kultura
RAMON AGIRRE
«Ez dut sekula izan aktore lana uzteko krisialdirik»
Gorka Erostarbe Leunda
Oier Aranzabal Margolaria filmaren egileak aipatzen du ia sortzaile guztiek izan duzuela bazkari gatazkatsu samar bat familiakoei esateko artista izan nahi duzuela... Zeuk arkitektura ikasi zenuen. Gogoratzen duzu garai konfliktibo hori?
Ez zen izan egun batetik besterako erabakia. Nik txikitatik banuen aktoretzarako zaletasuna. Zazpi anai-arreba ginen, eta ama oso antzerkizalea zen. Ni hirugarrena naiz, eta eramaten ninduen berekin antzerkira eta zinemara, batez ere udatan, aita ez baitzen oso zalea. Komedia espainiarrak izaten ziren gehienetan. Bera bakarrik ez joatearren, ni eramaten ninduen, jada zalea bainintzen. Zaletasuna hor zegoen; beste kontu bat da aktore izatearena. Gaztetan, eten batzuk izan nituen: soldaduska, batetik. Parisera ere joan nintzen bolada batez, eta hasi nintzen pantomima egiten. Hor hasi nintzen ikusten niretzat egon zitekeela arkitektura ez zen beste bide bat...
Hortaz, etxean ez zenuen izan erresistentzia handirik?
Ez, ez bainuen nik ere oso argi. Ez nuen sekula esan «arkitektura utzi nahi dut aktore izateko». Ez dago egun zehatzik; pixkanaka-pixkanaka joan ginen bidea eginez.
Zeure buruari askotan berritu behar izan diozu gerora erabaki hori?
Inkontziente samarra izan naiz hasi nintzenez geroztik. Banuen adina bizibidea nonbaitetik ateratzeko, eta, ez dakit nola, baina ateratzen genuen, moldatzen ginen. Antzerkia egiten genuen, eta ez dakit zer irabaziko genuen, eta ez dakit nola iristen ginen hilabete amaierara, baina nik ez dut izan aktore lana uzteko krisialdirik. Zetorrena zetorrela konformatu izan naiz, eta aurrera.
Zinemira saria emango dizute. Sari handiena, ordea, ez al da azken bolada luzetxoan daramazun lan erritmoa?
Bai, dudarik gabe. Ni saritua sentitzen naiz aspaldi. Aktore bat ez da ezer zuzendari batek esaten ez badio «rol hau zuk egitea nahi dut». Azken urteetan, bereziki, oso rol politak eskaini dizkidate, eta ni saiatu naiz aprobetxatzen. Eskaintzen didaten rol bakoitza saria balitz bezala sentitzen dut. Ni bezalako asko daude, eta deitzen didatenean harritu egiten naiz, baina gero pentsatzen dut, «tira aurrera».
Michael Hanekerekin Amour filmean egindako lana mugarri bat izan al zen zuretzat? Beste oihartzun bat eman zizun?
Nik uste dut garapena hemen bertakoa izan dela gehiago, kanpoko kontuez apartekoa. Salto handirik gabekoa izan da, baina konstantea; agian Aupa Etxebeste! [2005] izan zen hor tranpolin lana egin zuena, baina ni pixkana-pixkana joan naiz bidea egiten. Hanekerena izan zen halako ibilaldi bitxi moduko bat, bizitzan behin egiten diren horietakoa. Horrek ekarri zuen, akaso, Almodovarrek deitzea gero, ze Almodovar bada inbidioso samarra [barreak]. Hori bai, Amour-ek distira berezia dauka nire curriculumean, nola ez!
Sareko foroetan bakarren batek egin du arrapostu: «Zinemira saria eman diote; eta zergatik ez, adibidez, Donostia saria?».
Tira, nik ez dut horren inguruan ezer esatekorik. Ematen didatenarekin poz-pozik ni. Ez dakit gehiago merezi dudan, edo hau ere ez dudan merezi.
Baina, merezimenduaz harago, euskal komunitatekook ere bere horretan ez ote genuen onartu albistea, gure txikitasuna nolabait aurreonartuz...
Egia da bertakoari askotan ez zaiola balio bera ematen, baina hori arlo askotan gertatzen da, eta ez soilik hemen, leku askotan. Ni asko pozten naiz hemengo bati bere lana aitortzen zaionean.
Iaz eta aurten ere oso presente zaude Zinemaldian. Handia aurkeztu zenuten iaz. Zer irakurketa egiten duzu urtebete geroago?
Norbaitek zalantzarik bazuen guk ere egin genezakeela zinema ona, egin dezakegun horren beste froga bat da Handia. Eta batzuetan asmatzen dugula istorio bikainak egiten. Hor geratuko da, mundu osoan lasai-lasai ibiltzeko pelikula modura, eta ez da bakarra.
Oreina estreinatuko da gaur; Koldo Almandoz zuzendariak aipatzen zuen, besteak beste, interesgarria egin zaiola aktore profesionalen eta aktore ez direnen arteko lankidetza. Zer eman dizu zuri lankidetza horrek?
Hori maiz gertatzen da hasiberriak direnekin. Hasieratik oso harreman ona izan nuen Laulad Ahmedekin [Khalilen papera jokatzen duen aktorea], eta saiatu nintzen ahal nuen neurrian laguntzen. Filmaren mesederako eta norberaren mesederako ere izaten baita. Halakoetan, gogora etortzen zaizkit nire hastapenak eta urduritasunak, eta poza ematen du ikusten duzunean besteak zer gogo jartzen duen, zer irrika duen ikasteko, zer irekia den, zer sentsibilitate duen... Gustua ematen du.
Inoizko garairik onenean dago euskal zinema?
Bai, ziur aski; Aupa Etxebeste! izan zen mugarri bat, mugarri txiki bat. Ez bakarra, baina... Hala ere, azkenaldian asko aipatzen da loraldia, baina ez dakit hitz dakit egokiena den. Loraldia aipatutakoan, irudikatzen dut lorez betetako zelai bat... Euskal zinemagintza oso gaztea da, oso pieza gutxi ditu oraindik ere. Astebetean ikus liteke euskal zinemaren historia osoa, ziklo bat egingo balitz. Autokonplazentzian ezin gintezke erori, baina, hala ere, onartu behar da ziur aski inoizko momenturik onena badela.