astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

mundua

Zigorrak arreta gune

José F. Álamo

Zigorrak arreta gune

Baliteke Latinoamerikako gerrillarik zaharrena laster bukatzea. FARC eta Kolonbiako gobernua hizketan ari dira 2012an Habanan horretan hasi zirenetik, eta 2015. urtearen amaieran aurrerapauso erabakigarri bat eman dute, hitzarmen historiko bat egin baitute justiziari eta biktimei buruz. Bi aldeek 2016an sinatu nahi dute bakea.

Habanan bi talde ari dira, bata gobernuarena eta bestea FARCena, eta bietan bosna ordezkari daude, bozeramaile lanak egiteko. Era berean, hiru legelariren batzorde bat dago, lege testu bateratu bat idazteko hainbat gai delikaturi buruz; besteak beste, biktimen erreparazioari buruz eta krimenei jarri beharreko zigorrei buruz.

Enrique Santiago Romero abokatua (Madrid, 1964) Espainiako Alderdi Komunistako eta Izquierda Unidako militantea da, eta hiru legelari horietako bat ere bai, FARCen bake ordezkaritzaren aholkulari juridiko ari baita. «Kolonbian, zigorrik gabe geratu dira asko eta asko, eta ez gerrillariak bakarrik: beste hainbeste gertatu da estatu indarrekin eta paramilitarrekin. Horregatik da garrantzitsua abenduaren 15eko hitzarmena: lehen aldiz munduan, gatazka ez da konponduko amnistia orokorra emanez», adierazi dio BERRIAri.

Legelariak aitortu du sekula ez direla ados jarriko gai guztietan, «jarrerak buruz buru» daudelako, eta ulertzen du bi aldeek zeinek bere iritzia ematea zerbaiten berri jakinarazteko orduan. «Jarraitzaileek zer espero duten, hura esan behar du alde bakoitzak adierazpen publikoetan».

Gerrillarien dialektika, horra batere aldatu ez den zerbait. Abenduaren 15ean, Habanan eginiko mintzaldian, Ivan Marquezek gogora ekarri zuen Gabriel Garcia Marquezek Literaturako Nobel saria jasotzean esandako hau: «Biziaren utopia berri erregarri bat, zeinean inork ezingo baitu besteen ordez erabaki baita hiltzeko modua ere, zeinean maitasuna zinezkoa izango baita eta zoriontasuna posible, zeinean ehun urtez bakardadera kondenaturiko leinuek, azkenean eta betiko, beste aukera bat izango baitute lur honetan».

Iritzi publikoak, ordea, ez luke besterik gabe onartuko FARCeko buruzagi nagusiak politikan aritzea, lehenago kartzelan sartu ezean. «Eztabaida ez da ea gerrillariak ez diren sartuko kartzelan eta militarrak bai. Zigorrak parekoak izago dira guztientzat», baieztatu du Enrique Santiagok; delitu politikoetarako amnistiaz mintzatu da, hala nola matxinada deliturako amnistiaz. Izan ere, hori emateko aukera jasoa dago legedian, Kolonbia oso sentibera baita estatuak eginiko krimenekin.

Juan Manuel Santos presidenteak jurisdikzio berezi bat aipatu zuen: hartan, gobernuaren indarrak ez lirateke parekatuko gerrillarekin. «Justizia independenteko auzitegi batek epaituko ditu guztiak, bai borrokalariak eta bai borrokalariak ez direnak, eta auzitegi hori ez du aukeratuko ez alde batek eta ez besteak. Oraindik ez dago akordioaren oinarririk, baina bi aldeak bat datoz horretan. Hiru erakundek osatuko dute auzitegia, eta gutxienez haietako bi ez dira izango nazionalak», iragarri du legelariak.

Nahiz eta oraindik zehaztu gabe dauden gai batzuk —arma uztea, desmobilizazioa, bizimodu zibilerako sarbidea, eta abar—, Enrique Santiago sinetsita dago prozesuak ez duela itzulbiderik. «Hori FARCek berak ere esan du; gauzak izugarri okertu ezean, hitzarmena egin egingo da».

Nolanahi ere, Santiagok uste du bakerako zehazturiko epea, hau da, 2016ko martxoaren 23a —justizia akordioa egin eta sei hilabetera— ez dela zentzuzkoa. «Argi izan hori ezinezkoa dela; inola ere ez dago denborarik zehazteko dagoen guztia lantzeko».

Atzerapena

FARCen aholkulari juridikoak azaldu du gobernuak ez zituela onartu 2015eko irailaren 13ko justizia proposamenak, eta, beraz, abenduaren 15ean lortutako akordiotik aurrera hasi beharko litzatekeela kontatzen: epea 2016ko ekainaren 15era arte atzeratuko litzateke. «50 urteko gerra batean, bake ituna hilabete lehenago edo geroago iritsi, berdin zaio. Eta zeren mende dago epea betetzea? Bada, gobernuaren ikuspegiaren zabaltasunaren mende: gai izan behar du segurtasuna bermatzeko, eta lehengoa ez dela errepikatuko segurtatzeko».

FARC arrunt aldatu da mendea hasi zenez geroztik. Kolonbiako armadaren txosten baten arabera, gerrillariek 6.700 kide armatu zeuzkaten 2014an; 2002an, berriz, 20.000 ziren. Kolonbiako 11 eskualdeetako 1.100 herrietatik 242tan da FARC operatiboa, Bakea eta Adiskidetzea fundazioaren arabera.

Borrokalari horietaz gainera, 9.600 zibil daude, FARCen laguntzaile ibilitakoak. Estatuko indar militarrek uste dute 22.000 lagun aurkeztuko direla behin betiko bake hitzarmena sinatu eta gero; haietako batzuk, gizarteratzeko laguntza ekonomikoak lortzeko, nahiz eta gerrillakoak ez izan.

«Kalkulatu dugu FARCek 20.000 arma inguru entregatu edo utziko dituela bazterrera», zehaztu du Gatazkak Aztertzeko Bitartekoen Zentroaren zuzendariak, Jorge Restrepok. «Kolonbiako gerrillaren armak fusilak dira; proportzioan, pistola eta errebolber gutxi dauzka». Kalkulu zuhur baten arabera, miliziano bakoitzak arma bat du.

Badago lausoz beteriko gai bat: zenbat diru duten gerrilariek, biktimen erreparazio materialerako izan behar luke eta. «FARCek ez dauka dirurik. Esan izan da kontuak ditugula bankuetan, dirua erruz daukagula zerga paradisuetan. Kanpaina mediatiko baten parte bat da», adierazi berri du FARCeko bozeramaile eta buruzagiordeak, Iván Márquez esaten diotenak, BBCk eginiko elkarrizketa batean.

Gobernuak beti esan izan du bahiketa, droga trafikoa, legez kanpoko meatzaritza eta estortsioa direla gerrillaren finantzabide nagusiak, eta horiek denak urritu eta urritu ari dira azken urteotan. «Ez dugu kokarik ekoizten, ez dugu laborategirik, ez dugu esportatzen eta ez dugu trafiko ibilbiderik; hori guztia kartelek egiten dute. Gerrilla honen matxinadaren helburua ez da izan aberastea. Hemen, beste batzuek egin dute dirua», erantzun dute FARCekoek.

BERRIAn argitaratua (2016/01/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA