astekaria 2018/10/05
arrowItzuli

politika

IñAKI ESPARZA

«Foru izaerak disfuntzioak sortzen dizkio justiziari»

Edurne Begiristain

«Foru izaerak disfuntzioak sortzen dizkio justiziari»

Aforamenduetan aditua da Iñaki Esparza (Iruñea, 1962). Tratado Jurisprudencial de aforamientos procesales (Aforamendu prozesalei buruzko tratatu jurisprudentziala) liburuaren egileetako bat da, Juan Luis Gomezekin batera. Foru berezi guztiak kentzearen aldekoa da Esparza.

Zer da forudun izatea?

Pribilegio bat dela esaten da, baina nik uste dut salbuespen bat dela. Arrazoiren batek egon beharko luke erabakia ulergarri egiteko, baina kasu honetan egon zitezkeen arrazoiak desagertu egin dira, eta, beraz, ez dago inolako oinarririk foru izaerari eusteko.

Zergatik existitzen da figura juridiko hori?

Mesfidantzagatik. Mesfidantza dagoelako politikarien artean, eta politikarien eta gizartearen artean. Mesfidantza giro horretatik elikatzen da foru izaera. Garai batean norbaitek pentsatu zuen mesfidantza horri aurre egiteko tresna egokia izan zitekeela. Azken batean, forudun izatea gauza tekniko txiki bat da: herritar arrunt bati dagokion epailea aldatu egiten da forudunen kasuan, eta eragin prozesalean gorantz egiten da urratsa. Adibide bat: Donostiako herritar batek ustez delitua egiten badu Donostian, probintziako auzitegi bat arduratuko da kasuaz, baina, diputatua bada, Auzitegi Gorenera joango da kasua automatikoki.

Herri akusazioak zer lotura dauka forudun izaerarekin?

Herri akusazioa soilik Espainian dago. AEBetan eta Europan, oro har, Ministerio Fiskalak izaten du akusazioa egiteko monopolioa. Ez biktimak, ez kaltetuek ezin dute akusazioarena egin. Fiskaltzak han eta hemen lotura bat dauka botere exekutiboarekin, eta horrek, nolabait, akusazioaren boterea kontrolatzea dakar. Espainian, ordea, tradizionalki akusazioa zabalagoa izan da, eta horrek onurak eta arriskuak sortu ditu. Herri akusazioa ez da askorik kontrolatu, eta forudunen kasuetan arazoak ematen hasi denean hasi gara horretaz kezkatzen. Hala ere, gai bakoitzak bere tratamendua merezi du.

Inguruko estatuekin alderatuta, Espainiakoak forudun gehiago ditu, nabarmen. Zergatik?

Sedimentazio prozedura bat gertatu delako. Hasieran, Konstituzioaren 71. artikuluak espresuki jaso zuen foru izaera; gero, Botere Judizialaren Lege Organikoak ere jaso zuen, erkidegoetako estatuek ere gauza bera egin zuten ondoren... Alegia, eredua errepikatuz eta zabalduz joan da urteekin. Forudun izaera beste edozein kasutarako aplika liteke, eta kopurua izugarri handitu.

Forudun izatea. Immunitatea. Bortxaezintasuna. Zein da ezberdintasuna?

Nahastea erraza da. Bortxaezintasuna bereziki erregeari aitortzen zaio, eta, hitz gutxitan esanda, zigorgabetasuna da. Erregea legetik kanpo dago: gertaera kriminal bat eginda ere, ez du erantzukizunik izango. Immunitatea, berriz, babes edo berme bat da. Parlamentariek daukate, eta Konstituzioak jasotzen du, adierazpen askatasuna bermatzeko. Parlamentarien eginkizunetara mugatzen da immunitatea. Eta foru izaera, esan bezala, eragin prozesal huts bat da.

Erregea, bortxaezina ez ezik, foruduna ere bada.

Erregeak, bortxaezina izanik, ez du behar forudun izatea. Zigorgabetasun puntu bat dago. Zergatik nahi dute erregea justizia sistematik at egotea? Ez diot onurarik ikusten, ezta monarkiarentzat berarentzat ere. Herritarrek pentsatuko dute zerbait ezkutatu nahi dutela.

Foruak arazorik sortzen al dio justiziari?

Disfuntzioak sortzen dizkio, Auzitegi Goreneko magistratuen ohiko lana hankaz gora jartzen baitu. Adibide garbi bat da Valentzian gertatutakoa: parlamentari asko inputatu zituzten, eta Valentziako Auzitegi Gorena kolapsatu egin zen, ez baitzegoen lan karga horri aurre egiteko diseinatuta. Simil mediko bat erabil daiteke egoera ulertzeko: gripe bat duzunean familia medikuarengana joan beharrean ospitaleko bihotz unitatera joaten bazara, osasun sistema bera kaltetu egingo da, eta, ondorioz, baita gaixoak ere, jasoko duen tratamendua ez baita egokiena izango.

Espainiako Gobernuak hautetsien forua kendu nahi du. Zer iritzi duzu?

Nik foru berezi guztiak kenduko nituzke, zalantzarik gabe. Salbuespenekin hastea ez da hasiera ona. Hala ere, prest nago txosten teknikoak irakurtzeko eta ematen diren argudioak entzuteko jakin ahal izateko zein bide egin daitekeen. Kualitatiboki ez da arazoa konponduko, pribilegioa mantenduko baita. Alemaniako edo AEBetako sistemak eredutzat hartzen baditugu, urrats bat egingo dugu norabide horretan, hemen forudunak desagertzeko pausoa ematen badugu.

Noizbait emango al da pauso hori?

Aukera paregabea dago gauzak ongi egiteko, baina horretarako adostasun politiko zabala behar da. Hala ere, hau bezalako gai tekniko bat ezin da egoera eta premia politikoekin nahastu. Ez da onuragarria.

Bermea ala abantaila?

BERRIAn argitaratua (2018/10/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA