astekaria 2018/09/28
arrowItzuli

gizartea

«Hormarik gabeko kartzelan»

Ibai Maruri Bilbao

«Hormarik gabeko kartzelan»

Hustuta sentitzen naiz. Hau ez da bizitza. Hormarik gabeko kartzela batean bizi gara». Duela zortzi bat urte utzi zuen sorterria, Afrika erdialdeko estatu bat. Beldur zen, mehatxupean zegoen eta. Inguruko herrialde batera egin zuen ihes, Afrikan bertan. Azaldu duenez, herrialde horrek harreman onak ditu bere sorterriarekin, eta iheslariei ez die nazionalitaterik ematen. Suediatik sartu zen Europara. Han eskatu zuen asiloa, baina ukatu egin zioten, Espainiarako bisa zuelako. Espainian egin behar zuen eskaera. Irail hasieran iritsi zitzaion erantzuna: errefuxiatu estatusa ukatu egin dio Espainiako Barne Ministerioak. Jada ez du baimenik Espainiako Estatuan bizitzeko, ezta lan egiteko ere. Etsita dago. 44 urteko emakume bat da. Euskal Herrian bizi da, eta testigantza eman dio BERRIAri.

Duela bi urtetik Bizkaian bizi da, 9 urteko alabarekin. Orduan egin zuten eskaera. Espainiako Gobernuak euren kasua aztertu bitartean, bizitzeko eta lanerako baimena izan du. Baina, orain, paperik gabe geratu dira biak. Eta badu beste arazo bat: ezin da beste herrialde batera joan, pasaportea iraungi egin zaielako alabari eta biei. «Ezin dut enbaxadara jo berritzera. Nola joango naiz, nire gobernuari ihesi banabil? Ezin dute jakin non nagoen». Ezin da inora joan, eta ez du hemen egoteko baimenik.

Lanpostu bat lortu zuen martxoan, eta beharrean egon da errefuxiatu estatusa ukatu dioten arte. Kontratatu zutenek esan diote berriro hartuko dutela baimena berreskuratuz gero. Beraz, nolabait errotuta dago emakumea. Baita alaba ere: eskolara joaten da, lagunak ditu, eta euskaraz ederto egiten du berba. «Paperik gabe gauden arren, eskolara joan daiteke. Eta, ahal duen bitartean, ikasten jarraituko du». Osasunerako eskubidea ere badute biek. Baina, adibidez, etxea alokatzeko lan kontratua eskatu zioten. Orduan bazuen, baina orain ez. «Kalean egin behar al dugu lo?». Familia ez du egoera hobean. Senarrak eta beste seme-alabek ere erbestera jo behar izan zuten. Afrikako herrialde batean daude haiek, eta ez dute asilorik lortu. «Gure beste umeek ez dute eskolara joateko eskubiderik, ez dute bermatua osasun arreta». Espainiak errefuxiatu estatusa aitortuko balio, Bizkaira ekarri ahal izango lituzke guztiak.

Bere nortasuna ahalik eta gehien babestu gura du emakumeak. Izan ere, azaldu du erbestera ihes egiten duten herritarrak hiltzen saiatzen dela euren herrialdeko gobernua. Hegoafrikan hainbat herrikide hil dituztela esan du, adibidez. Ohartarazi du tokian tokiko agintariek ez dituztela hilketa horiek ikertzen; «konplizitatea» salatu du. «Ez dut hemen nire herrialdekorik ezagutzen, baina nahiago dut ezagutu ez. Ez dut nahi inork jakiterik nor naizen eta non nagoen. Oso arriskutsua da guretzat». Kontatu du aitarekin Afrikan dagoen alaba bahitzen saiatu zirela iaz.

Toki guztietan beldur

Hainbatetan egin dio galdera Espainiako Barne Ministerioari: «Bere herrialdean arrakasta lortu duen pertsona batek zergatik joko luke erbestera, ez bada egiaz bere eta bere familiaren bizitza arriskuan daudela?». Eta erantzun ere egin du: «Beldur delako, bizitza arriskuan ikusten duelako». Izan ere, asiloa ukatuz eman dioten erantzunean «arrakasta profesionala» lortu izana erabili dute ezezkoa argudiatzeko. Osasun arloko unibertsitate ikasketak ditu andreak. Ospitale batean egiten zuen lan, eta sail bateko buru ere izan zen. Senarrak ingeniaritza ikasketak ditu. «Arlo profesionalean gora egiteko gogoa genuen, eta, hain zuzen ere, horixe da gure presidenteak jasan ezin duen jendea. Ez zaizkio gustatzen pertsona autonomoak, beren kasa gora egiteko gai direnak. Herritarrek harekiko mendekotasuna senti dezatela nahi du».

Jazarpen etnikoa jasan zutela azaldu du, boterean dagoen etniak besteen kontra egiten duelako. Azpimarratu du indarkeria oso hedatuta dagoela, elkarrekiko mesfidantza sentitzen dutela. Baina «makillatuta» dagoela: «Zuzenekoa da, baina ez agerikoa; ezkutuan egiten da». Salatu du nazioarteko herrialde boteretsuenek hori «onartu» egiten dutela, beren sorterria herrialde «segurutzat» dutelako. Horregatik ukatzen diete babesa erbesteratuei. «Europako herrialde gehienek gure herrialdeko 40 goi agintari atxilotzeko nazioarteko agindua emana dute; tartean, gure presidentea. Hori herrialde seguru batean gertatzen al da?».

Espainiak emandako ezetzari helegitea jarriko dio. Aipatu diote ebazpenaren aurka jo ondoren asiloa lortu duten beste bizpahiru herrikide badirela. Baina ez du itxaropen handirik. Berdin dio Europan, Afrikan edo Asian, baina nonbait «lasai, seguru eta eskubide guztiekin» bizi nahi du. Hala ere, benetako ametsa sorterrira itzultzea da. «Beldur barik».

BERRIAn argitaratua (2018/09/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA