politika
Poliziaren biktimak aitor ditzaten, delituak ikertzea baztertuko dute
Jon O. Urain
Polizia gehiegikerien biktimen legea joan den 2016ko uztailaren 28an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk. Legearen helburua da 1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Legeak espresuki aipatzen ditu Espainiako Estatuko funtzionarioen urraketak.
Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal behin-behinean eten zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Uztail amaieran, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, Madrilek helegitea kentzearen truke. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak moldaketa horien berri eman zuen atzo, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.
Agerraldian, Fernandezek nabarmendu zuen 2016ko legearen asmoa ere ez zela delitu egileen «erantzukizun penalak argitzea», eta orain Madrilekin hitzartutako aldaketaren asmoa dela legearen idazketan sor daitezkeen gaizkiulertuak saihestea: «Legean txertatzeko aurreikusita dauden aldaketak, azken batean, modu esplizituago batean azpimarratzen dute jardute-esparru hori».
Esaterako, gertakariak argitu adiera ageri da 2016ko arauaren bi artikulutan, eta horiek ezabatu egingo dituzte, ez dadin ulertarazi kasuak aztertuko dituen Berme Batzordeak epaitegien egitekoa ordezkatu nahi duela. Horrez gain, testu berriaren arabera, delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dute auzitegiek ebatzitakoa, eta ustezko delitu egileen «ohorerako, errugabetasun presuntziorako eta izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubidea» bermatuko da. Testu moldatua lege proposamen bidez erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren bidez.
Legearen mamia Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago oraindik, Espainiako Gobernuak estatuko abokatuari jada agindu dion arren helegitea erretiratzeko. Fernandezek azaldu zuenez, aldaketok Madrilekin hitzartuta, «frustrazioak» saihestu nahi ditu Jaurlaritzak, eta, legea osotasunean ezartzeko oztopoak kenduta, «biktimen artean ahalik eta alde txikiena egotea» da Iñigo Urkulluren gobernuaren borondatea: «Hau ez da bukaera, ezta hasiera ere; pauso bat da». Horrez gain, Fernandezek adierazi zuen biktimekin eta biktimen elkarteekin harremanetan daudela testu berria taxutzeko prozesuan, eta aitortu zuen arauak ezin duela «dena» hartu: «Bere mugak ditu. Ez du helburu erantzukizun penalak argitzea, ez lehen eta ez orain».
Poliziaren indarkeriaren biktimen Nafarroako legeaz eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hura indargabetu izanaz galdetuta, Fernandezek azaldu zuen Nafarroako legea eta auzitegiaren ebazpena kontuan hartu dutela legearen erreforma lantzerakoan, nahiz eta uste duen «alde handiak» daudela EAEko eta Nafarroako arauen artean. Jaurlaritzak ondorioztatu duenez, Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako legearen kasuan ezarritako doktrina «ezin da ezarri» EAEko legean.
«Aurrekari larria»
Eusko Jaurlaritza babesten duten talde politikoek, EAJk, eta PSE-EEk, ontzat jo dute Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa. Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak aitortu du tramitatuko duten legea ez dela «onena»: «Ez da nahiko genukeena». Gogorarazi du EAJ Rajoyren gobernuak aurkeztutako helegitearen kontra zegoela, «aurreiritziz jositako argudioak» zirelakoan, baina uste du Sanch zen gobernuarekin lortutako hitzarmena «ona» dela, Madrilek helegitea erretiratuko duelako: «Horrek ziurtasun juridikoa ematen die biktimei». Fernandezen ildotik, nabarmendu du legearen helburua zela «biktimen erreparazioa eta aitortza bermatzea, ez beste ezer. Ez biktimarioak agerian jartzea edo epaitzea».
Bi gobernuen arteko ituna goraipatu du Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkideak ere, eta, Mariano Rajoyren gobernuari kritika eginez, atsekabea azaldu du Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ez zirelako lehenago ados jarri. Edozein gisara, Romerok espero du hitzarmenak ekarpena egitea legearen helburuari: «Biktimak babestea, berme juridikoak indartuta». Gaineratu duenez, 2016ko legea preskribatutako kasuei buruzkoa izan daiteke soilik: «Preskribatu gabekoentzat auzitegiak daude».
Legearen erreformarekin kritikoagoa da EH Bildu; prozedurarekin nahiz edukiarekin. Julen Arzuaga legebiltzarkidearen arabera, PSE-EEk eta EAJk «autozuzenketa bat» egin diote testuari, eta «aurrekari larria» sor dezake: «Hemengo edozein erabaki eraman dezakete Auzitegi Konstituzionalera, ondoren apalago negoziatzeko». Edukiei dagokienez, Arzuagak uste du legeak biktimen arteko «desberdintasunean sakontzen» duela: «ETAren biktimei errekonozimendu osoa ematen zaie; estatu delituen biktima izan direnei, aldiz, errekonozimendu partziala, betiere baldintzatua, baino ez zaie ematen». Arzuagak gogoan izan du legearen aurka azaldu zirela Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren sindikatuetako batzuk, eta koalizio subiranistak uste du legea aldatzeko helburua «poliziak, guardia zibilak eta ertzainak lasaitzea» izan dela, biktimak erreparatzea baino: «Kezka nagusia estatu delituen egileen ohorea izan da, biktimen duintasuna baino». 2016an abstentziora jo zuen EH Bilduk, eta beste horrenbeste egingo du lege moldatuaren aurrean.
Fernandezek Elkarrekin Podemosek eskatuta egin du agerraldia. Pili Zabala legebiltzarkideak adierazi du legea «abiapuntu bat» dela biktimen erreparaziorako, baina ohartarazi du «bide luzea» dagoela egiteko: «Zor bat daukagu biktima hauekin, eta beharrezkoa da bizikidetza demokratiko bat lortzeko». PPk, berriz, legearen aurka bozkatu zuen 2016an, eta hura aldatuta ere «kezka» adierazi du Carmelo Barrio legebiltzarkideak. Zehazki, Balorazio Batzordearen zereginarekin zalantzak azaldu ditu.