astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

mundua

Paperetik gizartera

José F. Álamo

Paperetik gizartera

Bakea nonahi dago Kolonbian, den-denak harrapatzen dituen aldarte ezinezko baten tankeran. Horra Latinoamerikako demokraziarik zaharrenetako baten paradoxa. Kolonbia, ordea, gerran mende erdia baino gehiago pasatutako herrialde bat da, izuturik egotera ohitua; droga trafikoak, paramilitarrek, segurtasun faltak eta talde iraultzaile armatuen eta estatuaren arteko gatazkek bortizki joa.

Gizarteko sektorerik kontserbadoreenetako batzuek ?alegia, Alvaro Uriberen Zentro Demokratikoaren jarraitzaileek? eta biktimen ordezkariek, hain zuzen, leporatu diote Juan Manuel Santos presidenteari obsesio pertsonal arriskutsua bihurtu zaizkiola 2012ko irailean Habanan FARCekin hasiriko elkarrizketak.

Prozesua tarte historiko batean egon liteke. Irailaren 23an, Santosek eta FARCeko lider Rodrigo Leon Echeverri Timochenko-k iragarri zuten, Kubako hiriburuan eta Raul Castro aurrean zelarik, ados zeudela gatazkaren behin betiko konponbideari heltzeko.

Bakea, kolonbiar herriaren gogoan egoteari utzi, eta errealitatean ezarri zen abenduaren 15ean: orduan, jakinarazi zuten ados jarri zirela gairik delikatuenean, biktimen gaian. Estatuak behin eta berriz esan du bete egingo dela prestaturiko bide orria: bakea sinatuko dela 2016ko martxoaren 23an ?Habanako argazkia atera eta sei hilabetera?, eta armak utziko dituztela 60 egun geroago.

Ez da erakundeak gerrillarekin hizketan aritu diren lehenbiziko aldia. Belisario Betancur presidente ohia saiatu zen aurrena, 80ko urteen hasieran, eta Andres Pastranak 42.000 kilometro koadroko distentsio eremu bat sortu zuen 1998an San Vicente del Caguanen. Biek kale egin zuten.

Orain, bestela gerta liteke. Lehenbiziko aldiz, bi aldeek adierazi dute prozesuan ez dela atzera egingo. Zerrendako bost puntuetako lau negoziaturik dauzkate: nekazaritzaren garapena, parte hartze politikoa, legez kanpoko drogen arazoaren konponbidea eta biktimak. Bi aldeen su etenari buruz ados jartzea baino ez da falta. Urtarrilerako espero dute.

Gobernuak Habanan duen negoziatzaile buruak, Humberto de La Callek, akordioa lortu izana azpimarratu du: «Gatazka bukatuko bada, biktimak jarri behar dira erdigunean. Zera eskatu nahi diet herritarrei, hitzarmen honi bere osoan erreparatzeko, kontuan izanik elkarri loturiko lau alor dituela: egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak».

«Egiaz, zehazteko daude zertzelada asko. Oraindik badira muturreko bi alde, eta elkarren kontrako ikuspegiak dituzte», uste du Juan Carlos Villamizar giza eskubideetan adituak, Union Patriotica alderdi ezkertiarraren Kongresurako hautagaiak.

Banaketa hori agerian geratu zen abenduaren 15ean, eta Iván Márquez goitizenekoak ?gerrillarien bigarren buruzagi eta Habanako ordezkaritzaren buruak? aukera baliatu zuen bere aldarriak egiteko: «Gatazka bazegoen FARC sortu aurretik ere [1964]; herrialde honetan dagoen berdintasun faltaren ondorioa da [...]. Ez gabiltza gure aurkarien kartzelatzea txalotu nahian, baina justiziak guztiontzat izan behar du, eta, orain arte, estatuko agenteek eta paramilitarrek ez dute batere zigorrik izan».

Biktimei dagokienez, justizia akordio bat gehitu dute, legedi berezi batez epaitzeko bai borrokariak eta bai borrokalari izan ez direnak. «Ikuskizun dago nork osatuko duen krimen horiek epaitzeko justizia auzitegia. Gobernua behin eta berriz esaten ari da hau ez dela sorgin ehiza izango, baina gizarte sektore batzuek paramilitarismoarekin lotzen dute Alvaro Uribe presidente ohia», gogoeta egin du El Tiempo egunkariko kazetari John Torresek.

Hona gairik polemikoenetako bat: litekeena da FARCeko buruak ez sartzea kartzelan, betiere «erantzukizuna onartuz gero, egia osoa esanez gero eta kaltea konpontzeko jardunez gero». Hori egiten ez dutenentzako zigorrik handiena 15-20 urteko kartzela izango da, eta inola ere ez da onartuko Ameriketako Estatu Batuetarako estradizioa.

Amnistia izango da errebolta eta beste delitu batzuetarako, gizadiaren kontrako krimenak ez diren heinean, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuan jasoak: genozidioa, bahiketa, epairik gabeko exekuzioak, desagerpena, indarkeria sexuala, tortura...

«Delitu horiek guztiak jurisdikzio berriaren arabera epaitu eta zigortuko dira. Horrelakorik ez da izan orain arteko bake prozesuetan», segurtatu zuen Santosek abenduaren 15eko iragarpena egin eta gero; 28 aldiz aipatu zuen bakea hitza bi orriko hitzaldi hartan.

Santosen bakea ala Kolonbiakoa?

Santosen bigarren agintaldia hasi zenetik, 2014tik, Kolonbian bakea gosaltzen dute goizeko seietan hasita, W Radio, Radio Caracol eta La Blu irratietako saiorik arrakastatsuenak hasten direnean. Ez alferrik, Santos kazetaria izan zen politikaria baino lehen, eta ondotxo ezagutzen ditu komunikabideen barrunbeak.

Kolonbiako iritzi emaileetan, Julio Sanchez Cristo da eraginik handiena dutenetako bat; Doble U zuzentzen du ?hala esaten zaio W Radiori?. Twitterreko bere kontutik, Opinometroren berri eman ohi du; bertoko inkesta sail hori da gaur egun neurgailurik onenetako bat bake prozesuaren gai delikatuei dagokienez.

«Ondo iruditzen zaizu FARCeko buruak, kartzelan egon beharrean, zentro itxi berezi batean egotea?». %67,7 kontra daude.

«Zure ustez, FARCek egia esaten du ziurtatzen duenean ez duela konturik kanpoko bankuetan, eta ez duela dirurik biktimen erreparaziorako?». %55,4k uste dute gezurretan ari dela.

Presidenteak neurtuta ematen ditu prozesuari buruzko berriak, eta kontu handiz erabakitzen du nola kontatu zer aurrerapauso eman diren, oihartzun handiagoa izan dezaten. Horrek ez du esan nahi iritzi publikoak babesa ematen dionik ororen gainetik. «Hemen, Bogotan, jende gehiago dago haren kontra. FARCek min handia egin dio gizarte zibilari, eta, orain, politika sartzen utzi nahi diote, eta hori ez da parte onekoa», bota du Yerson Giovanni Doncel taxilariak.

«Argi dago Santosek aurrera aterako duela prozesua. Ez du onartuko prozesua okertzea», gehitu du. Azaroan, gobernuak mekanismo bat ezarri zuen herritarrek berrets dezaten gerrillarekiko akordioa. Sinatu aurretik, lau milioi kolonbiarrek ?hauteskunde erroldako %13k? aldeko botoa eman behar lukete. «Ezezkoa nagusitzen bada, ez da modurik izango aurrera segitzeko», onartu du Barne ministroak. Lehen, erroldaturikoen gehiengoa behar zen plebiszitu bat onartzeko: ia 17 milioi, kasu honetan.

«Bogotako gazte askok ezetz bozkatuko luke, edo ez luke bozkatuko. Gehiago kezkatzen gaituzte beste arazo batzuek, baina horietaz politikariek ez dute hitz egiten: berdintasunik eza, hezkuntza, osasun arloa, gizarte zerbitzuak», bota du unibertsitatean finantzak ikasteko prestatzen ari den 17 Valentyna Guiok. «Nik gauza bat jakin nahi dut: zer egingo dute gerrillariekin? Dirua jarriko dute haiek gizarteratzeko, edo honek segurtasun falta handiagoa ekarriko du?».

Habanan irailean iragarpena egin eta gero, estatistikek erakutsi dute herritarrek gero eta konfiantza handiagoa dutela prozesuan: azaroan, %48k bazuten bake hitzarmena sinatuko zen esperantza; lehen, duela bi hilabete, %26 ziren, Datexcoren Pulso Pais inkestaren arabera.

Kolonbiako Gallup-en beste ikerlan batean berriki ziotenez, %60 bat zetozen gatazka hitz eginez konpontzearekin, eta %36k nahiago zuten FARCi militarki irabaztea. Cifras y Conceptos organismoak ikuspegi interesgarri bat eman zuen: herrialdeko eskualde batzuetan, beste indarkeria mota batzuek gehiago kezkatzen dituzte herritarrak, gerrillak baino; gehienbat, emakumeen kontrakoak.

Seinalaturiko eguna hurbil dago, eta kontu asko daude konpontzeko: hasi minak kentzeko lanekin, eta bukatu desplazatuekin eta desagertuak bilatzeko lanekin ?diotenez, 45.000 lagun ere desagerrarazi dituzte herrialde guztian?.

«Biktimak prest gaude adiskidetzeko borondatea eskaintzeko. Nahi dugu herri honek prozesuan sinets dezan», eskatu zuen Jineth Bedoyak abenduaren 15ean, Habanan. Bedoya kazetaria da, eta hiru paramilitarrek bahitu eta bortxatu zuten 2000. urtean. «Elkarrizketaren bidea da modu bakarra hainbeste aipatu baina hain gutxi ezagutzen dugun hitz hori irits dadin: bakea».

BERRIAn argitaratua (2016/01/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA