bizigiro
Berriro bere lekua har dezan
Eihartze Aramendia Iparragirre
Orain bi aste ezarri zituzten sareak lurrean eta egunero-egunero joaten dira biltzera. «Jendeak pentsatzen du gaztaina fruitu azkarra dela, baina ahula da. Bere gustua eta kalitatea mantendu nahi bada berehala bildu behar da», azaldu du Itoizek Lekorneko gaztainondoak erakusten dituen bitartean. Iaz 3,5 tona bildu zituzten eta aurten gorago ezarria dute erronka: hamar tona biltzeko esperantza dute. Autoa hartu eta Hazparneko lurretan dauden gaztainondoak erakutsi ditu. Armand David lizeoaren lurrak dira eta modelo bezala baliatzen ditu: «Hemen dauden gaztainondoak orain dela hogei urte landatu genituen. Begira, begira [gaztainak erakutsiz], izugarriak dira eta ez diegu fitsik botatzen, gaztain hauek arrunt bio dira. Eremu hau gaztainondoak nola landatu behar diren eta zein baldintzatan zaindu behar diren erakusteko baliatzen dugu».
Ekonomia baterantz
Gaztain horiekin zer egin daitekeen eta zer egiten duen erakutsi du Itoizek; horretarako, Bidarrain (Nafarroa Beherea) duen Sativa dendara joan da. Saltokiaren atzeko aldean gaztainak idortzeko labea du, gero ondoan duen harrizko eiheran irina egin ahal izateko. Gaztainekin garagardoa egiten ere hasi da orain ez asko. Oraingo munduan gaztainarentzat ate bat badela pentsatzen du Itoizek: «Badira zenbait besta gaztainaren inguruan, baina ez da ekonomia bat lehen bezala fruitua biltzeko, saltzeko... Gaztainak bere lekua hartu behar du, badu oraino gero eder bat. Norbaitek idatzi zuen Frantziako egunkari batean gaztainek jendearen bizitzetan lekua hartuko zutela berriz».
Horretan dabiltza eta elkarte bat sortzeko bidean dira. Proiektu horren barruan daude Lapurdiko Lekorne, Luhuso, Makea eta Nafarroa Behereko Heleta, eta Bidarrai, historikoki gaztainondoak izan dituzten herriak: «Herri horietako auzapez eta hautetsiekin izan naiz. Guztiak ados dira, eta gauzak ongi, hil honetan berean izenpetuko dugu elkartea sortzeko agiria. Bada lana, zuhaitzak landatu behar dira, eremuak garbitu... mendi lur horiei balioa eman behar zaie, eta, hortik, ekonomia bat sortu gaztainondoen inguruan».
Kirikino hesiak
«Ez gara konturatzen eta gaztainei ez diegu eskertzen guregatik egin zuten guztia», dio Iñaki Garcia Uribe Aranzadi zientzia elkarteko Etnografia Saileko kideak. Euskal Herrian gaztainaren kultura ikertu dutenetako bat da, besteak beste, Alberto Santana, Felix Muguruza eta orain bi urte hil zen Enrique Ibabe etnografoekin batera. Orozko (Bizkaia) Euskal Herrian gaztainaren kulturarik handiena duen herria dela dio: «Euskal Herrian gutxi gorabehera 110 bat kirikino hesi [gaztainak morkotsen barruan biltzen zituzten harrizko eraikuntzak] daude katalogatuta, eta horien erdiak Orozkon daude. Datu hori izugarria eta esanguratsua da. Zergatik ez daude Ezpeleta, Oñati edo beste nonbait? Horrek atentzioa eman zigun. Santana historialari etnografoak azaldu zigun XVIII. mende bukaeran gaztainaren esportazio maila gorena izan zela. Gaztainez beteriko itsasontziak astero ateratzen ziren Bilboko Atxuritik Herbehereetara, Alemaniara edota Belgikara. Ehunka eta ehunka gaztaina egunero, ikaragarria da».
Orozkon gaztainondo asko zeuden, beste hainbat tokitan zeuden bezala, baina diferentzia da bazela pertsona bat interesatua Orozko gaztainak esportatzeko tokia izateko. Pertsona hori Manuel Goikoetxea komisionista laudioarra zen. Bilboko zinegotzia zen, eta ontzidi bat zuen Anberesko (Belgika) enpresari batekin —Pedro Goossensekin—, eta haren bidez esportatzen zituzten gaztainak. «Hortik, Orozkon hainbeste kirikino hesi egotearen arrazoia: negozio bat bazelako. Ekonomia bat zegoen, basoa ekonomizatu zuten», azaldu du. Ekonomia horrek zuen garrantzia baieztatzen duen dokumentu bat topatu zuten, 1780koa: «El motín de los castañeros de Orozco en Atxuri (Orozkoko gaztain-saltzaileen matxinada Atxurin) deitzen da, eta hor azaltzen da anegaren prezioa aldatu zietelako matxinatu zirela».
Baserria eta gaztainondoak
Euskaldunen gosea gutxitu zuela ados dira Itoiz eta Garcia Uribe. «Oraino entzuten ahal da aitatxi-amatxien solasetan euren jatekoa gaztain eta esne eta gaztain eta ogi zela», esan du Itoizek. Baserrietan jaten zen beste gauza bat gaztain zopa zen, Aranzadiko etnografoak azaldu duenez: «Gauetan denek elkarrekin gaztain zopa hartzen zuten. XX. mende hasieran errezeta galdu egin zen, ez baitzuen inork transkribatu, baina orain hamabost urte Loiuko amama batek errezeta eman zigun, eskasia eta pobrezia denboretan prestatzen zutena».
Gaztainaren garrantzia agerian uzten duen beste gertakaria baserriei lotuta doa. XV. mendean, euskal baserriak eraikitzen hasi zirenean, etnografoaren hitzetan, baserritarrak behartuak ziren inguruan hainbat gaztainondo landatzera: «Gaztainondoa baserrien eskutik doa, fruituaren garrantziagatik eta haren egurraren iraunkortasunarengatik. Garai hartan, ez zituzten iltzeak erabiltzen, baizik eta gaztainondoetatik sortzen zituzten makilatxoak».
XIX. mende bukaeran, ordea, gaztainondoen «minbizia» etorri zen, tintaren gaixotasun esan ziotena. «Dirudienez, New Yorketik Donibane Lohizunera barku bidez iritsi zen», azaldu du Garcia Uribek. Gaztainondoek tinta beltzaren gisako likido bat zornatzen zuten. Gaixotasun horren aurkako tratamendua Pedro Urkijo ingeniari agronomoak asmatu zuen, Aranzadiko etnografoaren arabera. Bederen Hego Euskal Herriko gaztainondoena.
Izan ere, Beñat Itoizek kontatu duenez, Aldudeko (Nafarroa Beherea) eta Zuraideko (Lapurdi) bi misiolariei esker, Ipar Euskal Herriko gaztainondoak salbatu ahal izan ziren: «Japonian jainkoaren berri emateaz gain, bazuten beste misio bat: gaztaina eritasun horretatik salbatzea. Bazekiten Japoniako gaztainak ez zuela eritasun hori biltzen, eta, han zegoen apaiz batek emandako azalpenak kontuan hartuta, kutxa batzuetan igorri zituzten gaztainak. Erein, eta sortutako zuhaitzetatik gure gaztainondoak txertatu zituzten».
Gaur egun, beraz, Ipar Euskal Herrian dauden gaztainondoak hibridoak dira, castanea sativa ziren, eta orain castanea crenata dira, txertaketaren ondorioz.