astekaria 2018/10/05
arrowItzuli

iritzia

Dear Urkullu

Jule Goikoetxea

Dear Urkullu Jule Goikoetxea

Politika Orokorreko Eztabaidan entzun nuen Euskadi-Basque Country Eguna edo EusCountry Day izango dugula hemendik aurrera (ou yea!). Hala ere, esandakoaz baino, isildutakoaz arituko naiz, ez baitago gezurrik aipatzen ez den horretan, adibidez, Europako bederatzigarren postuan gaude gizon eta emakumeen berdintasun indizearen arabera (hala esan zen), patriarkatua izendatzen ez dakitenek egindako indize patriarkalaren arabera (esan ez zena). Polit askoa da esatea soldata arrakala konpontzeko hamaika neurri hartuko direla patronala Berdintasun Legearekin ipurdia ezkoztatzen ari dela mututzen den bitartean. Ederra da mitologia jeltzalea ere (Gold eta Lege Old), «Euskadi da erreferentea berdintasun politiketan» (bai, baina Espainian, ez dena hor erreferente); «Euskadi Europako herrialde aurreratuenen artean kokatzen da emakumeen formazioan» (bai, eta azkenetarikoa emakumeen kapital ekonomikoan).

Dear Urkulluk Euskal Country-ko (lehen EAE, orain ingelesen protektoratu den EBC) ongizate erregimena Europako postu onenetan kokatzen zuen, esan gabe Europan lau ongizate erregimen daudela: Liberala (Erresuma Batua, adibidez); Iparraldekoa (Norvegia, Finlandia, eta abar); Kontserbadorea (Frantzia, Alemania) eta Mediterraneoa (Espainia, Italia, Portugal, Grezia). Ezetz asmatu zein ongizate erregimen den sexistena? Mediterraneoa. Ezetz asmatu zein den EAEko ongizate erregimena? Mediterraneoa.

Etorkizunean ez omen da diru nahikorik egongo pentsioetarako, egun langileek kobratzen eta, beraz, kotizatzen dutenarekin. Soldaten, kotizazioen eta pentsioen zenbatekoa elite ekonomiko eta politikoek erabakiko ez balute bezala. Patronala (%98 gizonak) Jainkoaren (gizona hura ere) esku ikusezinaren (langileak) esklaboa balitz bezala. Baina patriarkatua hitza ez ezik, kapitalismoa hitza ere ez dute ezagutzen gure Dear Jeltzaleek, antza. Eta badirudi merkantilizazioa hitza ere ez dutela hiztegian, hau da, ongizate erregimenak sailkatzeko oinarrizkoa den kategoria mundu mailan, familiarizazio kontzeptuarekin batera.

Dear Urkullu, gu prest zure hiztegia aberasteko. Are gehiago, prest gaude azaltzeko gure Basque Country ken Nafarroa ken Iparralde protektoratu berriaren arazoa ez dela bakarrik bere herritarren merkantilizazio maila handia (geroz eta soldata eta kontratu prekarioagoekin, kotizazio eta pentsio baxuagoekin) baizik eta bertan bizi diren emakumeen familiarizazio maila handia (horregatik EAE ez da sartzen iparraldeko ezta liberalak diren ongizate erregimenetan), are gehiago, emakumeen pentsioak gizonenak baino %43 baxuagoak dira eta Barne Produktu Gordinaren %32 emakumeek kobratu gabe egiten duten etxeko lanetik dator (horregatik ez da sartzen erregimen kontserbadoreetan ere). Adam Smithen, Milton Friedmanen, TTIPen eta gure Dear Urkulluren «merkatu askea» zuzentzen duen esku ikusezina liberala eta ikusezina izateaz gain, patriarkala delako, baina hori identifikatzeko «patriarkatu» kontzeptua beharrezkoa da. Horretaz gain, gastu sozialean erreferente ei den gure EusCountry-a Europako azken postuetan dago gizarte babeserako indize nagusi guztietan, Espainistanen datu berberekin. Are gehiago, Eurostat eta Eustaten azken datuen arabera, EAEko BPGtik hezkuntzari bideratutako gastuan (%3,7 inguru) gure atzetik Irlanda eta Errumania bakarrik daude, eta, aurretik, Italia, Bulgaria, Espainia (eta gainontzeko 23 estatu kideak); osasunari bideratutako gastuan (%5), Hungaria eta Polonia artean gaude (atze-atzean horretan ere). Lehendakari jaun txit gorena horrenbeste kezkatzen duen demografia, zahartze- eta jaiotze-tasen inguruan, berdin: zahartzaroari bideratutako gastu sozialean Serbia, Eslovenia eta Espainiaren datu ia berak ditugu (%10,3); eta familia eta seme-alabei (zaintzarako) bideratutako diruan, azken-aurrenak gara, azkena Turkia da eta inguruan Lituania, Grezia eta Portugal ditugu. Dear Urkullu, zer gertatu da? Lost In Translation-en bat?

Umeak zaintzeko Norvegiak ematen duen laguntza EusCountry-k ematen duena baina hamar bider handiagoa da, eta, gainera, unibertsala (ez errentaren araberakoa, EAEko erregimen merkantilista eta familiaristan bezala). Norvegian, oro har, 700 bat euro dira hilero eta bi urtez, EAEn 900 euro guztira (guztira!), hots, emakumeen ongizatea hor konpon, Dear Maria eta Dear Anton.

Zergatik dute emakumeek gure Dear Euskadin gizonek baina lan karga handiagoa (lan ordaindua eta ez ordaindua batzean) eta aldiz gizonek baino %25-30 soldata (eta, oro har, kapital ekonomiko, sozial eta sinboliko) baxuagoa? Dear Urkulluk ez daki/ez du erantzuten.

Ezetz asmatu nork zaintzen dituen zaharrak Europako gizarte zahartuenean, lan prekario bidez, edo, gehienetan, ezer kobratu gabe? Emakumeak. Nork hartzen ditu zaharrak zaintzeko eszedentziak? %82 emakumeek. Ezer kobratu gabe umeak zaintzeko eszedentziak nork eskatzen ditu? %95 emakumeek. Nortzuk dira 700 euro baino gutxiagoko pentsioak dituztenak (lan partzialengatik eta lan ez ordaindu guztiarengatik)? Emakumeak. Umeak izatean, emakumeen soldata %4 murrizten da, gizonena, aldiz, %6 igo. Happy EusPatriarchy!

Pentsionistei Extremaduran baino laguntza gehiago emateak, soldata arrakala 0,5 puntutan berdintzeko jarriko diren neurriek eta Europa Pride-a Bilbon txertatzeak ez dute EusCountry Norvegia bis bat bilakatuko.

Dear Euskadik Dear Espainiaren erregimen patriarkal eta neoliberal berbera izaten jarraituko baitu.

Welcome «erregimen»kontzeptura, Lehendakari estimatua.

BERRIAn argitaratua (2018/10/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA