astekaria 2018/09/28
arrowItzuli

bizigiro

Gazteen sarea, bideari lotzear

Andoni Imaz

Gazteen sarea, bideari lotzear

Hizkuntza gutxituak munduaren gailurrera eraman nahi ditu Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere egitasmoak: Euskal Herriko dozena bat gaztek hilabete emango dute Himalaian, bertako mendiak ezagutzen, xerpa herriarekin harremanak estutzen dituzten bitartean. Felipe Uriarte mendizaleak gidatuko du espedizioa, hari bururatu baitzitzaion dagoeneko abiatzear dagoen abentura.

Urteak daramatza Uriartek mendizaletasuna eta euskara uztartzen dituzten proiektuen atzean, hark sortutako Mendiak eta Herriak elkartearekin. Araban, Oxigenoa euskarari egitasmoa martxan du elkarteak duela zazpi urtetik, baina 2016an, Nepalen zegoela, Oxigenoa euskarari 6.000 metrora igotzea otu zitzaion. Bi urte igaro dira ordutik, eta hara itzultzear da orain, hamabi mendizale gazterekin.

Urriaren 10ean abiatuko dira, eta azaroaren 8an egingo dute buelta. Nepalgo Himalaian hamar xerpa gazterekin elkartu, eta guztiek batera egingo dute bidaia. Herri arteko bideetatik ibiliko dira batez ere, baina, ibar batetik bestera joateko, mendate garaiak igaro beharko dituzte elurrarekin. 5.000 metrotik gorako hainbat gailur dituzte helburu: Chukung Ri, Kala Patar eta Gokyo Peak, besteak beste. Eta garaiena, 6.189 metroko Imja Tse.

Espedizioan parte hartuko duten gazteak 14 eta 17 urte artekoak dira. Halako mendi garaiak ez dira akaso egokienak izango adin horietarako, Uriartek berak aitortu moduan, baina gazteei «euskaraz bizitzeko aukera on bat» eman nahi die. Hizkuntzaren inguruko kezkatik abiatu zen proiektua, eta mezua argia da: «Euskaraz egin nahi baduzu, edozer egin dezakezu; Himalaiara joan zaitezke euskara hutsean».

Txikitik, deialdi handirik gabe, proiektua eskola jakin batzuetan aurkeztuta osatu zuten hamabiko taldea: Araban, Laudioko Jon Fonbellida eta Iker Zubizarreta; Bizkaian, Orozkoko Besaide Astobiza; Gipuzkoan, Oñatiko Igor Mugarza, Malen Osa, Maddi Oihagarai eta Amaia Ugrate; Lapurdin, Sarako Gexan Garate, Ziburuko Enaitz Ibarguren eta Senpereko Eneka Sarria; Nafarroan, Atarrabiako Eneko Artetxe eta Iruñeko Unai Iturrieta.

«Nola joango zara zu Nepalera?», esan zioten ingurukoek Osari hasieran. «A, ze polita», gurasoek Artetxeri, «serioegi hartu gabe». Iturrieta berari ere kosta egiten zitzaion sinestea dena ondo aterako zenik. Hasi ziren elkartzen, ekin zioten lanari, osatu zuten sarea, eta, konturatzerako, hastapenetan ametsa zirudienaz ari dira hizketan, hegaldiko txartelak hartu ostean.

Fisika eta kimika

Prestaketa da proiektuaren lehen fasea. Gazteak Himalaiako mendietara bidaltzeko, Uriartek ezinbestekotzat ditu prestaketa «fisikoa eta kimikoa». Elkar ezagutzen ez zuen gazte talde batek hilabete mendian elkarrekin eman dezan, garrantzitsua da aurrez harremanak lantzea. Horretarako, azken urtean mendi irteerak antolatu dituzte txandaka, elkar hobeto ezagutzeko, Euskal Herriko mendiak hobeto ezagutzearekin batera.

Arantzazutik Aizkorrira egindako ibilaldia du gogoan Arretxek. Ibili ondoren, bilera egin zuten proiektua ondo aurkezteko eta kamiseten diseinuak aukeratzeko. «Lehenengo bilera hartan, dena ametsa zen, fantasia», dio Osak, «baina hilero elkartu gara ordutik, eta ikusi dugu gauzak bide onetik zihoazela eta helburura iristen ari ginela». Iturrietari oraindik kostatzen zaio bere burua Himalaian irudikatzea: «Hasieran ez nuen uste posible izango zenik, eta, joatear gauden arren, ezin dugu guztiz sinetsi».

Gazteek ez dute prestaketa fisiko handirik behar izan, «sasoi betean daude», eta, mendizaletasuna gurasoengandik jaso dutenez, ohituta daude mendian ibiltzera. Ibilbidea ere haien neurrira egina dago. Halere, Pirinioetan eman zituzten egun batzuk, eta kranpoiak eta pioletak erabiltzen ikasi zuten bertan. Arretxe, esaterako, 1.500 metrotik igo gabea zen aurretik, eta hiru tontor «zapaldu» zituzten. «Mendiak eta Herriak-en, mendiak ez ditugu zapaltzen», zuzendu du berehala Uriartek, «mendi gailurretara igotzen saiatzen gara. Ez zaigu zapaltzea gustatzen».

Talde txikia da, baina proiektu handia. Horregatik, lantalde bana osatu dute gazte bakoitzaren inguruan, guraso eta irakasleekin. «Ideia zen saretze lan bat egitea, eta enpresak eta erakundeak saretze horretan sartzea». Eta hala izan da, lantaldeak iritsi baitira enpresetara. Aurrekontuaren zatirik handiena lortu dute dagoeneko, Euskal Herri osoko 40 enpresak baino gehiagok lagundu baitie. Norbanakoek ere egin dute beren ekarpena, eta milaka kamiseta saldu dituzte.

Gainera, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute Ulule webgunean, eta hainbat sari banatuko dituzte egindako ekarpenen truke. Espediziora postalak eramango dituzte, eta zuzenean haiek erosteko aukera ere egongo da, 10 euroan.

Erakundeen laguntza ere lortzen saiatu dira, eta, saiatu arren, ez dira heldu Nafarroako eta Ipar Euskal Herrikoetara. Urruntasunak «gure errealitatearen gordina» erakutsi diola dio Uriartek, baina onena egoeraren jabe izatea dela uste du. «Bizitzan zein mendian, mugak jakitea garrantzitsua da, arazoari aurre egiteko».

Xerpekin hartu-emana

«Mendira goaz, baina lanera», dio Uriartek; «ikastera», hiru gazteek. Elkarlanerako hitzarmenak egin dituzte, eta askotariko materiala ekarriko dute bueltan. Hainbat bideo grabatuko dituzte, ETBrekin bi saio egitea adostu baitute, eta film bat ere osatu nahi dute eskoletan erakusteko.

Gainera, harreman estua egingo dute bertako xerpekin eta haien hizkuntzarekin, xerperarekin. Duela urte gutxira arte, xerpera hegemonikoa izan da beren lurraldean, baina azken urteotan jasandako garapen ekonomikoarekin, hizkuntza gutxituaren traza hartzen hasia da. Gazteentzako gauza berria da hura: «Xerpa hitza beti lotu izan dugu mendiko langilearekin, baina orain konturatu gara badirela herri bat, hizkuntza bat eta komunitate bat».

Ingelesak beharko du zubi izan bi komunitateen artean, baina elkarrengandik ikastea dute helburu: 50 hitz beste hizkuntzan. Hala, euskara-xerpa hiztegia osatzeko materiala bilduko dute.

Bide luzea dute aurretik Uriartek eta hamabi gazteek. Himalaiako mendietan gora aurrena, eta bertan jasotako ezagutza zabaltzen ondoren. Baina abiatu ere egin gabe, Uriartek buruan darabil proiektua mundura zabaltzea eta bi urtean behin errepikatzea.

BERRIAn argitaratua (2018/09/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA