gizartea
«Benetan sinesten zuten»
Arantxa Iraola
Batasunerako egileen artean ozenen aipatzen direnen artean daude beti Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Koldo Mitxelena: ezinbestekoak. Batasunerako urrats erabakigarriak egin zituzten biek oraindik frankismoa bizi eta euskara guztiz apalarazita zegoen sasoi ilun hartan: «Benetan sinesten zuten».
Perez Gazteluk uste du haien lana goratu egin behar dela; babestu zituen gizarte osoarena: «Garai hartako utopia horri esker gaude orain gauden bezala. Haiek sinetsi zutelako. Egia da sineste hutsak ez duela balio, gero eduki behar da atzean jendea bultzatzen duena, konforme dagoena; baina hori ere bazuten. Gazteak ikusten zituzten: bultzaka». Bi izenen garrantzia onartu arren, nekez utz daiteke halako prozesu baten egiletza izen bakar batzuetan. Txillardegik berak adierazi zuen euskara batuaren historia modernoan Mitxelena eta bera ez zirela izan benetako aitzindariak; Federiko Krutwigi egiten zion aitortza, benetako «profeta» hura izan zela idatzita utzi zuen: «1950eko hamarkadaren hasieran horretan tema zuen etengabe errepikatua. Gure hizkuntzak derrigorrezkoa duela esaten zuen gaurkotze eta batzea. Euskalkikeria eta dialektalismo guztien kontra zegoen erabat. Euskara europartu, batu eta desaberriratu egin behar zela esaten zuen».
Aurreko ahaleginak
Lehenagoko saioei ere erreparatu behar zaiela diote adituek. «Azpimarratu nahiko nituzke beste asmo batzuk», esan du Perez Gazteluk. «Uste dut, adibidez, Azkueren gipuzkera osotua ez dela aipatzen, edo apenas aipatzen den. Aurten dira, hain justu, ehun urte Ardi galdua izeneko kontakizuna gipuzkera osotuan idatzi eta argitaratu zuela. Uste dut aitzakia bat dela erreibindikatzeko ez bakarrik Arantzazu, baizik eta aurreko ahaleginak». Atzera begira ikasbidea ikusten du Joseba Lakarra euskaltzainak ere: «Euskara idatzirako ereduaren bilaketa ez da hasten ez Euskaltzaindiarekin eta ez 1918an nahiz 1968an; aurreko mendeetan ere, gutxienez Larramendiren apologia, gramatika eta hiztegiaz geroztik, bada hizkuntza maila jasoagoak eskuratzeko eta halabeharrez txokokeria orokorretik ihes egiteko tarterik».
Txillardegik argi esana zuen, 1950eko hamarraldiaren erdialderako, euskara batuaren oinarriak jartzen hasi behar zela. Eta, hain justu, 1956an Euskaltzaindiak egin zuen biltzarrera igorri zuen gutunean -Karta idigia- argi zehaztu zuen akademiaren helburuetako bat: «Euskeraren batasuna zeaztu, ta euskera personala ta euskal berrikeri guziak ezetsi ta kondenatu». Ondoren, buru-belarri murgildu zen egiteko horretan. Fito Rodriguezek sakon aztertua du haren ibilbidea, eta 1960ko hamarraldian Baionan Euskal Idazkaritza eratuta beste hainbat euskaltzalerekin egin zituen urratsak nabarmendu behar direla defendatzen du; hainbat euskalkitan ziharduten herritarrak elkartu ziren foro horretan -Lapurdira iheslari heldutakoak horietako asko-, eta euskara batuaren oinarriak ipintzen jardun zuten. Uste du prozesu horretan Piarres Xarritonek egin zuen lan isila oroitarazi behar dela. «Garrantzitsua izan zen Xarriton. Izan da marjinatutako erreferentzia bat bide honetan». 1964an aurkeztu zituzten lanaren emaitzak, eta ekintza hark hauspotu egin zuen batasunaren prozesua. Ezin uka: 1968an Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen biltzarrean erabakigarriak izan ziren Baionan erabakitako haiek, eta haiei abaroa emateko, Koldo Mitxelenaren figura. Oro har, ontzat eman zituen Txillardegik eta kideek Baionan landutakoak. Aldi hartako agiriek hori erakusten dutela dio Azkaratek: «Ez dut esango ehuneko ehun bere egiten dituenik, baina bai funtsean».
Bazterrean
Halaxe laburtu zituen urte haietako ibilerak Txillardegik 2011n BERRIAk argitaratutako elkarrizketa batean. «Guk bultzatu genuen, baina Mitxelenak jarri zion zigilua... Bera gabe ez zen sortuko euskara batua». Ez da komeni irakurketa horretan aurkakotasunik ikustea Mitxelenaren eta Txillardegiren artean. Rodriguezek azaldu du «harreman zuzena» izan zutela biek, eta batasunaren aldeko iritzietan bat zetozela. Erritmoetan azaldu ziren ikuskera ezberdinak. Txillardegik lehen urratsak egin zituenean, «girorik ez» zuen ikusten oraindik Mitxelenak halako prozesu bat hasteko. «Mitxelenak zioen: 'Ez dago oraindik girorik horrenbeste erabaki hartzeko'. Txillardegik: 'Ez, egin dezagun. Bidea egingo dugu ibiltzen'», azaldu du Rodriguezek. Hala dago jasota garai hartako agirietan. Horra 1958an Mitxelena Txillardegiri nola mintzatu zitzaion: «Nire ustez, alegia, gutxi gora bera bat gatoz. Eztut uste, ordea, gaur batasunik egin daitekanik». Lakarrak erantsi nahi du, hala ere, ordurako ekarpen garrantzitsuak eginak zituela Mitxelenak ere batasunerako bidean, eta horien artean Euskal hitzak zein diren agiria dagoela, 1958koa.
1968an, bor-bor ari zen gizarte horretan, batasun bidean aurrera egitea erabaki zuen Mitxelenak: buru-belarri. Eta gidaritza hartu zuen. Azkaratek onartu du Txillardegi ezinbestekoa izan zela aurreko bide guztian: «Funtsezko figura izan zen». Areago doa Rodriguez: «Txillardegi euskara batuaren gurasoa izan zen». Eta uste du behar adinako aitortzarik ez duela jaso. Arranguraz mintzo da: «Oraindik falta da haren aldeko errekonozimendu ofiziala; euskaldunok ezin dugu hori permititu». Oroitu du euskaltzain osoa izan gabe hil zela, eta haren lan akademikoa askotan haren hautu politikoarengatik baztertu dela; ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta ezker abertzalean egin zuen ibilbide luzea. Halaber, uste du hark batasunaren alde egindako zenbait ekarpen ez direla aintzat hartu: «Txillardegik hizkuntzaren estandarizazioa ulertu zuen, ez bakarrik arlo literarioan, baizik eta ahozko euskararen batasunaren aldarrikapenean ere bai; hori marjinalian dago».
Behin 1968ko biltzarraren ostean, Mitxelena izan zen liderra. Ospe handiko katedraduna zen ordurako, eta horrek aparteko itzala eman zion. «Gidari bat ere behar zen, eta Koldo Mitxelena zen orduan gidaria; horretan dudarik ez daukat», azaldu du Perez Gazteluk. Bat dator Azkarate: «Mitxelena oso pertsona errespetatua zen; ez bakarrik hemen, Europa mailan ere bai. Bazekien gauza hauek nola egiten ziren, eta egiten zituen proposamenak zentzuz oinarrituak zeuden». Lema bat zuzentzen irudikatzen du Lakarrak: «Mitxelenaren egiteko nagusia urruneko gidaritza orokorra-edo zen, batez ere barealdietan, baina, batasunaren garapen teknikoa pil-pilean jartzen zenean ere, harena zen azken erantzukizuna».
Ondoan izan zituen hainbat kide ere nabarmendu behar direla uste du Miren Azkaratek: Luis Villasante, bereziki. Izan ere, hura izan zen Euskaltzaindiko burua 1970etik 1988ra; batasuna finkatzen hasteko urte erabakigarrietan. «Villasantek bere izpiritu frantziskotar horrekin asmatu zuen patxadaz, baina Mitxelenari behar zion babes guztia emanez, aurrera egiten». Villasante ezinbestekoa izan zen, Lakarrarentzat ere. Mitxelenak gidatu zuen prozesuaren «osagarri» ezinbestekotzat ditu, halaber, Gabriel Aresti, Alfonso Irigoien eta Juan San Martin. «Irakurtzeko gogorik izanez gero, bada gutuneria interesgarria Salamanca [han katedradun zen Mitxelena] eta Arantzazu [hango fraidea zen Villasante] nahiz Eibar [hangoa zen San Martin] bitartean. Urte askoan, San Martin eta Villasante izango dira, Euskaltzaindiaren eta batasunaren martxan, Mitxelenaren laguntzaile hurbilenak». Garai hartako euskaltzale eta idazle gehiago ere baditu gogoan, prozesu hartan ezinbestekoak izan zirela iritzita; Piarres Lafittek Mitxelenarekiko izandako atxikimendua ere, esate baterako, nabarmentzekoa iruditzen zaio, eta Mikel Zarate eta Rikardo Arregi ere garrantzitsuak izan zirela.
Erresistentzien kontra
Guztien premia izan zen. Zeren eta erresistentziak izan zituen prozesu hark. H letraren kontra zabaldu ziren kritikak geratu dira, esaterako, ezagunenen artean, baina gehiago ere izan ziren. Aurreiritziz eta susmoz betetako mataza bat nahasi zen kontrako mugimendu horretan. Egungo begiekin begiratuta, «oso serio hartzekoak» ez zaizkio iruditzen Perez Gazteluri kritikak, baina arrastoa utzi zuten sasoi hartan. «Mitxelenari ere, esaterako, agurra ukatu zioten lagun izandako batzuek, Errenterian bertan [sorterria zuen]». EAJkoa zen, eta alderdi barruan ahula zen batasunaren aldeko hautua. «Indar handiak zituen kontra. Hori gauza jakina da. Mitxelenak borroka egin behar izan zuen alderdi barnean. Baina oso garbi zuen nondik jo behar zen, eta iruditzen zait bere ospeak, hizkuntzalari eta filologo gisara zuen ospeak babestu zuela alderdi barruan». Irmotasunez jardun zuen: «Mitxelenak berak esaten du arrazoi biologikoei ere kasu egin behar zaiela, eta nik uste dut zubi lana ere egin zuela; alde batetik dago gizarte gazte horri erantzun nahi izatea, eta zaharrekin ere, aldi berean, moldatu behar izatea». Bat dator Azkarate: «Esaten da Mitxelenak asko sufritu zuela bere etxean, EAJ barruan, askok ez zutelako oso argi». Giro nahasi hura ulertzeko sasoiko euskarazko prentsa irakurtzea ariketa aski interesgarria iruditzen zaio: kritikak aski ohikoak ziren batasunaren eta haren sustatzaileen aurka.
Kontrakotasun hori ez zen berehala apaldu. 1980ko hamarraldi hasieran, Eusko Jaurlaritza eratu berritan, Hezkuntza Sailak ikastetxeetan zein euskara -eta zein euskaratan- irakatsiko zen erabakitzeko orduan, oraino asaldatuta oroitzen ditu Azkaratek batasunaren aurkakoak. «Oraindik bazebilen iskanbila, zer eredu hartu behar zen: bizkaiera, euskalkiak, batua...». Pedro Migel Etxenike orduko Hezkuntza sailburuari entzunak dizkio «zenbateko lanak» egin behar izan zituzten batasuna defendatzeko: «Ez dut esango batzokiz batzoki, baina...Hor ere Mitxelena funtsezkoa izan zen, alderdiko kide esanguratsua zen aldetik». Carlos Garaikotxeak gidatutako gobernua adorez aritu zela uste du: «Inflexio puntu horretan, balantza batuaren alde eraman zuten».