astekaria 2018/10/05
arrowItzuli

bizigiro

Ez dute hainbestek atsegin

Lander Muñagorri Garmendia

Ez dute hainbestek atsegin

Atsegin dut, zoragarria, kar-kar-kar, harrigarria, hau tristura eta hau amorrua. Sei aukera horien artean hauta dezake Facebook sare sozialeko erabiltzaileak bere kontaktuetako batek zerbait argitaratzen duenean: 2.167 milioi pertsonak hauta dezakete sei aukera horien artean, nahiz eta horietatik 1.470 milioi diren eguneroko erabiltzaileak. Zenbaki horiek 2017koak baino %14 handiagoak dira, eta munduko sare sozial handiena da, beraz. Baina, handia izanagatik ere, 2018. urtea gogorra izaten ari da konpainiarentzat. Cambridge Analytica enpresari 50 milioi erabiltzaileren datuak saldu izanak sare sozialaren inguruko kritikak areagotu egin ditu, eta Facebook horren erantzuna jasotzen ari da azken hilabeteetan.

AEBetan eta Kanadan milioi bat erabiltzaile galdu ditu eskandalua piztu zenetik, eta 2018ko bigarren hiruhilekorako eginda zeuzkan aurreikuspenetan huts egin zuen: eguneroko erabiltzaileen kopurua ez zen iritsi 1.490 milioira. Sare sozialean zeukaten kontua ezabatu dute erabiltzaile askok, eta eskandalua piztu berritan #DeleteFacebook traola izugarri hedatu zen Twitterren. Askorentzat, euren kontua ixteko falta zitzaien azken bultzada izan zen Cambridge Analyticaren albistea, eta, Facebook atsegin ordez, hura gorrotatzen hasi ziren.

Joxe Aranzabal erabiltzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ohiarentzat ere hala izan zen. Abuztuan jakinarazi zuen, Twitter sare sozialaren bidez, Facebookeko kontua bi hilabete lehenago itxi zuela. «Erabiltzaileen datuak saldu izanaren eskandaluari gertutik erreparatu nion. Barkamena eskatu zuten, baina hamabost egunera ligatzeko ezaugarri berriak abiatuko zituztela iragarri zuen Facebookek; hau da, datu gehiago pilatzen jarraituko zutela esan zuten horrekin». Datuen salmenten albisteagatik suminduta baldin zegoen, eta horrek areagotu egin zuen haren haserrea, eta kontua itxi zuen Aranzabalek. Nahiz eta jakin badakien kontraesan bat duela oraindik: «Whatsapp erabiltzen dut oraindik, Facebookena den aplikazio bat; baina apurka joango naiz erabakiak hartuz». Atzo bertan jakinarazi zuen Facebookek aste honetan 50 milioi erabiltzaileren datuak lapurtu zizkiotela hacker batzuek.

Jakitun ere bada Interneteko beste konpainia erraldoiek ere berdin egiten dutela. Izan Google, Amazon, Apple edo beste hainbat. «Baina, kasu honetan, lotsagabeenak haiek izan zirela ikusi nuen, eta kontua ezabatzea erabaki nuen». Bazekien arren horrekin ez zuela arazoa konponduko, kontua ixtea eskatu zion barruak, eta horixe egin zuen.

Kontzientzia pizten

Facebookek milioika erabiltzaileren informazioa saldu ostean, Cambridge Analyticak, algoritmo batzuk erabiliz, albiste faltsuak zabaldu zituen erabiltzaile horien ideologiaren arabera, eta metodo horren bidez AEBetako hauteskundeetan eta brexit-aren inguruko erreferendumean eragina izan zuen. Horregatik, Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaile eta sare sozialetako adituak galdera egin du: «Badakigu zer datu partekatzen dugun norekin? Gaur egun, datuak merkantzia baliotsua dira, eta kontzientzia hartu behar dugu guretzat ere hala direla». Norberaren inguruko informazioa oso baliagarri izan baitaiteke enpresa askorentzat.

Horren eraginez, pribatutasunaz hitz egiten hasi da jende asko sare sozialetan, eta horietako askok Facebooketik kontua ezabatu dute. «Baina eskizofrenia puntu bat ere badaukagu, sare sozialen aurka hitz egiten baitugu sare sozialen bidez», Mimenzaren arabera. Horrekin batera, sare sozialen inguruko «diskurtso desilusionatuago bat» ikusten du. «Baina sare sozialak ez dira amestutako paradisu bat, eta ezta esaten den infernua ere». Hau da, sare sozialetik ezabatzearen atzean izua egon daitekeela uste du, baina, izu hori igaro ondoren, tresna horien erabilera kontziente bat egin behar dela dio, eta zein datu eta non ematen den jakin. «Sare sozialen inguruko izu horrek kontzientzia pizte hori ekartzen baldin badu, ongi etorria izan dadila».

Cambridge Analyticaren eskandalua Euskal Herritik milaka kilometrora gertatu baldin bada ere, haren oihartzuna iritsi da hona. Hala ere, ez du halako eragina izan kontuak ixteko garaian. Mimenzaren ustez, jaitsiera kuantitatiboa ez da halakoa izan, baina eskaera kualitatiboa bai. Alegia, begirada kritikoago bat egon daiteke orain Facebooken inguruan.

Belaunaldi berriak

Begirada kritikoaz gainera, Facebookek izan du bestelako galerarik ere azken hilabeteetan, gero eta gazte gutxiago baitago bertan. Eskandalua piztu eta hilabete batzuen buruan, Pew Researchek egindako ikerketa baten arabera, AEBetan gazteen %44k ezabatu zuten Facebookeko kontua. «Ikerketa horren arabera, gazteak oso kontziente dira euren datuak nola erabiltzen dituzten», Mimenzaren arabera.

Gazteek, etorkizuneko erabiltzaileen belaunaldi potentzialek, gutxiago erabiltzen dute sare sozial hori, eta erabiltzaile bakoitzak gero eta denbora gutxiago igarotzen du plataforma horretan. Konpainiak egindako kalkuluen arabera, 50 milioi ordu gutxiago igaro zituzten erabiltzaileek, kontsumo modua ere aldatzen ari delako. «Facebook nagusi da oraindik, eta gain behera ere ez doa, baina epe ertain batean gauzak aldatu egingo dira, seguru». Teknologia gauetik goizera aldatzen den garai honetan, beraz, esan daiteke belaunaldi berriek erabakiko dutela nolakoa izango den etorkizuneko sare soziala.

BERRIAn argitaratua (2018/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA