausartu teologia irakasgaia ikasteari uko egiten, kontzientzia eragozpena baino sendoago izaki ondorioei nien beldurra.

Urteen joanean ikusi dut nire inguruko jende zentzudun guztiak ez duela nire bilakaera bera izan: batzuk agnostiko bihurtu dira, beste batzuek fede katolikoari eutsi diote eta orduko ateo zenbait aitaren etxera itzuli dira. Gainera, nire inguruko jende zentzudunaren artean egun badira beste erlijio batzuetako fededunak. Jainkogabeak ugaritu gara, eta inguruan ditugun fedeak ere bai. Horrek, nire ustekizunak oker zirela erakusteaz gain, are arazotsuagoak egin ditu orain arteko zenbait eztabaida, erlijioa eskoletan irakastearen gainekoa esaterako.

Aitortu behar dut egun ez dudala uste garai batean bezain irmo erlijioa ikastetxeetatik kanpo egon behar denik derrigor, baina garbi dut, Hedoi Etxartek egunkari honetan bertan orain dela hilabete esan legez, ezen doktrina katolikoa ikasteko aukera dagoen bitartean islama ere ikasteko aukera egon beharra dagoela. Ezin da laikotasuna bermatu ez eta, aldi berean, talde batzuk bazterrean utzi. Tamalez, laikotasunari buruzko eztabaida ez da oso oparoa gurean eta, horregatik, gure estatuetan ez du orain arte arazo berezirik sortu jai egun gehienak festa kristauak izateak edo gure kale izendegietan zeruko santuek eta santek batez ere santuek duten leku zabalak, baina kontu horiek ez dira segur aski arras bateragarriak kontzientzia askatasunak beharko lukeen esparru publiko neutralarekin. Nagusitasunak holakoxe abantailak ditu, hark ezarritakoak hain hartzen ditugu naturaltzat, non ez zaizkigun deigarriak egiten eta, horrenbestez, kosta egiten zaigu auzitan jartzea.

Islama gure eskoletan irakastearen kontra dauden batzuek gizon eta emakumeen berdintasunaren kontra doan erlijioa dela argudiatzen dute eta ezin hauspotu daitekeela gure gizartearen printzipioetako baten aurka doan sinesmenik. Tranpa egitea da hori, zeren ez baita eliza katolikoa sakon aztertu behar argudio horixe baliatzeko doktrina katolikoa eskoletan debekatzeko. Hierarkia eta oinarrizko komunitateak bereizi behar direla diote aunitzek, baina ezin ukatuzkoa da emakumea oraindik ere bigarren mailakoa dela eliza katolikoan eta andre maria guztiz garbiak, hierarkia katolikoan goren dagoen emakumeak, ez dirudiela oso eredu egokia emakumeen askapen eta ahalduntzerako. Kataluniako El Vendrell herriko udalak Ball de Diables talde bat debekatu du berriki ez dituztelako emakumeak dantzan onartzen. Gure laikotasun berdinzalea antzeko neurriak hartzen hasteko bezain heldua denean izanen dugu zilegi beste sinesmen batzuei berdintasunaren zigilua eskatzeko. Aunitz dira zentzuduna izateko erak.

BERRIAn argitaratua (2018/10/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA