astekaria 2018/10/12
arrowItzuli

ekonomia

LOLI GARCIA

«Zenbat aldiz eskatu dugu elkarrizketa herri honetan? Hori bera eskatzen ari gara»

Xabier Martin

«Zenbat aldiz eskatu dugu elkarrizketa herri honetan? Hori bera eskatzen ari gara»

Apirilaren 20tik irailaren 27ra egon da CCOO Elkarrizketa Sozialerako mahaitik kanpo. Jaurlaritzak Confebaskekin egindako enpleguari buruzko ituna hautsi gabe ez zela itzuliko esan zuen Loli Garciak (Barakaldo, 1968). Badago adostasuna hiruko espazio hori abiarazteko berriro.

Nork eman du amore, zuek ala Jaurlaritzak?

Ituna onartezina zen, eta guk bi baldintza jarri genituen mahaira itzultzeko; tinko eutsi diegu haiei: akordioa atzera botatzea eta haren edukiak ezabatzea, ez eramatea mahaira eztabaidatzeko. Akordio berriak dio aldebikotasunean egindako ituna ez dela martxan jarriko.

Bazter utziko dute?

Ez da martxan jarriko. Ez da nork eman duen amore, baizik atzera egin dela.

Jarrerak argiak ziren; zuek ez baduzue atzera egin, Urkulluk eman du amore.

Lehendakariak berak onartu du bere okerra.

Zenbat aldatuko da Elkarrizketa Sozialerako Mahaian patronalak eta gobernuak egin zuten itunaren edukia?

Ez zuten edukian askorik sakondu. Gobernantza kontseilu batek garatu behar zuen; gaiak zerrendatu zituzten, guk aurretik mahaian bertan egindako ekarpena baliatuta, baina hor geratu ziren. Dena den, ez gara hasiko alderatzen guk egingo duguna eta haiek egin zutena. Akordio hori ahaztua dago, ez dago jada.

Patronaleko kide batzuek pribatuan esan dute okerra izan dela itun hori mahaitik kanpo egitea, hori bera aterako zela mahaian aurkeztu izan balute.

Ez. Oker dabiltza. Gaiak zerrendatzea ez litzateke guretzat nahikoa; edukiak garatu behar dira, eta hor egongo dira desadostasunak. Ez goaz mahaira adierazpen handinahiak egitera, akordio zehatzak egitera baizik.

Elkarrizketa sozialeko dekretuaren atarian abiatu da berriro mahaia. Dekretuarekin ados zaudete?

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren emaitza da dekretu hori, 2016ko uztailekoa. Parte hartze instituzionala arautzeko lege bat nahi genuen, legebiltzarrak eztabaidatu eta erabaki behar baitu sindikatuek eta patronalak zer rol jokatu behar duten politika publikoak erabakitzean. Dekretua bide horretara abiatzeko konpromisoa da.

Babesten duzue, hortaz?

Babesten dugu sindikatuek, gobernuak eta patronalak elkarrizketak edukitzea normaltasunez eta modu iraunkorrean.

Mahai bat osatzeak ez dakar akordioa ezinbestean. Azken urteetan ikusi da.

Ez dakar ezinbestean, jakina.

Esan zenuten, ordea, bakarrik argazkian egoteko ez zinetela mahaian egongo.

Baina akordio garrantzitsuak egin ditugu.

Adibidez?

Errelebo kontratuaren laguntzen inguruko akordioa, gazteen bekak kontratu bihurtzekoa, eta sektore arteko euskal esparru akordioa; mahaian dauka oinarria.

Mahaitik kanpo egin zen hura, ELA eta LAB ez daudelako mahaian, eta haiek gabe ez dagoelako itun hori.

Bai, baina guk lortu genuen patronalaren iritzia aldatzea, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, 2016an. Sindikatu horiek ez ditu inork bota mahaitik: haiek joan dira.

Baina mahatik kanpo egin zen.

Confebaskek iritzia aldatu zuelako mahaian, aurretik.

Dekretuak dio Jaurlaritzak sindikatu bakar baten oniritziarekin onar ditzakeela legeak, sindikatu horren ordezkaritza edozein dela ere. Ados horrekin?

Jaurlaritzak nahi duen legea onar dezake, legebiltzarra tarteko, eta sindikatuak alde batera utzita. Mahaiaren helburua da ahal den kontsentsurik handiena lortzea, baina ez da beti lortuko. Kasu horretan ere gobernuak onartu ahal izango ditu legeak. Gero emango dugu guk gure iritzia, baina hori ezin da aldatu. Dekretuaren helburua da sindikatuak aintzat hartzea hainbat lege egiteko.

UGTren %10eko ordezkaritza nahikoa luke gobernuak zilegitasun sindikala lortzeko. UGTk argi zuen mahaira itzuliko zela; zuek ez hainbeste. Eta mahaitik kanpo geratu izan bazinate?

Kanpoan bageunde, akordioen edukiei buruz ariko ginateke, baina zalantzan jarri gabe akordioa erdietsi duen euskarria.

Ez zenukete ezbaian jarriko atal sindikalak ordezkaritza txiki batekin emandako zilegitasuna?

Badakit nora nahi duzun heldu. Jakin nahi duzu ELA eta LAB mahaian ez daudenez, zer-nolako zilegitasuna lukeen guk eskainitako babesak. Gauza bat esango dizut: parte hartzeari uko egin diote, dekretuarekin eta dekreturik gabe. Sindikatu horiek ez dute aitortzen espazio hori. ELAk aldebiko harremana nahi du gobernarekin. Harreman hori hautsi egin zaio, ordea, eta bidezkoa da.

Zergatik da bidezkoa?

ELAk bere ordezkaritza dauka, eta ez dio inork ukatuko. Mahaira joan daiteke, baina besteak ere hemen gaude; ez du zertan esklusibotasuna eduki. Nik denekin eseri nahi dut, eta nire iritziak izango dute pisu jakin bat, ados.

Ez da egunero ikusten Urkullu atzera egiten aurretik hartutako erabaki batean. Ez al da islatu CCOO eta UGT mahaian eserita edukitzeko haren beharra, ELA eta LABen ordezkaritza handiagoari izkin egiteko?

Bere konpromisoa zen elkarrizketa soziala gauzatzea akordioak bilatzeko. Mahai horretan ez dago betorik inorentzat. Berak onartu du bere okerra Confebasken itunari dagokionez. Horrek ez dauka zerikusirik ELAk eta LABek mahaiari muzin egitearekin.

Ez zeukan behar politikoa mahaia berriro osatzeko ELA eta LABen konfrontazio argia kontuan hartuz?

Lan harremanen esparruan normaltasuna nahi badu, bai; behar politikoa zuen, jakina, hiruko topagune bat martxan jarriko bazen. Baina beste batzuek erantzun beharko dute zergatik ukatzen dituzten halako topaguneak alternatibak ez badaude.

Zergatik uste duzu?

Ea... Gatazka handi bat dagoenean enpresa batean, enpresarioak ez duelako ezertxo ere negoziatu nahi, greba mugagabea abiatu daiteke; pentsa sindikatuek esango balute ez dutela enpresariarekin eseri nahi, ez dutela ikusi ere egin nahi. Inork ere ez du egiten hori. Lan gatazka batean gure betebeharra da gatazkari irtenbide bat ematea, eta, horretarako, beste aldearekin eseri behar dugu. Eraman hori politika publikoen esparrura. Mahaia baizik ez dugu hitz egiteko hiru aldeek.

Ez al da, bide batez, bake sozialaren argazkia eskaintzen?

Ez, inondik inora. Lan harremanak nola garatzen diren, horren arabera lortuko da bake soziala, baina, bitartean, negoziatu beharra dago.

Sindikatu abertzaleek diote Jaurlaritzak propagandarako baliatzen duela argazki hori.

Begira, abiapuntu horiek ustelak baino ustelagoak dira. Benetan esaten dizut. Zenbat aldiz eskatu dugu herri honetan elkarrizketa? Eta posizio desberdinetatik, gainera. Akordioak egiten saiatzeko espazioak behar ditugula oraindik azaldu beharra ere... Horixe bera eskatzen aritu gara, baita indarkeria zegoela ere. Guk hala eskatu dugu beti. Zergatik orain ez lan harremanetan? Esertzeak ez dakar guztiari amen esatea.

ELA eta LABekiko arrakalak inoiz baino handiagoa ematen du.

Guk ez diogu utzi kalera ateratzeari. Aste honetan, AHTaren lanetan behargin bat hil da. Sindikatu guztiak bat gatoz zergatik gertatzen diren istripuak eta nortzuk diren haien arduradunak; zergatik ez goaz pankarta bakar batekin?

Zergatik?

Ez dutelako nahi. LABi esan diogu elkarrekin joan behar dugula, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Nola dago negoziazio kolektiboa? Zergatik ez goaz elkarrekin indar egitera? Nik ez diet exijituko independentziaren aldekoak izateari uzteko. Gero esango dute estatu mailako itunak zabaltzen ari direla Euskadin, eta, bitartean, negoziazio kolektiboa geldirik, batez ere Gipuzkoan. Ez dut gehiegi aurreratu nahi, zapuztu ez dadin, baina proposamen zehatz bat prestatzen ari gara arlo horretan beste sindikatuei helarazteko.

Estatalizazioaz ari garela, orain urtebete ez zenuen egia esan ostalaritzako euskal akordio esparruaren inpugnazioa zela eta. Esan zenuen CCOOk ez zuela inpugnatuko, eta handik hiru egunera horixe egin zuen.

Esan nuen Euskadiko CCOOk ez zuela inpugnatuko; guk ez dugu inpugnatu.

Esango nuke ez zela egon ñabardura hori, baina CCOOk inpugnatu du, Unai Sordo idazkari nagusi duen sindikatuak.

Gu konfederazioa gara, eta guk ez dugu inpugnatu. Ahaleginak egin genituen hori gerta ez zedin, baina erabakia ez zen gurea izan. Eta Unai Sordo dago idazkaritzan, eta haren alboan Mari Cruz Vicente, negoziazio kolektiboan, eta sinetsidazu: ez dugu inolako interesik estatalizazioa bultzatzeko. Baina, hori bai, hobe estatu mailako itun bat, ezer ez baino.

Ematen du estatalizazioa ez dela inoren ardura, kasik naturala dela edo...

Euskadin arazo bat dugu: gezur bat mila aldiz errepikatzean egia bihurtzen dela ematen du. Sistema hori badakigu noiz eta nork asmatu zuen. Ez dut gehiago esango, interpretazio okerra emango diotelako honi.

Goebbelsi buruz ari zarela dirudi.

Bai.

Ez du ematen egungo egoeran negoziazio kolektiboan urrats handiak egingo direnik.

Zaila da ELAk duen estrategiarekin. Negoziazio kolektiboa utzi du enpresan aritzeko, bakarrik bere afiliatuen alde aritzeko.

Ardura handiak egozten dizkiozu ELAri, ezta?

Ez da beste sindikatuak bezalakoa. ELAn bost pertsonak hartzen dituzte erabakiak, estrategia jakin bati jarraikiz. ELAn ezin dira zerrenda alternatiboak aurkeztu zuzendaritzarako. Txiki Muñoz badoa, eta haren ordezkoa hark izendatuko du.

ELAren izaera demokratikoa ezbaian jartzen ari zara?

Bai, noski, modu argian, gainera, beti esan dugu eta. Parte hartzeaz ari direnean, demokraziaz alegia, begira dezatela barrura. Egungo zuzendaritzak erabakitzen du nor den hurrengo zuzendaritza. Gu, berriz, ordezkarien %10en babesarekin kongresura joan gaitezke zerrenda alternatibo batekin, eta zuzendaritzan sartu.

Baina ELAk duen egungo ordezkaritzari, nagusia izanik sindikatuen artean, zilegitasuna kentzen diote bere barne araudiek?

Ez, noski. Baina ez diezaiotela demokrazia leziorik eman inori, ez behintzat guri.

BERRIAn argitaratua (2018/10/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA