gizartea
BATUAREN ARANTZAK
Garikoitz Goikoetxea
Dudarik ez dago aurrerapauso nabarmena izan zela euskara batua sortzea: euskararen historian egindako urratsik handienetako bat. Erroko aldaketa, Koldo Zuazo euskaltzainaren hitzetan: «Euskara batua egin aurretik, dialekto sorta bat zegoen; harrezkero, hizkuntza bat dago». Euskalkiak ikertzen urteak daramatza Zuazok —hark eginak dira euskalkei buruzko azken mapak—, baina euskara batua ere izan du aztergai. Liburu bat argitaratu zuen 2005ean: Euskara batua. Ezina ekinez egina. Urteotako aurrerapenak eta horrek ekarritako onurak goraipatu ditu: «Gaur egun euskara bada. Ikasteko eta erabiltzeko aukera eman du horrek».
Euskara batua zertarako behar den, premiarik ba ote dagoen, eztabaida hori gaindituta dago jada. Hala uste du Labayru fundazioko zuzendariorde Igone Etxebarriak: «Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen batasuna behar denik. Honezkero denok onartzen dugu kode komun bat daukagula eta horixe dela bidea». Batuaren bidez, izan ere, gainerako hizkuntzen parean jarri da euskara, hizkuntza estandar bat taxutu baita.
Arrakasta da. «Sekulako arrakasta izan du, sekulakoa». Batuarekin euskarak egindako urratsa goratu du Joan Mari Torrealdaik, Jakin fundazioko lehendakariak. «Urte luzeetan izan dituen kontraeredu eta sabotajeak gainditu ditu». Oraindik badira horien arrastoak, «euskararen aurkarien lumetan». Berriki atera du Asalto al euskera liburua, eta bertan bildu ditu adibideak: «Nahiz eta euskara ez jakin, badakite batua artifiziala dela, eta ETAren inposizioa dela, euskara jatorra zulora daramana». Hala ere, aurrera egin du euskara batuak. «Ondo kostata irabazi du prestigioa».
Sortutako zauriak
Ez zen bide erraza izan, nolanahi ere. Zauriak sortu ziren. Sumatzen zuten horren arriskua. Koldo Mitxelenak halaxe adierazi zuen Arantzazuko biltzarrean bertan aurkeztutako idazkian: «Ez luke gai honetan inor mindu nahi Euskaltzaindiak, baina ezin diteke batasunera jo, inor —gerok lehenik gerala— mindu gabe». Oinarri zehatz bat du euskara batuak: gipuzkera, Beterri ingurukoa, Donostiatik Tolosara doan eremukoa. «Erabaki zuzena izan zen. Eta egin kontu ni neu ez naizela eskualde horretako hiztuna», adierazi du Zuazok. Erabaki horrek ez zituen denak ados izan, eta zauriak sortu ziren beste euskalki batzuetan, batik bat mendebaldean eta ekialdean. Hori joana da, Etxebarriaren esanetan: «Hasierako zauriak gaindituta ikusten ditut. Ibiliaz egiten da bidea».
Ikuskera talka bat ere bazegoen oinarrian, Zuazok azaldu duenez. «Euskara batua egiten hasi zenean, XVI. eta XVII. mendeetako literatura lapurtarrarenganako lilura zegoen. Hori zeukaten euskara jasotzat». Batik bat Bilbo inguruan zabaldu zen joera hori. «Lilura horren ondorioz, antzinako hainbat hitz eta egitura berpiztu ziren». Zuazoren arabera, hala ere, gaindituta dago hori, «oso baztertuta». Ikusi du pauso bat alde horretatik: «Askozaz euskara gertukoagoa egiten da».
Aurreiritzi hedatuak
Gertutasuna. Herrialde eta sektore batzuetan aski hedatua dago euskara batua urrunekoa dela, gertutasunik gabea. Ipar Euskal Herrian ere badute indarra «aitziniritzi, klixe edo estereotipo» horiek, Battittu Coyos euskaltzainaren esanetan. «Adibidez, 'Espainiatik jiten' dela, 'espainolaren kalko txar bat' dela euskara batua, irakaskuntzan haurrei 'inposatzen' zaiela, Iparraldeko euskalkiak ez dituela kontuan hartzen...». Uste faltsuak dira, Coyosek nabarmendu duenez. Datu bat eman du: Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldian, 2017koan, 37.900 sarreretatik ia 2.900ek dute Iparraldeko marka. «Beraz, gezurra da: Euskaltzaindiak euskalkiak aztertzen ditu, eta kontuan hartzen».
Baina nabarmena da indarra badutela aurreiritzi horiek. Deustuko Unibertsitatean ikerketa bat egin zuten duela bi urte euskara etxetik kanpo ikasi dutenei buruz: Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak. Besteak beste, euskara batuari buruz zer iritzi duten galdetu zieten euskaldun horiei —ia denek batua ikasi dute, eskolan edo euskaltegian—. «Onartzen dute estandarra jakitea baliagarria dela eta aitortzen diote denon hizkuntza izateko funtzioa», azaldu du egileetako batek, Jone Goirigolzarrik —beste hiru irakasle ere aritu ziren: Esti Amorrortu, Ane Ortega eta Jacqueline Urla—. Euskara batuaren funtzioa ontzat jotzen dute, bai, baina baikorrak ez diren adjektibo ugari bildu dituzte elkarrizketetan: artifiziala, hotza, plastikozkoa, aspergarria... Hedatutako ikuspegiak dira, eta ez euskaldun berrien artean soilik.
Zerk sortu du urruntasun hori? Etxebarriak uste du maiz hanka sartu dela euskara batua zer den azaltzean. Adibide bat jarri du, hezkuntzarekin lotua: «Eskolara 2 edo 3 urterekin hasten den ume euskaldunari ezin zaio esan aitita ez dela aitita, aitona baino, eta domeka ez dela domeka, igandea baino. Euskara batua zer ez den eta zer bai, horrek uste dut kalte handia egin duela». Antzera mintzatu da Zuazo ere: «Beti uste izan dut euskara batua egoki egin zela. Gizarteratzea, berriz, ezin okerrago egin da». Ohartarazi du Espainiak eta Frantziak euskararekin duten jokabide berbera hartu dela Euskal Herrian batuarekin eta euskalkiekin: «Batua goitik behera ezartzen eta batuaz besteko hizkerak baztertzen ahalegindu gara, eta agerian daude ondorioak: jende askok euskalkiak gutxietsi eta gaitzetsi egiten ditu». Eredu hobeak badirela azaldu du Zuazok, eta herrialde eskandinabiarrak jarri ditu adibide: «Dialektoak eta estandarra, biak babesten dira. Euskal Herrirako ere hori litzateke bide egokia, baina ez du ematen ikuspegi horrek gure artean jarraitzailerik daukanik».
Euskaraz ez bizitzea
Transmisioan egon da hutsunea, Torrealdairen esanetan. «Ez dugu erakutsi nola egin norbere euskaratik euskara batura doan bidea, ikusten denez. Ez eskolak eta ez akademiek». Hori baino faktore gehiago badira, hala ere, Torrealdairen ustez: euskara zertarako erabiltzen den. «Euskaraz osoki biziko balitz jendea, etxetik eta kuadrillatik harago, kulturan, komunikabideetan, euskal herrietan zehar... orduan jabetuko lirateke euskara batuaren beharra hil ala bizikoa nola den». Beste jokabide bat ikusten du, baina: «Esan dezagun garbi: jende bat diglosian goxo bizi da, euskara batuari errua emanda: etxeko euskarak harreman hurbileko zenbait funtziotarako balio dio, eta, hortik gorako zereginetarako, hortxe du eskura erdara batua». Utzikeria ere nabari du. «Euskara batua baino natualagoa gertatzen zaie erdara batua».
Finean, oinarrian egoera soziolinguistikoaren ondorioak daude: «Ez garela euskaraz bizi, horrek egiten du huts», Torrealdaik dioenez. Ez da euskararen salbuespena. Goirigolzarrik azaldu du estandarrari buruzko aurreiritzi ezkorrak agertzen direla gutxitutako beste hizkuntza batzuetan ere.
Euskara batuari buruz hedatu den irudi horrek eragin ezkorra duela bat datoz adituak. Zuazo: «Euskara batua artifiziala dela eta era horretako iritziak zabaltzeak sekulako kaltea egiten digu». Bereziki gogoan hartu ditu euskara ikasleak: «Esaten badiegu inork hitz egiten ez duen hizkuntza artifizial bat erabiltzen dutela, aurrera jarraitzeko gogoa kenduko diegu». Deustuko Unibertsitatearen ikerketan badira horrelako zantzuak. Goirigolzarri: «Euskalkian egitea edo ez egitea bada hiztun berriek beren burua benetako hiztuntzat hartzeko faktoreetako bat». Alegia, euskara eskolan edo euskaltegian ikasi duten batzuek uste dutela ez direla «benetako euskaldunak» euskara batua bakarrik dakitelako.
Horrek ba ote du eraginik erabileran? Deustuko Unibertsitatearen ikerketak baietz erakutsi du. Euskara etxetik kanpo ikasi duten gazteei galdetu diete zergatik ez duten euskaraz gehiago egiten. Bi faktore dira pisuzkoenak: ohiturarik ez izatea eta inguru erdalduna izatea; euskaraz aritzeko erraztasunik eza ere bai. Adierazgarria da, halere, euskara batua agertzen dela euskaraz gehiago ez egiteko arrazoi gisa: %30ek adierazi dute batua «bakarrik» dakitelako ez direla euskaraz aritzen.
Batuan gero eta gehiago
Datu soziolinguistikoak ikusita, kontuan hartzekoa da aldagai hori. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunen herenek baino gehiagok etxetik kanpo ikasi dute euskara. Gazteen artean, gehiagok: 34 urte baino gutxiagoko euskaldunen erdiak baino gehiago dira euskaldun berriak. Uste izatekoa da datozen urteetan igo egingo dela euskara etxetik at jaso dutenen ehunekoa.
Horrekin batera, hedatzen ari da beste euskaldun multzo bat: etxean euskara batua jaso dutenak. Soslai soziolinguistikoaren aldetik euskaldun zaharrak dira, estandarra dutenak beren aldaera. Ez du esan nahi euskalkirik ez dutenik, Zuazok ohartarazi duenez: «Euskara batua ikasi dutenei askotan entzun diet ez dutela euskalkirik. Eta badute! Beterriko hizkera egiten dute, aldaketa txiki batzuekin: det ordez dut, gera ordez gara, dijua ordez doa...».
Hiztunen soslaia aldatzen ari da, beraz, eta hori kontuan hartu behar dela azaldu du Torrealdaik: «Euskara batuan jaio direnen eta euskalkian jaio direnen arteko batasuna behar-beharrezkoa da, bi hiztun komunitateren arriskua ekiditeko, edota bi abiadurako euskalgintzarik ez sortzeko». Bereizketa hori sortzen ari ote da? Etxebarriak euskalkidunen ikuspegitik erreparatu dio: «Nire inguruan, kasurako, euskaldunek sarritan bigarren hizkuntza moduan ikasten dute euskara batua, euren erregistroa hobetzeko edo dotoretzeko prozesu moduan baino gehiago. Hori kaltegarria da hiztunontzat eta euskararentzat». Pedagogia landu behar da, Torrealdairen arabera; pedagogia, haurrekin, hezkuntzan, baina ez han soilik. «Egiteko hori ez da eskolaren lana bakarrik, gizarte osoarena eta erakunde guztiena baizik».
Batu kolokiala
Hiztun berriei buruzko ikerketak erakutsi du batua «artifizialtzat» jotzearekin batera euskalkiekiko mira bat badutela euskaldun horiek: euskalkiak hartzen dituztela «benetako euskara» modura. Hala ere, ikertzaileen esanetan, hiztun horietako askok falta dutena ez da euskalkia, baizik eta egoera formaletatik harago erabiltzeko hizketa modu bat. Goirigolzarri: «Euskalkia erregistro informalarekin lotzen bada ere, uste dugu hiztun berri askok beren errepertorioan falta dutena ez dela euskalkia, erregistro informala erabili ahal izatea baino».
Arantzazuko biltzarra egin zutenean ez zegoen hori mahai gainean. Zazpi herrialdeetako euskaldunek elkar ulertzeko euskara egin nahi zuten, eta liburuetarako balioko zuena, bai hezkuntzarako, bai literaturarako. «Kezka ez zen, beraz, lagunartean, ostatuetan, jai giroan erabiltzeko hizkera bat sortzea; horretarako bazeuden euskalkiak», azaldu du Zuazok. Bestelakoa da egoera soziolinguistikoa orain: erdaldunduta zeuden eskualdeetara hedatu da euskara, eta gero eta euskaldun gehiago bizi da eremu horietan. «Askok ikasi dute euskara, baina eredu jasoa erakutsi zaie, eta eredu horrek ez du balio lagunarterako. Beraz, euskalkirik ez dute, eta lagunarteko baturik ere ez. Erdara da daukatena». Zuazoren ustez, horrek ere eragiten du euskararen ezagutzatik erabilerara dagoen aldea, ezagutza handitu arren erabilera ez igotzea. «Hein handian, geurea da errua, ez dugulako sortu, eta ez garelako sortzen ahalegindu, eremu erdaldunetan euskaldundu diren hiztun ugariendako hizkera egokia». Euskara batu kolokial bat, alegia.
Eredu informal hori nola sortu, hiztunen euren baitatik atera beharko duela uste dute Coyosek eta Etxebarriak: erabilerak ekarriko duela euskarazko hizkera kolokialak sortzea. «Informaltasun hori ez da erakatsiko, ene ustez. Hori gauzatuko da hiztunen beharren arabera, hiztun horiek euskaldunak baldin badira, bistan da», dio euskaltzain zuberotarrak. Erabilerarekin lotuta ikusten du Labayruko kideak ere: «Euskara erabiltzen bada, sortuko dira kasuan kasurako erregistroak, ez dudarik eduki». Eta sortzen denean ez dira guztiak konforme izango. «Bateko erdararen kalkoak direla, besteko txokokeriak direla... Orduan ere sortuko dira matrakak», iragarri du Etxebarriak. Coyosen esanetan, normala da, hizkuntza bizirik dagoen seinale. «Hori da bizi diren hizkuntza guztien betikotasuna, aldatzen baitira nahi ala ez».
Kontua da, behin erregistroak sortuta ere, argi ote dagoen noiz erabili behar den bakoitza. Bistan dago horrek sortzen dituela askotan euskara batuaren eta euskalkien arteko lehia desitxuratuak. «Hainbat akats ikusten dira arlo horretan: estandarra erabili behar denean norbere hizkera erabiltzea, hizkera jasoa erabili behar denean lagunartekoa erabiltzea...», ohartarazi du Zuazok. «Azken batean, oso urrun gaude egoera normalizatu batetik. Eta, batez ere, egoera normalizatua zer den ez dakigulako gaude urrun».
Tokiko batuak
Erregistroekin lotuta, euskara batua eta euskalkiak nola uztartu, proposamen bat egina du Zuazok, eta uste du hutsunea hor dagoela batasunaren 50. urteurrenean: tokiko batuak ez izatea. Inguruko hizkuntzek badituzte tokiko estandarrak: gaztelaniak, frantsesak, ingelesak... Euskarari dagokionez, bide bat urratzen hasia da Lapurdin eta Nafarroa Beherean. «Iparraldeko batua egituratzen ari dira. Zuberoan ere ezaguna da hizkera hori». Zuazok ikusten du aukera tokiko estandarrak gainerako herrialdeetan ere egiteko: mendebaldean, Nafarroan, Zuberoan... «Lozorroan gaude».
Gaztelaniaren adibidea jarri du Zuazok: baditu tokiko estandarrak Argentinan, Mexikon, Txilen... Adibide horri heldu dio Torrealdaik ere, euskara batuari buruzko aurreiritziak bidegabeak direla erakusteko: «Pentsa nolako aldea dagoen gaztelania batutik —horixe baita ezagutzen dugun gaztelania— Espainiako herrietako hizkeretara, eta batez ere Ameriketan gaztelania hitz egiten den herrietako hizkeretara. Nork esaten du gaztelania hau artifiziala eta plastikozkoa denik? Euskara batuaren kasuan ere salakuntza hori gezurra da». Alegia, tokikoa eta batua ez direla elkarren arerioak. «Elkarren osagarri dira. Euskara batua inklusiboa baita». Horren aurkako iritziak atzerapausoa dira, Torrealdaik nabarmendu duenez: «Peru Abarkaren Basarteko unibertsitatera garamatzate». Ez du uste, hala ere, joera hori «gaindiezina» denik.
Bistakoa da gai horri buruzko kezka iritsi dela Euskaltzaindira. Larunbatean, Arantzazuko kongresuaren itxiera modura, agiri bat aurkeztuko dute: Euskara batuaren adierazpena. Torrealdaik berak aurkeztuko du. Uste du 1968ko biltzarraren urteurrenak eta kongresua Arantzazun egiteak aukera jartzen dutela gisa horretako adierazpen bat egiteko. «Aukera paregabea du Euskaltzaindiak modako zenbait jarrera kaltegarri deitoratzeko, etorkizunari buruz apustua berritzeko, eta euskal jendeari eskerrak eta zorionak emateko euskara batuari erakutsi dion atxikimenduagatik». Larunbat eguerdi partean aurkeztuko dute adierazpena, eta sinadura ekitaldia egingo dute segidan; erakunde eta eragile sozial nagusiak Arantzazun izango dira.
Koldo Mitxelenak Arantzazun aurkeztutako txosteneko pasarte bat ekarri du gogora Torrealdaik: «Ezin-bestekoa, hil-edo-bizikoa, dela uste dugu euskera batasun bidean jartzea». Horrekin bat dator Jakin fundazioko lehendakaria: «Euskara, biziko bada, euskara batuan biziko da. Euskararen beraren eta euskara batuaren zoria eta etorkizuna bat bera dira».