kirola
SILVIA TRIGUEROS
«Ordu eta erdiko bi lo kuluxka egin nituen 88 orduan»
Unai Ugartemendia
Lau egun besterik ez da etxera itzuli zinela. Nola ari zara lehengoratzen?
Ondo, ondo, uste baino hobeto. Egia da nire esku izan dudan guztia egin dudala lehenago indarberritzeko, agian aurreko urteetan egin ez dudana.
Nola indarberritzen da bat ia lau egun korrika ibili eta gero?
Oro har, ondo oneratzen den pertsona naiz. Masajistek ere askotan esan izan didate, nire giharrek azkar oneratzeko gaitasuna dutela. Ez dakit zuntzengatik izango den edo ez, baina badirudi onak ditudala [barreak].
87 ordu eta 50 minutu behar izan dituzu zehazki Tor de Geantseko ibilbidea osatzeko. Izugarrizko marka da.
Bai, bai, izugarria da. Ni ere oraindik dena barneratzen ari naiz. Entrenatzailearekin ere aritu naiz hizketan, senarrarekin ere bai... Emakumeen inoizko denborarik onenetan bigarrena da, eta oraindik zaila egiten zait sinistea. Oihartzun handia izaten ari da, eta, amaitu zenetik, kazetariekin hizketan nabil etengabe.
Euskal Herrian askok adi begiratu diote zure jardunari.
Bai, iaz eta aurten Whatsapp talde oso handia egitea erabaki dut, ia 80 pertsonako talde bat. Nire senarrak noizean behin informazioa bidaltzen zien, eta bat baino gehiago goizeko lauretan ere esnatzen zen nola nindoan ikustera. Horiez gain, nire senarrak harreman zuzena zuen entrenatzailearekin eta medikuarekin: nola nindoan jakiteko, jaten ari ote nintzen jakiteko…
Aurtengoa hirugarren urtea zenuen jarraian Tor de Geantsen. Betiko asmo berberarekin joan al zinen?
Bai. Nire asmoa argia zen: 90 orduan ibili nahi nuen. Aurten kanpoko faktore batzuk kontrolatzea lortu dut; hilekoa, esaterako. Aurreko bi urteetan hilekoa jaitsi zitzaidan lasterketan, eta horrek sukarra eragiten dit. Iaz sukarrarekin joan nintzen lasterketara. Bi faktore horiek asko landu ditut emaginarekin, eta asko nabaritu dut aurten.
Ez dira korrikalari asko Tor des Geants hirugarrengoz egin dutenak. Zuk nolatan errepikatzen duzu?
Bada korrikalari talde bat Tor-eko ekitaldi guztietan izan dena; Senators deitzen diete. Tartean euskaldun bat dago, Oscar Martin bizkaitarra. Asko erakartzen ninduen lasterketa bat zen, erronka pertsonal bat delako. Beti pentsatzen nuen: amaitzeko gai izango zara? 150 orduan bai? Nire kasuan, 100 ordutik jaistea zen lehen helburua. Behin lortuta, zera pentsatu nuen: hobetu dezaket? Behin probatuta, kateatu egiten zaitu lasterketa honek. Javi Dominguez izan ezik [barreak]. Eromena dela esaten dit askotan, baina eromena berak jarritako marka da [67 ordu eta 52 minutu].
Zure helburu nagusia ez omen zen irabaztea, denbora ona egitea baizik.
Hori da. Munduko onenak etortzen badira, agian haien ondoan egon naiteke, baina azkenean balio duena denbora da. Lehen urtean, 2016an, 109 ordu egin nituen, eta bosgarren amaitu nuen; iaz, berriz, 97 ordu, eta bigarren. Aurten argi neukan 90 orduren inguruan ibili behar nuela.
Hiru urte hauetan askotan amestu al duzu garaile sartzen zinela Courmayeurreko kaleetan?
Askotan, baina lehen urtetik! Lehen aldi hartan oso motibatuta eta ilusio handiarekin joan nintzen. Buruz ikasi nuen ibilbidea; bertan ere izan ginen ibilbidea ezagutzen, bertan entrenatzen… Agian, orduan aurten baino hobeto nengoen, baina konturatu naiz azken urteetako esperientziak asko balio izan didala.
Zer izan zen lasterketaren gauzarik gogorrena?
Urdailarekin borrokan ibiltzea. Lasterketaren zati handi batean urdaila itxi zitzaidan, eta ez dakizue zein gogorra den goserik gabe jan beharra! Baina lortu nuen; eskerrak! Janari likidoa eraman nuen, errazagoa delako, baina hala ere zailtasunak izan nituen.
Zeinetaz gogoratzen zinen une zailetan?
Jende ezagunaz, Whatsappeko taldekoez... Iaz, lagun talde bat joan zen nirekin lasterketara, eta dokumental bat grabatu zuen nire ibilbidearekin. Aurtengo Bilboko Mendifilm jaialdian aurkeztuko dute. Haietaz pentsatzen hasten nintzen, eta banekien ezin niela hutsik egin, dokumentala sustatzeko aukera ezin hobea zelako lasterketa irabaztea.
Elikadura oso garrantzitsua izaten da horrelako lasterketetan. Egia al da patata tortila asko jan zenuela?
Bai! Goserik gabe nintzen batean, senarrak esan zidan patata tortilla bat prestatu zidala. Azkar batean etorri zitzaidan berriro gosea. Horrelakoetan, oso garrantzitsua izaten da jateko gustuko ditugun gauzetan pentsatzea.
Txakalaldi larririk izan al zenuen ibilbidean?
Ez, nik gogoratzen dudanez behintzat. Askorentzat bitxikeria izango da, baina gel bat besterik ez nuen hartu. Kafeina zuen gel bat izan zen, eta lo hartzen ari nintzela konturatu nintzelako hartu nuen, baina ez zidan ezer egin.
88 orduko lasterketan, zenbat ordu egin zenituen lo?
Bi geldialdi egin nituen, bakoitza ordu eta erdikoa, 192. kilometroan lehena eta 239. kilometroan bigarrena.
Noiz ikusi zenuen irabazi egingo zenuela?
Ez zait gustatzen gauzak aldez aurretik ospatzea. Lasterketa honetako azken jaitsiera oso txarra da, eta banekien erori eta orkatila okertuz gero dena pikutara joango zela. Bi aldiz erori nintzen lasterketan, eta banekien kontzentrazioa ezin nuela galdu amaierara arte.
Zortzi orduren abantaila atera zenien bigarrenari eta hirugarrenari. Ez al da askotxo?
Irteeran nengoela, gero bigarren sartu zen bikoteko kideetako batek, italiarrak, galdetu zidan ea sasoiko nengoen. Bigarrena eta hirugarrena elkarrekin sartu ziren, eta pentsatzen dut traturen bat egingo zutela. Korrikalari asko erretiratu ziren pixkana-pixkana. Agian, abantaila handiegia da, baina...
Burua ere oso garrantzitsua izaten da lau eguneko lasterketa batean. Nola entrenatzen duzu burua?
Egia da esan duzuna, baina esan dezaket nik burua ondo entrenatua dudala. Zerbait egiteko konpromisoa hartzen dudanetik, buru-belarri saiatzen naiz horretan. Gertatu izan zait, aurten Andorran esaterako, lasterketa batean uste baino okerrago joatea eta momentuan txipa aldatu behar izatea. Agian horretarako erraztasuna dudala izan daiteke, ez dakit. Hainbesteko ahalegina egin behar izaten dut askotan, ezin dut txikikeria batengatik bertan behera utzi. Entrenamendu on bat egiten ari naizela pentsatzen jarri, eta aurrera !
Zein izan zen saria lasterketa irabazteagatik?
Hoka etxeko oinetako batzuk erosteko txartela, gatz pilulak zituen poto bat, gel batzuk, masajeak emateko olio antzeko bat, oinetakoak eramateko poltsa bat, toalla bat eta motxila bat. Iaz, korrika egiteko erloju bat eman ziguten, behintzat, amaitzean, eta irten aurreko gaua eta amaitu osteko gaua pasatzeko hotela ere jarri ziguten. Aurten, irten aurrekoa bakarrik nuen. Kontuan hartuta bidaia egiteko bakarrik 400 euro behar ditudala, pentsa…
Zerk erakartzen zaitu horrelako lasterketetatik?
Lehen urtean dena oker atera zitzaidan, asko korapilatu zitzaidan dena. Nire senarrari berriro ere lasterketa honetara ez itzultzeko eskatzen nion, aurpegia hazia nuela. Baina sari banaketan nintzela, neronek esan nion: «Badakizu berriro ere itzuli egin behar dudala!». Une hartan banekien berriro ere itzuli egingo nintzela, arantza gelditu zitzaidan. Iaz, berriro ere antzeko gauza bat sentitu nuen, eta zera pentsatu nuen: «Askoz ere hobeto egin nezakeen!». Berriro ere arantza. Aurten, ordea, lasai itzuli naiz, nahiz eta aurten ere izan dudan okerren bat lasterketan.
Laugarrengoz joango al zara Tor de Geantsera?
Uf, askok egiten didaten galdera da. Ez dut baztertzen itzultzea. Senarrari ikaragarri gustatzen zaion lasterketa da, eta, berak gozatzen badu, badakit ez dudala arazorik izango itzultzeko. Baina gonbita berriro ere iritsiko da, zain dauzkat, baina ondo pentsatu beharra daukat. Sakrifizio handia eskatzen duen lasterketa da, abuztu guztian ibili behar da... Urte asko daramatzat oporrik izan gabe.
Tor de Geantsek beti izan du eztabaida bere inguruan. 2014an, esaterako, lehen postuan zihoan Francesca Canepa kaleratu egin zuten. Zuk gertutik bizi izan al duzu eztabaida hori?
Bai. Nik argi neukan dena normaldu arte ez nuela bertan parte hartuko. Beti zegoen ezbaian podiumeko norbaitek tranparik egin ote zuen edo ez, kilometro gutxiago egin ote zituen edo ez... Antolakuntzak neurriak hartu zituen arte ez nintzen joan lehen aldiz. Geroztik, gauzak asko aldatu dira, eta neurriak zorroztu dituzte. Adibide bat jarriko dizut: aurtengo lasterketan niri hiru aldiz aztertu didate motxila, ea derrigorrezko material guztia neraman ikusteko. Urte gogorrak izan zituzten; agian dena onartzen zutelako izan zitekeen. Interes asko daude lasterketa honetan.
Nolatan iristen da mendi korrikalari bat horrelako lasterketa bat egitera?
Egia esan, ez dakit. Maratoiak egiten hasi nintzen; gero, luzeagoak; gero, ehun miliatako distantziak, eta azkenik, hau.
Aurten, 13 lasterketa jokatu dituzu Tor de Geantsera joan aurretik; asko, maratoi distantzia baino luzeagoak. Ez al dira lasterketa gehiegi?
Egin dudana zera da: oso gutxi entrenatu. Izan dira asteak oinetakoak jantzi ere egin ez ditudanak. Gero eta gehiago kostatzen zait entrenatzeko motibazioa aurkitzea, eta dortsala jartzeak, aldiz, gehiago motibatzen nau. Lasterketak asko gustatzen zaizkit, ikaragarri. Gainera, aurten negua oso gogorra izan da.
UTMB Mont Blanceko Ultratrailean ere izandakoa zara. Laugarren postua lortu zenuen 2015ean. Zer iruditzen zaizu?
Zirku asko dago, eta, niretzat, ez da munduko lasterketarik onenetakoa, lasterkariei ematen dien arretarengatik. Lasterketa amaitu, eta ez dago anoa gunerik, izen ematea ere garestia da, amaitzen dutenentzako oparia ere eskasa... Horretan ez du zerikusirik Tor-ekin; Tor-en korrikalariok askoz ere hobeto tratatzen gaituzte.
Zer-nolako ezaugarriak behar ditu ultra distantziako korrikalari batek?
Uf... Javi Dominguezen buru hotza, Jordi Gamitoren estrategia, Maite Maioraren ahalmena, Nuria Picasen korrikarako erraztasuna eta nire sufritzeko gaitasuna.
Tor de Geantsen ondoren, zer? Beste zerbait luzeagoa egiteko asmorik?
Uste dut ezetz; luzeagoa, behintzat, ez. Neguan jokatzen den bat aipatu nion senarrari, Spine Race lasterketa [Erresuma Batua, 462 kilometro, +16.230 metro], baina ez dakit hainbesteko gogorik dudan. Eta gauza bat daukat argi: ez dudala bakarrik joan nahi horrelako lasterketetara.
Lasterketa asko irabazitakoa zara azken urteetan. Jendearen presioa nabaritzen al duzu irabazten ez duzunean?
Eta irabazten ez badut, zer? Zer gertatzen da, ba? Ez da ezer gertatzen! Semeek ere galdetzen didate halakoetan: Zer gertatu zaizu, ama? Ba ezer ez, besteak ni baino korrika gehiago egin dutela. Ez dago besterik; lehen askoz gehiago estutzen nintzen horrelako gauzekin. Nik nahiago dut kanpoan korrika egin. Lehen, esaterako, asko sufritzen nuen Ehunmilien astean. Irabazle ikusten ninduten atera aurretik, eta horrek asko nekatzen ninduen.
Oso zorrotza omen zara entrenamenduekin.
Orain pixka bat lasaitu egin naiz, egia esan behar badut, baina hasi nintzenean dena oso zorrotz eramaten nuen. Edozer gauza egiteko gauza nintzen entrenamendu osoa betetzeko. Lanera joan aurretik entrenatu behar banuen, jaiki eta joan egiten nintzen, ez nuen hutsik egiten.
Zurea bezalako garaipen zerrendarekin, babeslerik ez duzu faltako, ezta?
Bueno, badut nire taldea, Land. Nire kontratua dut, laguntza ekonomikoa ematen didate, eta arropa ere bai. Ez naute behartzen lasterketa batzuk egitera. Athlonekoek ere laguntzen didate. Baina, esaterako, oinetakoekin ez nau inork babesten. Saiatu izan naiz zerbait lortzen, baina ez dut inongo asmorik gogoz kontra ezer egiteko.
Nolakoa da zure egun arrunt bat?
Bi seme ditut, eta orain esan dezaket arnasa pixka bat hartzen uzten digutela [barreak]. Goizean goiz jaiki, eta lanera joaten naiz. Iaz arte, lanetik atera eta jarraian entrenatzen nintzen. Amaitu, ogitartekoak prestatu, eta umeen bila joaten nintzen. Haiekin ordu batzuk pasatu, etxeratu, afaldu eta ohera. Orain lasaiago ibiltzen naiz. Askotan, umeak eskolaz kanpoko jardueretan daudenean joaten naiz entrenatzera.