astekaria 2018/09/28
arrowItzuli

bizigiro

Moda berrien harrikada

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria - Eihartze Aramendia Iparragirre

Moda berrien harrikada

Basurdeak pasatu direla ematen du; lur guzia mugitua da. Bitxi egiten du». Itxuraldatuta dago Larhun mendia: horretaz ohartua da Michele Gracy Azkaineko (Lapurdi) herritar eta mendizalea. Basurderik ez, ordea. Gizakia da itxuraldaketa horren erantzule; moda bati segitzearen ondorioa. Horixe bihurtu baitira cairn edo harri metaketak. Moda horren eragina, baina, ez da paisaiaren itxuraldaketan gelditzen, zenbait animalia arriskuan jartzen baititu.

Arazo hori ikusita, Azkaineko mendizale batzuek jendea sentsibilizatu nahi dute, eta tartean da Gracy: «Iragan astean, mendi ibilaldi bat antolatu genuen Larhunera. Jendearekin mintzatzeko aukera izan genuen, batzuk cairn horiek egiten ari baitziren momentu horretan. Azalpenak emanda, jendeak ulertzen du, baina aitzinetik ez dute hausnartzen, eta besteek egiten dutena egiten dute». Larhun tontorrera joan-etorriak egiten dituen tren ttipiko langileek eurek ere jendea sentsibilizatzeko ardura hartu dute, baina Azkaineko mendizaleak azaldu du kontua ez dela hori: «Ez da euren lana, ezta gurea ere, baina zerbait egin nahi genuen: aspertuak gara. Ez da azaleko harririk dagoeneko; denak kendu dituzte». Gracyk ohartarazi du lurretik ez ezik eraikuntza historikoetatik ere harriak hartzen dituztela: «Koralhandia izeneko gotorlekutik hartzen dituzte harriak: Napoleonen garaiko gerran baliatu zuten izar formako eraikuntza bat da. Beste hainbat tokitan, Islandian, adibidez, horrelakoak babestu egiten dituzte». Bide horretatik, erakundeei zerbait egitea galdegiten diete: «Jendea informatzeko afixak jarri beharko lituzkete, bederen; egin dezaketen gutxienekoa da hori».

Pentsatzen du Larhuneko tren ttipiaren kudeaketa daraman N'py enpresak ere arduratsu jokatu beharko lukeela: «Haien publizitatean cairn-ak ikusten dituzu, eta ematen du normala dela horrelako bat egitea. Zerbait erran beharko lukete jadanik treneko txartela hartzera joaten zarenean».

Hainbat helburu

Urteetan, hainbat helbururekin osatu izan dira harri pilaketak Euskal Herrian zein munduko beste hainbat txokotan. Adituek diotenez, historiaurrean harri pilaketak hilobiak markatzeko erabiltzen ziren; hala ere, bada bide zuzena markatzeko erabiltzen zirela esaten duenik ere. Andeetako indigenek, esaterako, ama lurrari eta mendietako jainkoei eskerrak emateko eraikitzen zituzten; Islandian, Artikoko herrietan eta Irlandan, berriz, bide zuzenak markatzeko erabiltzen ziren.

Euskal Herrian ere hamarnaka harri pilaketa aurki daitezke mendi gailurretan. Hilobiak markatzeko ez ezik, mendietako bide zuzenak seinalatzeko erabili izan dira. Zalantzarik gabe, mendizaleentzako ezinbesteko iparrorratza dira. Hala ere, azken urteotako «moda» berrien eraginpean, harri pilaketak nonahi aurki daitezke; harri txikiak, borobilak, handiak edo irregularrak elkarren gainean jartzeko moda zabaltzen hasi da Euskal Herriko mendi gailurretan. «Inguruko mendi gainetan nabari da azken urteotako moda; jendea harriak pilatzen hasi da», azaldu du Javi Calvo Arabako Mendizale Federazioko lehendakariak. Calvok aipatu du harriak kendu behar ez diren tokietatik jasotzen dituztela, eta, beraz, ingurumenean eragina dutela. Horretan adituak direnek ere diote cairn-ek eragin zuzena dutela, mendizaleengan ez ezik, baita bioaniztasunean ere. «Larhun mendian urteetan gertaturiko prozesu natural eta historikoak direla eta, lurraren gainean sakabanatuak dauden harriek funtzio garrantzitsua betetzen dute zenbait animalia taldek bizirik irauteko. Harri horien azpialdean mikrohabitat bereziak sortzen dira, eta baldintza bereziko gune horiek garrantzi handikoak dira hainbat animalia talderentzako. Beraz, zegoen lekutik erauzitako harri bakoitzarekin, eskala txikian bada ere, eraldaketa bat sortzen da inguruan, eta urteetan mantendu den harripeko mikrohabitata desagerrarazten da. Horrek, noski, kalteak eragingo ditu erabiltzen dituzten espezieengan», azaldu du Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko kideak. Zehatzago ere mintzatu da: adierazi du hainbat ornogabe espezie eta talde herpetofaunistikoa osatzen duten anfibioak eta narrastiak izango direla kaltetuen artean: «Lurrean dauden harrien azpiko guneek funtzio garrantzitsua dute azken horiek bizirik irauteko. Animalia talde horiek harripeetan babesten dira sarri; harraparien aurkako babesa ematen diete, eta, bestalde, lurraren eta harriaren arteko gune itxi horrek behar duten hezetasuna eta tenperatura ere ematen dizkie».

Jaizkibelen ere, antzera

Harrien azpiko eremuak, babesa emateaz gain, «ezinbesteko guneak» direla azaldu du, «hainbat narrasti espezieren ugalketa garaian, esaterako». Izan ere, sugandilek edota muskerrek arrautzak jarri ohi dituzte gune horietan: «Harripeko mikrohabitatak baldintza ezin hobeak izaten ditu arrautza horiek garatzeko eta, ondorioz, hainbat narrastik bizi-zikloa gauzatzeko. Ornogabeen kasuan, gauzak ez dira oso bestelakoak; nork ez ditu ikusi inoiz mendiko harrien azpialdean inurriek sortzen dituzten inurritegiak? Edota bertan ezkutatzen diren zizare, barraskilo, armiarma, bare, edota bestelako zomorro klaseak? Dudarik gabe, harripeko gune horiek dira hainbat ornogaberen bizilekua, eta zomorro horiek, bestalde, beste animalia askoren bazka osatzen dute».

Aranzadiko kideak hausnarketarako bide ere eman du: «Larhunen, bere lekutik mugitu diren ehunka harri erauzi direnean, ehunka mikrohabitat suntsitu dira. Babesleku, bizitoki, bazkaleku edota ugaltzeko gune moduan erabili ahal izan zitezkeen harriek funtzioa galdu dute. Sortu diren harri pilaketek, agian, gordeleku funtzioa ere bete dezakete, baina sortzen diren cairn horien barruko baldintzak eta harripean aurki daitezkeenak ez dira berdinak izango: ezberdinak dira hezetasuna, tenperatura eta babesa, adibidez, eta, beraz, gizakiek sortu dituzten harri pilaketek ez dute balio bera izango espezie askorentzat».

Ohartarazi du Larhunen ez ezik Jaizkibelen ere antzeko fenomeno bat gertatzen hasi dela: « Txortxipi izeneko errekaren aldamenean gero eta ugariagoak dira, eta, kasu horretan, harriak errekarriak dira. Beraz, horiek errekatik hartzeak beste eragin batzuk izango ditu; esaterako, errekako fauna makroornogabean». Biak ala biak, gainera, Natura 2000 Sarean daude, eta babesturiko espezieak daude sare horretan, txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), esaterako: «Zelaien, urasken, errekastoen eta putzuen inguruetako harripeetan aurkitu ohi da sarri ugaltzeko garaian, etorkizunean zapaburu bihurtuko diren arrautzak bizkarrean dituela. Anfibio horren kasuan, beraz, harripeko baldintza horiek laguntzen diete arrautzek behar duten hezetasunari eusten».

'Land Art' mugimendua

Land art mugimendua 1960ko hamarkadan sortu zen, Ameriketako Estatu Batuetan, aldarrikatzeko museoetatik harago ere badagoela aukera natur baliabideak erabiliz artelanak egiteko. Arte mota horren oihartzuna lau haizeetara zabaldu, eta gainontzeko kontinenteetako herrialdeetara hedatzen hasi zen. Euskal Herrian ere bada land art mugimendua oinarri duen proiekturen bat; esaterako, Ozetako (Araba) Garaion sorgin gunean. Amaia Gabilondo proiektuaren sortzaileetako bat da; «ezjakintasunetik», naturak eskainitako baliabideak artea sortzeko erabiltzen hasi ziren duela hamar urte. «Natur elementuak maite ditugu; oso baliabide interesgarriak dira artelanak egiteko».

Artelan parte hartzaileak egiten dituzte hamaika txokotan; zumearekin eraikitako zubiak, labirintoak, etxeak edota patioetako parkeak. Zernahi egitearen artea. Naturak eskaintzen dituen baliabideekin eraikitzea eta naturan eragitea dute filosofia nagusi. Adierazpen gisa ere erabiltzen dute land art artea, batik bat gazteekin. Eredu ezberdinak eskaini, eta herrian adierazi nahi dutena zer den erabakitzen dute elkarrekin, batzar bidez.

«Naturako elementuak arduraz erabiltzen saiatzen gara, eta oraingoz ez dugu nabaritu bioaniztasunean eragina dugunik». Gabilondoren esanetan, ordea, baliteke noizbait hanka sartu eta konturatu ez izana: «Azken finean, ez gara adituak, eta kontuz ibiltzen garenok ere eragina dugu ingurunean».

Aranzadi elkarteko herpetologo Sanz-Azkuek argi utzi du: «Anfibioen eta narrastien laginketak egiten dituzten adituen aurreneko ikasgaia izan ohi da zegoen lekuan utzi behar dela animalia talde hori lagintzeko altxatzen den harri bakoitza. Gizakien begietatik ihes egiten duten mikromundu horren menpe ere badago gure ingurunearen bioaniztasuna. Harriak, beraz, dauden lekuan daude ondoen».

BERRIAn argitaratua (2018/09/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA