kultura
JOSU MARTINEZ
«AEBetan jaio balitz, ez dakit zenbat film egingo ziratekeen Urreiztietaz»
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Nola iritsi zinen Lezo Urreiztietarengana?
Askotan esaten dut ikerketa egitea arbola bat igotzea bezalakoa dela: adar batera joan behar duzu, eta hara iristeko beste hainbat adar uzten dituzu bazterrean. Baina, helmuga zenuen adarrera iristean, gainontzekoez oroitzen zara. Lezorekin [Urreiztieta] hori gertatu zitzaidan. Bestelako lanetan aritu naizenetan, sarritan agertu zait bere izena, eta noizbait heldu nahi nion. Jon Juaristi idazlearen El bucle melancólico (1997) liburuak abertzaletasunaren errepaso historikoa egiten du, eta, lotura gaiztoak egiten dituen arren, Lezo da liburu osoan salbatzen duen abertzale bakarra. Atentzioa eman zidan horrek. Iruditu zitzaidan interesgarria izan behar zuela Indalecio Prietorentzat eta aldi berean Luis Arana Goirirentzat seme kutun izan zitekeen pertsona batek.
Martin Ugalde kazetariak Urreiztietari egindako 35 orduko elkarrizketaren grabazioa du dokumentalak ardatz.
Lezoren istorioari heltzea erabaki nuenean bertan hartu nuen Martin Ugaldek berari buruz idatzitako biografia. Ugalde Lezoren iloba batekin ezkondu zen, eta oso zuhurra da egin zuen biografia: 1939an bukatzen da, eta gehiagorako gogoarekin uzten zaitu. 35 orduko elkarrizketa egin zuela jakinda, zinten bila hasi nintzen. Andoaingo udaletxean zeudela esan zidaten; familiarekin harremanetan jarri, eta baimena eman zidaten etxera eramateko. Entzungo ziren ere ez nekien hartu nituenean. Kaseteak martxan jartzean, hamabost egun eman nituen dutxa ez zen gainontzeko lekuetan elkarrizketa entzuten. Konpultsiboki egon nintzen Lezorekin, Martinen [Ugalde] elkarrizketa berriz bizitzen. Bi urte igaro nituen bueltaka, eta transkribatu ere egin dut.
Dokumentalaren ideia izan zenuen hasieratik?
Askok esan didate horrelako istorio harrigarri batek fikziorako ematen duela, eta ea ez dudan horrelako zerbaitetan pentsatu. Baina kaseteak entzun nituen momentuan bertan jakin nuen dokumentala egin behar nuela. Urreiztietaren kontatzeko modua oso indartsua iruditu zitzaidan, eta argi zegoen bera azaldu behar zela mintzatzen.
Urreiztietaren kontaketei irudiak jartzea izan duzu erronka nagusia.
Gure Sor Lekuaren bila (2015) film mututik nentorren, eta oraingoan film itsu batera egin dut jauzi. Hor ere bazegoen erronka artistikoa: nola egin ikusezina dena ikusgarri, edo nola jarri irudiak soinuari, errepikakorra den zerbait egin gabe. Garbi nuen Lezo eta Martinen kaseteek izan behar zutela dokumentalaren zentroa. Gainera, kaseteak badu poetika bat digitalak ez daukana, eta hari kronologiko gisa erabili nahi nuen: stop, play, aurrera eta pause. Finean, Lezoren memorian egindako itsasbidaia bat osatu dut, Martinek berbizitzen duena. Horregatik, dokumentalean etengabe azaltzen da Lezo norabait nabigatzen, utopiarantz.
35 ordutan asko kabitzen da. Sartu ez duzun zerbaiten damurik baduzu?
Egia da istorio asko geratu zaizkidala kontatzeko; batek daki inoiz beste zerbait egingo dudan. Bilbo faxistek hartu ondoren hiriburua inbaditzeko plana ere izan zuen, pentsa. Irlandan itsasontziak ezkutatu, eta, Bilbo eta inguruko espetxeetan preso zirenak askatuz, ezustean kolpea eman nahi zuen; Comet sarearekin ere harremanak izan zituen...
Nola da horren ezezaguna XX. mendeko historian horren erabakigarria den pertsona bat,?
Badut horri lotuta beste hainbatetan aipatu dudan pasadizo bat: filmaren muntaketa egin duena, Raul [Lopez], [Donostiako] Koldo Mitxelenara joan zen, Lezori buruzko argazki edo informazio bila. Bueltan, galdetu zidan ea egia ote zen Lezorena, ala bera engainatzen ari nintzen; ea pertsonaia asmatu eta dokumental faltsu bat egiten ari nintzen. Ez zuen inolako erreferentziarik aurkitu liburutegian.
Hortaz, historiografiak bigarren mailan utzi du?
Guztiena eta inorena ez den pertsonaia bat da. Heterodoxoek hori dute: inork ez du zure memoria eta ondarea %100 asumitzen. Lezo sailkaezina da, argi itzalez betea, konplexua. Kontraesanez eta paradoxaz betea dago, eta, onen eta txarren historia egitera ohituta gauden herri honetan, inork ez zion heldu nahi. Gure imajinarioa pertsonaia onez eta txarrez osatuta dago, eta, lan historikoak egitean, santuen bizitza biografikoak egiten ditugu, oro har. Niri askoz interesgarriagoa egiten zait pertsonei buruz aritzea eta kontraesanak azaltzea. Iruditzen zait horrelako pertsonaiak interesgarriagoak direla gure imajinarioarentzat: zikinagoak. Gure historian pertsonaia asko daude bazterrekoak izan direnak, ertzetakoak, eta oso interesgarriak direnak. Gure herria ere ertzetako herria da, eta periferietako jendea bereziki interesgarria egiten zait. Bakana da, bere gauza on eta txarrekin.
Familiako kideen lekukotzak bildu dituzu, Urreiztietaren gabezien isla gisa.
Bere drama zen familiaren kontua. Hala dio kasetetan. Iruditzen zait sufriarazi zuen bezala sufritu zuela. Horregatik, pertsonaiaren erretratua egiterakoan, ezin duzu kanpoan utzi familia, horrek ere humanizatu egiten duelako. Lezo ez zen supergizon bat izan; gauza asko utzi zituen bazterrean. Nire ustea da, baina pentsatzen dut zinta haiek grabatu zituela, hein handi batean, harremanik izan ez zuten seme-alaba eta oinordekoei zerbait esateko edo ulertarazteko, ulertu ahal baldin bada, zergatik egin zuen egin zuena.
Nolakoa da zuk dokumentala egin ondoren ezagutu duzun Urreiztieta?
Ordu asko eman ditut berarekin, eta esango nuke ezagutu ere egiten dudala pixka bat. Niretzat maitagarria da. Prietok idatzi zuen eskuzabala zela zoratzeraino. Hiru aldiz izan zen miliarduna, eta hirutan geratu zen berriz dirurik gabe. Errefuxiatu bat berarengana iristen bazen, diruz laguntzen zuen. Peixoto [Jose Manuel Pagoaga] ere azaltzen da filmea; Lezo ezagutu zuen, eta izugarrizko adorea zuela dio. Hala iruditzen zait niri ere: pixka bat jota egon behar duzu faxistek inguratutako portu batera sartzeko minaz blokeatutako itsasotik, 15:00etan, egun argiz, armaz betetako itsasontzi batekin.
Jainkoak ez barkatzeko modukoetan jardun zen.
Katoliko batek egin behar ez zituen gauza guztiak egin zituen: kontrabandoa, armak erostea, atentatuak egiten saiatu zen, banatuta zegoen, orduan bekatu mortala zenean... Horregatik jarri diot Jainkoak ez dit barkatzen izenburua. Badago dialektika interesgarri bat Lezorengan, gaur egun tabua ere badena: bitartekoek helburuak justifikatzen dituzten edo ez. Orain denek esango dute ezetz, baina Lezok gauza guztiak egin zituen legez kanpo, jainkoak ez barkatzeko moduan. Eta horri esker eutsi zion Bizkaiak faxismoari; ehunka pertsona salbatu zituen, eta beste hainbat gauza.
Historiaren kontakizuna berrikusi nahi duzu lanarekin?
Hitz egiten ez den gauza hauetaz aritzea nahiko nuke. Gure historia berregituratzeko, gure historiaz gehiago hausnartzeko eta nolako imajinarioa nahi dugun eztabaidatzeko baliagarria izatea nahi dut. Baina, hortik harago, badago unibertsala den zerbait: bera bezalako pertsona bat ez da sarritan jaiotzen, eta, AEBetan edo Frantzian jaio izan balitz, eta erresistentzia antifaxistako kidea izan balitz, ez dakit zenbat film egingo ziratekeen Lezori buruz.
Zer ibilbide aurreikusten diozu filmari?
Ez dut gure txokoan gelditzerik nahi; ez dut nahi lana memoria historikoari buruzko dokumental bat bezala ikusterik. Ahalegina egin dut edonork ikusteko moduko film bat egiteko, eta edonork zerbait aterako diona.