astekaria 2018/09/28
arrowItzuli

iritzia

Zenbakiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Zenbakiak Maddi Ane Txoperena Iribarren

Uda guztia etorkinei buruzko datuak entzuten eta irakurtzen pasatu eta gero, errealitate dosi batekin tupust egin nuen joan den astean, Irungo Lakaxita gaztetxera errefuxiatuei buruzko erreportajea filmatzera joan ginenean. Gaztetxera hurbildu bezala arraro sentitu nintzen, nire arrazakeria inkontzientean, zuriak eta emakumeak gutxiengoan baikeunden bat-batean.

Sabela bueltaka hasi zitzaidan gero, haiekin agurrak gurutzatu, gosaria eta begiradak partekatu, eta gaztetxeko kideak haien egoeraren berri ematen hasi zitzaizkigunean. Konturatu bainintzen ordura arte entzunak nituen zenbaki eta datuei ez niela ordura arte aurpegirik jarri. Eta han zeuden: irri eta negar, kezka eta itxaropen, haragi eta azal, izen eta abizen, nire begien aurrean; ez ziren zenbakiak. Ostatu batean bolumen apalean dagoen musika baten gisan entzunak nituen ordura arteko albisteak, baina adi egon gabe; horien barnean zer zegoen ongi jakin gabe. Eta, zer esango dizuet, tuntun eta pribilegiatu sentitu nintzen, aldi berean.

Lakaxita eta Txantxarreka gaztetxeetako kideak egiten ari diren lana, berriz, txalogarria iruditu zitzaidan. Nola ia baliabiderik gabe harrera egiteko gune tamalez prekario baina aldi berean goxoak prestatu dituzten, auzolanean, eta inolako babes instituzionalik gabe. Haiek ere nabarmentzen zuten, ordea, elkartasun osoz emanagatik horiek ez direla bizitzeko baldintza egokiak, eta instituzioek eskuak garbitu baino ez dituztela egin sasikonponbide autogestionatua ikusita. Kontrara, kontrolak gogortu eta errepresioa areagotu, besterik ez dutela egin; eta arazoaren muina konpontzeko inolako saiorik ez.

Agian, arazoa ezberdina litzateke agintariak ere gaztetxera hurbildu, han dauden pertsonekin kafe bat hartu eta minutu batzuez entzun eta ikustera animatuko balira. Agian, horrela, haiek ere konturatuko lirateke ez direla zenbakiak.

BERRIAn argitaratua (2018/09/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA