astekaria 2018/10/05
arrowItzuli

kultura

Eider Rodriguez Euskadi saridun, 'Bihotz handiegia' ipuin sortarekin

Itziar Ugarte Irizar

Eider Rodriguez Euskadi saridun, 'Bihotz handiegia' ipuin sortarekin

Euskadi saridun berrien aurreneko izenak dira: Eider Rodriguez, Bihotz handia ipuin liburuagatik; Yolanda Mosquera, La pequeña Roque liburuko ilustrazio lanagatik; eta Santos Zunzunegi, Bajo el signo de la melancolía gaztelaniazko saiakeragatik. Atzo ezagutarazi zituzten Donostian, eta han izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordea ere. «Sailean egiten ditugun gauzen artean, literatura sariak dira gustu handiz egiten ditugun horietakoak», esanez hasi zuen agerraldia Zupiriak. Kulturaren sustapenerako, garrantzitsutzat jo zuen sarien bitartez sortzaileei egindako aitorpena, eta haien balio nagusia aurreko urteko literatur uztako «perlak» nabarmentzea dela aipatu zuen. «Aukera ematen digu sortzaileen lana jendaurrean aitortzeko eta literatur lanak agerikoago egiteko. Liburuei eta egileei buruz hitz egitea bilatzen da, azkenean».

«Arraro» sentitzen zela aitortu arren, esker onez agertu zen Eider Rodriguez Bihotz handiegia-ri egin aitorpenagatik. Idazlearen laugarren ipuin liburua da —Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010) ditu aurrekoak—, sei kontakizunek osatzen dutena. Itxaro Bordak, Jon Kortazarrek, Pello Otxotekok, Castillo Suarezek eta Asier Serranok —Euskadi saria irabazi zuen iaz Linbotarrak poemarioarekin— erabaki dute Rodriguezen lana saritzea, eta idazleak «argi-ilunekin» jokatzeko duen trebezia goraipatu dute. Epaimahaiaren ustez, «pertsona makurrak» dira liburuko sei narrazioetan ageri direnak, eta horiek «modu originalean» eraiki ditu Rodriguezek, «gizakiaren makurdura ezkutuaren bila abiatzeko».

«Edonor izan daiteke bilduma honetako pertsonaia», adierazi zuen, aldiz, Rodriguezek. «Esloganetan» kabitzen ez diren pertsonaiak dira harentzat, «lerroburuetatik kanpo» daudenak.

Yolanda Mosquerak (Amurrio, Araba, 1973) Guy de Maupassanten La pequeña Roque testu klasikoaren edizio berri batean egindako lanagatik jaso du Euskadi saria. Ilustrazioen «dotorezia» azpimarratu du epaimahaiak, horrek «istorioaren gogortasunarekin» egiten duen kontrastearekin batera. Irudiaren eta testuaren arteko «irakurketa bikoitzak» sortzen duen tentsio narratiboa ere nabarmendu du Ainara Azpiazuk, Enrique Martinez-Intxaustik, Jose Martinek, Elisabeth Perezek eta Mikel Valverdek osatutako epaimahaiak.

Saritutako lanean, grafitoarekin De Maupassanten paisaiak birsortu ditu Mosquerak, eta «testuarekin irakurketa paralelo eta sinbolikoak» bilatu ditu hala. Eskertuta agertu zen bera ere instituzioekin, eta pozik, ilustrazioa, elementu narratibo modura, «merezi duen protagonismoa» irabaziz doala ikusita.

«Gaitz kultural bat»

Santos Zunzunegi (Bilbo, 1947) unibertsitateko irakaslearentzat izan da gaztelaniazko saiakeraren Euskadi saria, Bajo el signo de la melancolía. Cine, desencanto y aflicción lanarekin. Malenkonia eta zinemagintza gurutzatu ditu saiakeran, emazteak egindako proposamen bati jarraituta. Hamabi urte behar izan ditu lana ontzeko, inoiz baino gehiago, ohikoago dituen lan akademikoen aldean hau «sinpleagoa» dela aipatu zuen arren. «Gustuko zinemagileengana jo dut, baina. askoz gehiago kostatu zait, zerbait ezberdina egin nahi nuelako». Nerea Aresti, Beñat Arginzoniz, Ainhoa Fernandez de Arroiabe, Maria Jose Martinez eta Juan Manuel Diaz de Gereñu izan dira epaimahaiko kideak, eta, haien hitzetan, liburua «opari bat da saiakera generoa maite duenarentzat». Zunzunegiren arabera, beti hor egon den «gaitz kultural bat» da malenkonia. Zinemagintzaren esparruan izan duen lekua, ordea, hutsuneak aurkitu zituen egileak, eta, epaimahairentzat, horri erantzuten dion «erreferentziazko obra» da Zunzunegirena.

Bi aste barru osatuko dute aurtengo Euskadi sarien zerrenda. Hauek dira falta diren alorrak: euskarazko saiakera, haur eta gazte literatura, itzulpena eta gaztelaniazko literatura.

BERRIAn argitaratua (2018/10/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA