kultura
Davisen kolpe berria, kulturan eta politikan
Itziar Ugarte Irizar
«Tituluak hiru hitz dauzka, hemezortzi ezin direlako», esan du Etxartek. Hemezortzi liburuak denera biltzen dituen artikuluak dira, eta, izenburuko hiru kontzeptuen artetik, gaitegi oso bat ehuntzen du autoreak horietan. Adibide bi jarri ditu Etxartek: New Yorkeko argazkilari beltzari buruzko testu bat eta Egiptoko feministekin izandako enkontrutik eratorritako beste bat. Lehenengoan, polemika handia piztu zuen erakusketa baten gaineko analisia egiten du Davisek, «argazkilaritza beltzaren ikuspegi oso zuria» ematen zela agerian utziz. «Bidaia bat egiten du ikusteko nola afroamerikarren ekarpena ez den kontatzen AEBetako argazkigintzan».
Egiptokoak liburuko testurik luzeenetako bati dagokio. «Egipton egindako bidaia baten road movie bat da kasik; oso ederra, gaietan askotarikoa delako, eta gure aurreiritzi asko apurtzen duelako», Etxarteren esanetan. Angela Davis Egiptora doa hango feministek deituta, baina askok errezelo handiz hartuko dute, Mendebaldeko emakumeek euren agenda gainetik jartzen dietela egotzita. Davisek aberastasun handia aurkituko du hango eztabaidetan: ablazio kanpaina, murrizketa planek etxebizitza ereduetan eta, beraz, jendearen sexualitatean duen eragina... «Bada testu bat erakutsiko diguna zein zaila den zapiaren eztabaida, eta espero gabeko tokietara eramango gaituena, eduki genitzakeen aurreiritzi guztien kontra».
Testu zehatzagoak ere biltzen ditu liburuak; AEBetako familia afroamerikarren egoerari buruzkoak, esaterako. Bada margogintzari buruzko beste bat ere, liburua ixten duena. «Bidaia bat da munduan zehar. Liburua idatzi zenetik mundua zeharo aldatu da, jada existitzen ez den mundu batean idatziak dira gehienak, eta inbidiaz bizitzeko moduko begirada bat dauka; nola begiratzen duen kultura politika erradikaletik, politika erradikala kulturaren gainetik jartzeko nahirik gabe».
Alardea ere irakurtzeko
Sei eskutara ekarri dute liburua euskarara. Joxemi Berasategi, Itziar Diez de Ultzurrun, Estibaliz Lizaso, Xabier Olarra, Fermin Zabaltza eta Etxarte bera aritu dira artikuluak itzultzen, eta Olarraren lana eskertu du bereziki Etxartek, bateratze lana egiteagatik. «Ezinezkoa da jakitea nork itzuli duen zer, eta hori, kolektiboki egiten den itzulpen batean, garrantzitsua da».
Katakrakekoek, ohi dutenez, oharra erantsi diote liburuari, «argitalpena gaurko garaira ekartzeko». Argazki bat ere gehitu ohi diote, eta Hondarribiko alardearena hautatu dute kasu honetan, Asier Perez-Karkamo argazkilariarena. «Zapien eztabaidan bezala, konplexutasuna, politika, kultura, historia... gure eztabaidetan dauden gaiak dira».
Davis bera eta artikuluak idatzi zituen garaia ulertzeko bezainbat balio du liburuak gaur bizi-bizi diren hainbat gairen inguruko gogoeta eragiteko, Etxarteren ustez: «Esaterako, familiari buruz dauden eztabaidak izugarri aktualak dira. Arraza eta klasearen inguruan egiten diren irakurketa partikularretatik, segituan pizten zaizkizu bonbillak gertuko eta egungo Europako eztabaidetara».
Kulturari buruz egiten dituen irakurketak ere «iraungitzen zailak» dira Etxarterentzat. «Poesiak toki handia dauka, eta hau Angela Davisengan klasiko bat da. Historia eta saiakera landuta ere, ulertzen du nobelak, poemak, abestiak.. direla mundua ulertzeko tresnak, are, ardatzak izan daitezkeenak».
Davisek hainbat liburutarako idatzi zituen hitzaurreak biltzen ditu liburuak, orobat; Clara Zetkin komunista eta feminista alemanaren lan osoen edizio baterako idatzi zuena eta Sobietar Batasunean Emakumea, arraza eta klasea argitaratu zenean idatzitakoa, besteak beste.
Beste lau liburu bidean
2016ko abenduan hasi zen Katakrak «liburuak egiten». Euskarazko zazpigarrena du hau, eta Davisen bigarrena. Bi arrazoi ikusten dizkio Etxartek haren arrakastari: «Ikonoa eta lana». Oso obra dibulgatzailea da; akademiko batek aurkituko ditu ekarpenak, baina irakur ditzake oso formazio gutxiko norbaitek, eta ulertuko ditu. Hori izugarria da». Gehiago esan du: «Egun gehien funtzionatzen duen saiakeragintza Angela Davisera lerratu da, eta ez alderantziz».
Beste lau liburu aurkeztuko ditu Katakrakek urtea amaitu aurretik. Horien artean da Rosa Luxemburgen Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti, Amaia Lasak itzuli duena.