kultura
Historiaren gurpilean
Amagoia Gurrutxaga Uranga
Pako Aristik Canok baino tarte luzeagoa utzi du nobela berria argitaratzeko: 20 urte dira Urregilearen orduak (Erein) argitaratu zuela, eta espetxean 20 urte eman dituen presoaren etxeratzea fikzionatu du Rosa itzuli da (Erein) lanean. Ereinek argitaratuko du, baita ere, Joanes Urkixok Wilhelm Wakonigg espia nazia ardatz hartuta 1936ko iraileko Bilbo setiatuan girotu duen Ekaitza urrun nobela.
Emakumeak dira Yoseba Peñaren Hariak (Susa) nobelako protagonistak. Hiru. Horien bitartez, 1930-1980ko epean Euskal Herrian bizi izandako gatazkak josi ditu idazleak. Hala, Ireneren 36ko gerra aurreko giro gatazkatsuko bizipenak; Xexiliren frankismo urtekoak; eta Olatzen 1970eko hamarkadako borroka politikoak garatuko ditu.
Joseba Lozanok, berriz, nobela historikoa eta thrillerra nahastu ditu bere hirugarren eleberrian. Larrutik ordaindua (Alberdania) 1871n kokatuta dago, Paris setiatuan, Komunaren aginte hilabeteetan. Testuinguru horretan, hiltzaile bat aurkitu beharko du emakume protagonistak, Komunako Gobernuak izendatu dizkion bi laguntzailerekin batera.
Nobela beltza landu du Edorta Jimenezek ere Piztien itsasoa trilogia (1999-2007) argitaratu osteko lehen eleberrian. Letra larriz idatzi ohi den historian agertzen ez diren gertakariak bildu, eta azken hamarkadetan Euskal Herrian ezagutu diren tortura, indarkeria eta ustelkeria kasuak agertzen ditu Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua (Txalaparta) lanean, estoldetan lanean aritua den Mak ertzain jubilatuaren bitartez. Jon Arretxek eta Xabier Etxeberriak ere genero beltza landu dute beren nobela berrietan.
Katixa Agirrek, berriz, bigarren eleberria argitaratuko du udazken honetan: Amek ez dute idazten (Elkar). Bi emakume ditu pertsonaia nagusi lan horrek: ume bikiak hil dituena bat; erditu berri den narratzailea bestea. Sorkuntza artistikoaz eta sorkuntza biologikoaz mintzo da idazlea, hausnarketarako beta ere hartuz.
Irati Elorrietak ere bigarren eleberria kaleratuko du aurki: Neguko argia (Pamiela). Bi adiskide ditu protagonista. Puzzle gisako kontaketa erabiliz, porrotari, erresistentziari, ihesari buruzko pasarteak harilkatzen ditu.
Karmele Jaiok, bere aldetik, Nire aitaren etxea (Elkar) emango du. Argitaletxeari agindua dion eleberria ezin bukatuta dabilen idazlea du protagonistetako bat; haren testuak zuzentzen dituen eta ezkutuan idazten hasi den emaztea beste bat. Alaine Agirrek udalekuetan bortxatu duten neska nerabeari buruz idatzi du Kamisoi zuri zetazkoa (Erein) eleberrian.
Sarrionandiaren gaukaria
Joseba Sarrionandia narrazio laburrez osaturiko liburu batekin itzuliko da udazken honetan plazara. Aurtengo urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko -68ko Iraultzaren 50. urteurren egunera bitarteko, alegia- gaukari moduko bat da. Hausnarketak, saio literarioak, narrazio hiper-laburrak, iritzi politikoak tartekatu ditu bertan, eta 2018ko maiatza -Habanako gaukaria- (Pamiela) du izena.
Argitaletxeek ez dute ipuin liburu asko plazaratuko aurtengo udazkenean. Dagoeneko aurkeztuta dagoen Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) bildumaz gain, Iñigo Aranbarriren genero honetako lehen lanak -Munduko tokirik ederrena (Susa)- laster ikusiko du argia. Baita Aritz Gorrotxategiren Ahazten diren gauzak-ek (Erein) ere.
Poesia liburuen atalean, aurten zendu den Patxi Ezkiagaren lanen antologia plazaratuko dute Durangoko Azokara begira, poetaren olerki argitaragabe askorekin. Dagoeneko hainbat poema bilduma argitaratu duten Martin Etxeberria, Hasier Larretxea, Karlos Linazasoro eta Josu Jimenez Maiaren ondoan, gainera, genero honetako lehen lana aurkeztuko du Manu Lopez Gasenik. Idurre Eskisabelek eta Josu Goikoetxeak, berriz, lehen liburua plazaratuko dituzte. Poesiakoak.
Saiakeren arloan ere, historiak badu bere eragina udazken honetako uztan. Gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala ondu du Anton Ugartek, esaterako. Eta Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek memoria historikoa gerra kontuetara bakarrik ez dela mugatu behar nabarmentzen du Etxera bidean (Pamiela) lanean, frankismoan sortu, hazi eta hezitako belaunaldikideek beren mintzaira ikasten, historia ezagutzen, herri kultura baloratzen, galdutakoa berreskuratzen egindako lanak modu autobiografikoan aletuz.
Gotzon Barandiaranek, Hitzen ahairea (Susa) lanean, euskal kantagintzaren inguruko gogoetak bildu ditu, literaturak eta musikak elkar elikatuz memoria kolektiboan geratu diren piezak ardatz hartuta. Elixabete Garmendiak, azkenik, Euskal Herriko historia hurbilean eragin zuzena izan duen Carlos Garaikoetxearen biografia idatzi du (Berria-Elkar-Jakinekin).
Itzulpen ugari
Aurtengo udazkenean ere, itzulpen ugari dakartza uztak. Literatura unibertsaleko aleak zein saiakerak. Hau da behin-behineko zerrenda: Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia (Erein), Anthony Burgessen Laranja mekanikoa (Meettok), Agatha Christieren Etxe bihurria eta Bost txerrikume (Igelak biak ala biak), Angela Davisen Emakumeak, kultura eta politika (Katakrak), Silvia Federiciren Mundua berriro xarmatuz. Feminismoa eta komunen politika (Katakrak), Bell Hooksen Feminismoa guztiontzat da (Katakrak), Kazuo Ishiguroren Egunen hondarrak (Elkar), Fleur Jaeggyren Proleterka (Erein), Nell Leyshonen Esnearen kolorekoa (Alberdania), Roxa Luxenburgen Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti (Katakrak), Yuval Noha Harariren Homos Sapiens (Elkar), Carole Patemanen Kontratu sexuala (Elkar-Jakin), Alejandra Pizarniken eta Yannis Ritsosen olerki hautatuak (Susa), Heinrich von Kleisten Michael Kohlhaas (Katakrak) eta Mohamed Xukriren Aurpegiak (Igela).