astekaria 2018/09/28
arrowItzuli

iritzia

Eredu bila

Elixabete Garmendia Lasa

Eredu bila Elixabete Garmendia Lasa

Autobusa jendez gainezka, eserleku bakar bat libre, eta alboko emakumeak zuri eskaintzen dizu hura; ezetz, zu ondo zoazela zutik; ez bada, enpeinatuta bera zu eseri zaitezen. Eta eserlekua hartu bezain azkar sartzen zaizu burua zurrunbiloan. Lehen aldiz señora deitu zizuten hartako oroitzapen eta sentipen berbera. Edo hondartzan etzanda eta begiak itxita, alboan ama gazte bati entzun zenionekoa ume mugituari esaten: «Kontuz, amona lo dago-eta!». (Bide batez, adindun=amona ekuazioa ez dela beti betetzen ikasi beharko luke zenbaitek).

Norberak ez du bere zahardadearen kontzientzia hartzen besteen begiradan —edo ez ikusian—, besteen jarrera edo hitzetan ispilatuta sentitzen den arte. Areago, norberak zaharrak ikusten ditu argazkietan edo naturalean —besteak dira beti zaharrak— ohartzen den arte adinkideak dituela lehen begi-kolpean zahartzat jo dituen horiek. Agian beste garai eta gizarte batzuetan hobeto onartzen zen zaharra izatea, prestigioa ere bazeukalako horrek. Gaur egun, beti gazte-ren kulturak jota, zahar izateari izkin egin nahi genioke. Eta hor, zaharraren irudi fisikoa bezainbat, irudi soziala dago auzitan. Areago, pertsona urtetsu hori emakumezkoa denean. Adibide bat: gizonezko adindun batek emakume gaztea konkistatzea balentriatzat jotzen da, auskalo zer merituren emaitza —dirua, ospea edota boterea tarteko—. Emakume urtetsuari —diruduna, ospetsua edota botereduna izanda ere—, gehienez, gigoloak ametitu izan zaizkio, barre eta iseka artean.

Tabua pitzatzen hasita dago, ordea, fikzioan behintzat. Film Stars Don´t Die in Liverpool (Filmetako izarrak ez dira Liverpoolen hiltzen) pelikulan, emakume heldu baten eta gizonezko gazte baten arteko harremana kontatzen du Paul McGuigan zuzendariak. Berez, 1970eko hamarkadan gertatutako benetako istorio batean omen dago oinarritua filma: Gloria Grahame eta Peter Turner aktoreen arteko harremanean. Istorio hori orain —eta ez lehenago— pantaila handira eraman izanak adierazten du zerbait mugitzen ari dela; hasiera besterik ez da, hain zuzen ere harreman mota hori salbuespen izateak eusten baitio gainerakoan nahiko gexala den filmari. Nolanahi ere, maitasun eszena natural, sinesgarri eta ederren bitartez, buelta eman dio pelikulak errealitatean eta fikzioan nagusi izan den ohiko eskema asimetrikoari.

Errealitatera etorrita, emakume adindunaren irudia berrasmatu beharra suertatu zaio dagoeneko erretretan dagoen belaunaldiari. 1970eko hamarkadan fabriketan nahiz hainbat profesiotan sartu, bizitza osoa lanean pasatu eta pentsio propio baten jabe izanik, ez die jada balio etxekoandre soil izan denaren figurak belaunaldi honetako kideei. Anna Freixas gerontologo feministaren hitzetan: «Zahartzaroaren irudi berri bat negoziatu beharrean gaude geure baitan, gure bidea ziurtasunez egiteko, gure adorea asaldatu gabe» (Tan frescas. Las nuevas mujeres mayores del siglo XXI, 2013).

Belaunaldi hau izan da lehenengo haurtzaindegiak sortu eta baliatu zituena, lanaldi bikoitzari aurre egiteko mila bitarteko asmatu zituena, eta soldatak dakarren independentzia ekonomikoa zer den esperimentatu duena. Orain, erretirora iritsi eta pentsio duinen aldeko mugimenduarekin egin du topo ezinbestean. Eta hor dabiltza, kalera irten eta pankartaren atzean, eztarriak urratuta, irrati-telebistetako mikrofonoetan zor zaiena aldarrikatzen.

Anna Freixasek onartzen du belaunaldi honek ez daukala emakume adindun jubilatuaren eredurik aurrean. «Baina —dio— emakume urtetsu, moderno, independente eta arlo publikoan inplikatutakoak izateak balio dezake hurrengo belaunaldiek kontrapisua jar diezaioten emakume zahar tradizionalaren irudiari». Hau da, baliabide propiorik izan ezean, neskame eternal izatera kondenatuta zegoen andrazkoaren irudiari.

BERRIAn argitaratua (2018/09/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA