gizartea
«Eta hau nola esan?»
Itziar Ugarte Irizar
«Hori zen», dio gaur, mende erdi geroago. «Dena egiteko zegoen, eta guk ilusio izugarria genuen. Argi geneukan gauza bat, eta horrek eman zigun indarra: euskarak balio du bizitzako arlo guztietarako, edo bestela ez du balio». Uste horrek eta premia argiak lotu zituen jakintza arlo ezberdinetatik zetozen asko hitzak berreskuratzera, asmatzera, adiera berri bat emateko zereginera; belaunaldi hark ekarri zituen euskarara garatu, helburu, ziurtagiri, oreka, marrazain, jokoz kanpo eta gaur hain errotuta dauden beste hamaika hitz.
«Garai hartan, dena zen zalantza», laburtu du Jabier Agirrek. «Nik medikuntza ikasketak egin nituen, euskalduna nintzen, baina medikuntzaz euskaraz ez nekien ezer». Paulo Agirrebalzategik deituta, UZEIra joaten hasi zen orduan, «orduka», osasun zentroko lana amaitutakoan. «Hutsetik abiatzen ginen. Ez zegoen argi estomago urdaila zenik, hepatitis nola esan behar genuen euskaraz…». Euskara batua sortua zen ordurako, euskara kultura eta jakintza bideetan jartzeko, noranahiko eremuetan baliagarria izateko. Horretara jartzean, baina, «berez» azaleratzen ziren hutsuneak lexikoan, ia-ia jakintza arlo guztietan. Eta bete behar ziren hutsuneak, fisikaz, hizkuntzalaritzaz, biologiaz, zuzenbideaz eta bestez euskaraz jardungo bazen. «Hizkuntza guztiek dute hitzak sortzeko ahalmena, baldin eta bizirik badaude», azpimarratu du Etxebarriak. Hori «frogatzea» zen egitekoa, lexikoa sortzeko bideak landuz.
UZEI eta Elhuyar izan ziren euskara teknikoa garatzeko eta normalizatzeko bideak ezartzen aitzindariak, 1977an eta 1972an sortuak, hurrenez hurren. UZEIk hiztegika egin zuen lan hasieratik, jakintza arlo bakoitzean aditu bati enkargua eginez eta hark talde bat bilduz hiztegia osatzeko. Medikuntzako hiztegiaren ardura hartu zuen Agirrek, eta fisikakoarena Etxebarriak. Denera, 50 bat hiztegikoa izan zen lehen uzta. Jakin-ek argitaratutako Natur Zientziak Hiztegia izan zen horien aurrekaria, 1976koa. Iker Etxebestek ekarri du mahai gainera, egun UZEIko terminologia saileko arduradunak: «Lehenengo saio bat izan zen lexiko espezializatuan euskara ere sartzeko. Egileek eurek esaten dute terminologia zer zen jakin gabe egin zutela terminologia».
Estreinaldi lexikoak
Bi bidetara jo zuten, Agirrek azaldu duenez: «Euskarazko hitz zaharrak berreskuratzera edo zeuk asmatzera; eta hor aukerak zabaltzen dira: maileguak, hitz eratorriak, hitz elkarketak, zabalkunde semantikoa...». Medikuntzan, hala sortu zituzten, esaterako, antigorputz, behatz punta, ziurtagiri, besahezur, txerto...
Hustuketa zen lehen urratsa. «UZEIk datu base ikaragarria zuen; hartzen genuen, adibidez, Saioka liburua, eta aurkitutako hitzak fitxetara kopiatzen genituen». Teknikarien lana hasten zen hor. Mila Larrea izan zen horretan jardun zutenetako bat: «Material hori alfabetoz ordenatu behar genuen, zerrendak egiteko; hizkuntza bakoitzetik berrordenatu behar ziren gero, eta fitxa bakoitzarekin buelta eta buelta aritzen ginen. Ordenagailurik ere ez zegoen. Ordu askoko lana izan zen».
Administrazioko lana euskaraz egiten aurrendariak izan ziren UZEIn, Larrearen arabera, eta hor ere egitearen egitez osatu zuten lexikoa. «Etengabe sortzen ziren galdera berriak», berretsi du Agirrek. «1980ko hasieran hiesa bolo-bolo zebilen, eta Amatiñok deitu zigun ETBtik gau horretan bertan ea joango ginen gaiaz hitz egitera. Bagenekien gaztelaniaz SIDA Sindrome de Imunodeficiendia Adquirida zela; ingelesez alderantziz, AID Acquired Immune Deficiency Syndrome. Eta euskaraz? Goiz osoa ibili ginen UZEIn bueltak ematen. Ez genekien Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea, Immuno Eskasia Hartuaren Sindromea... Ez dakit gau hartan zer bota genuen, euskararentzat dena zen berria».
Euskararen ondare lexiko zaharrera jotzea lehenetsi arren, ez zituzten maileguak baztertu. Ez UZEIn, baina korronte garbizaleagoak egon zirela aipatu du Agirrek. «Bilbo inguruan egon zen maileguen kontrako talde bat. Haiek ere atera zituzten pare bat liburu, baina ez zuten bide askorik egin. Arteritis esateko, adibidez, odol gorri hodi antura proposatu zuten».
Iribarren 11 milioiak
Kirolkidea izan zen UZEIn argitaratu zen lehen liburua, Jose Angel Iribar futbolari ohiak jarritako diruarekin. «11 milioi pezeta izan ziren: ikaragarrizko dirutza. Bere omenaldian eman zioten dirua eman zuen komunikabideek kirola euskaraz landu zezaten», kontatu du Iñaki Elortza Txapas irrati esatariak. Ingeniari teknikoa da ikasketaz; Atotxako zelaian futbol partidak bere kabuz euskaraz grabatzen hasi, eta kiroleko lexikoa sortzen bukatu zuen Elortzak ere. «Bildu ginen zenbait futbolari ohi, Iribar bera, Xabier Azkargorta... eta hitzen zerrenda bat egiten hasi ginen, lan hori UZEIri eman, eta haren esanetara hasi ginen». Hustuketa aurrena: «Zeruko Argia, Basarriren kronikak, Ipar Euskal herriko aldizkariak... Hitzak bakarrik ez, esamoldeak ere hartzen genituen: leporaino, sabeleraino… Sekulako aberastasuna ikusten genuen». Pilotak balio izan zien oinarri moduan: «Futboleko aurrelaria eta atzelaria pilotatik hartu genituen; erdilaria hala asmatu genuen, eta atean zegoena, ba, atezaina. Orain hain arruntak diren hitzak orduan ez zeuden». Ordutik aurrera hasi ziren euskaldunak jokoz kanpo, saskibaloia, epailea, marrazaina, aldagela eta beste aurrenekoz erabiltzen. «Imajinatu ezina da aurretik zegoen hutsunea; kiroletan, euskara bakarrik arraunean, herri kiroletan eta, inoiz, pilota partidetan erabiltzen zen».
Talde lanean oinarritu zen egitekoa. «Inguruko jendea hurbiltzen zen 'hitz bat aurkitu diat!' esanez», dio Elortzak. Batek elizari itzulika aurkitu zuen, eta hortik hartu zuen izena Euskal Herriko Itzuliak; anoa ematea topatu zuen beste batek, sasoi batean basomutilek mendira eramaten zuten janari poltsa, eta txirrindulariari ematen zaien «poltsa» izendatzeko hartu zuten; Ramon Etxezarretak tentemusu gelditu eraman zien, kiroletan «estatua bezala gelditzea» esateko hartu zutena; baserritarrek gurdiari jartzen zioten makila, langeta, futboleko ateko langa esateko hartu zuten. «Hor zeuden hitzak dira, ez laborategian asmatutakoak», zehaztu du Elortzak.
Beste hiztegiek izan ez zuten abantaila bat izan zuen kirolarenak: irratian kirola euskaraz ematen lehenetakoa izan zen Elortza, eta hiztegiekin egiten zuten lana egunero jendeari konta ziezaiokeen. «Jendearen belarrira egiten zen lana». Eta harrera «ikaragarri ona» izan zen, esatariarentzat: «Kezka eta borrokarako gogo handiagoa zegoen hizkuntzarekin, eta jendeak emozioz bizi zuen».
Aparteko kasua da garapen hitzarena. «Garai hartako umea da», dio Etxebarriak, hitzaren aurkikuntza egozten zaionak. Anaitasuna aldizkariaren zenbaki bakoitzean zientziari buruzko artikulu bat idazten zuen fisikariak, eta garai hartan sarri agertzen hasi zen kontzeptuetako bat zen, gaztelaniaz, plan de desarrollo. «Ez genekien hori nola esan. Mailegurako aukerak oso itsusiak ziren: desarroilo eta debelopamendu». Bittor Kapanagaren Euskara erro eta gara izeneko liburua aurkitu zuen bitarte horretan, eta jabetu zen senide baserritar batzuei ere entzuna ziela, kimu berriak hazten ari direla esateko. «Arbi-gara esaten zioten hazten ari zen landareari». Imanol Berriatua aldizkariko arduradunarengana jo zuen: «Desarrollo esateko garatu otu zitzaidala esan nion. Goxoa euskaldunen belarrietara, eta, azalduz gero, primeran ulertzen zela. Familia osoa zenuen, gainera: garatu, azpigarapen, garabide…». 1979ko martxoaren 3ko Anaitasuna-n proposatu zuen. Gaur arte.
Oreka ere orduan berreskuratu zuten, fisikarako oso baliagarria izan zitzaiena. «Azkuek aspaldi jasoa zuen hitz bat zen. Txalupa batek itsasoan aingura jarri gabe duela egiten zuen mugimenduari esaten zitzaion».
«Zehaztasuna» ezinbestekoa zen lexiko teknikoa lantzeko, Etxebarriak azpimarratu duenez. Horretarako, banaketa semantikorako, euskalkiak baliatu zituzten: «Eroan eta eraman, adibidez. Bada, eroale hitza conductor izango zela erabaki genuen, eta eramaile, berriz, portador».
Errotu dira, baina
Eztabaidak ere izan ziren. Koldo Mitxelenak gurdia idien aurretik jartzea leporatu zien, lexiko orokorra oraindik zehaztu gabe egonik lexiko teknikoa lantzen jartzeagatik. Ez zuen asmatu, Etxebesterentzat: «Aitzindari hauek lexiko orokorra finkatzeko zain egon balira, denbora asko galduko zen. Hizkuntza goi hezkuntzara iritsiko bazen, lan hau egin beharra zegoen, eta orduan egin behar zen». Antzera ikusten du Larreak ere: «Euskarari eman diogun aurrerabidea une hartako lanagatik izan da; hiztegi horiek gabe, euskararen batasuna ez zen posible izango».
Orduan jarritako oinarriaren eguneratze eta osatze lana da gaurkoa. Horretan oztoporik izatekotan erabilera eta zabalkundea direla uste dute. Jendeak bere egin ditzan hitzok, «arlo bakoitzeko profesionalek sozializatu behar dituzte proposamenak», Etxebesteren ustetan. «Mediku batek baditu euskaraz lan egiteko tresnak, baina kontsultan erabiltzeko dira, ez hiztegian geratzeko».