astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

kultura

Eta heldu da bazetorrena

Iñigo Astiz

Eta heldu da bazetorrena

Paradoxikoa irudi lezake, baina horixe da aurtengo kultur albiste nagusia: 2016an helduko da 2016a. Urteak daramatza albiste izaten aurtengo urteak, eta azkenean heldu da bazetorrena. Poloniako Wroclaw hiriarekin batera 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatu zutenetik, hiriburutza horri begira eman ditu Donostiak 2011tik honakoak, eta aurtengo kultur foku nagusietariko bat izango da Euskal Herrian. Urtarrilaren 23an egingo dute inaugurazio ekitaldi ikusgarria Hansel Cereza artistarekin, eta urtebetez ia egunero izango da albiste iturri egitasmoa. Datuek ematen dute, ordea, lortu nahi zenaren eta lortu ahalko denaren arteko aldea. Izan ere, 83 milioi eurokoa zen proiektuaren aurrekontua hasiera batean, baina 48 milioi euroko sailarekin abiatuko da azkenean. Bizikidetza izango du motor nagusia egitarauak, eta mota guztietako ehunka ekitaldiko eskaintza izango du. Irautea da antolatzaileen asmoa, ordea, eta dena ongi badoa 2016az harago ere heldu behar luke 2016ak. Legatua uztea baita hiriburutzaren bokazioa. Baina izango dira kultur albiste gehiago ere aurtengoan: Gaur taldea sortu zenetik eta Ez Dok Amairu mugimenduko musikarien lehen emanalditik 50 urte ere beteko dira aurten, bi pastoral egingo dituzte Lapurdin eta Zuberoan, eta Iruña-Veleia afera berriz ere mahai gaineratuko du aurkikuntzen 10. urteurrenak.

«Denok dakigu ja nor garen eta baita euskal artista gazte indartsu sorta batek gure herrian merezi duen lekua eta arreta aldarrikatzen duela». 1966ko apirilean egin zuen bere lehen erakusketa Gaur taldeak, Donostiako Barandiaran galerian, eta orduan kaleratu zuten beren lehen manifestua ere. Estu igartzen zuten giroa, eta horren aurka itzuli nahi izan zituzten beren pintzel eta mailuak. Ikur da jadanik artista zerrenda: Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Nestor Basterretxea eta Jose Luis Zumeta. Horra euskal artearen zortziko nagusietariko bat. Abangoardiarekin lotu nahi zuten euskal artea, eta herrialdez herrialde bultzatu zituzten eurenaren gisako taldeak horregatik. Iraultza nahi zuten. Handia zen asmoa, eta handia izan zen horregatik porrota ere, baina marka sakona utzi zuen euskal kulturgintzan. 50 urte beteko dira aurten lehen erakusketa hartatik, eta maiz izango da mintzagai hedabideetan efemeridea. Donostiako San Telmo museoak, esaterako, 1966 Gaur Konstelazioak 2016 erakusketa zabalduko du hilaren 22an, eta Europako kultur hiriburutza ekitaldiekin lotuta dago erakusketa hori ere.

Badok 50

Hasi liteke kontaketa: baga, biga, higa, laga, boga... eta segi harik eta 50era heldu arte. Izan ere, hori da aurten mende erdi beteko duen beste mugimendua: Ez Dok Amairu. Klabea da izen hori ere Euskal Herriko historian, eta lehen albisteak ja izan dira haren inguruan. 1965ean egin zuten mugimendua abiatzeko lehen bilkura Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Xabier Letek, Lourdes Iriondok, Jose Angel Irigaraik, Artze anaiek eta bestek, eta horregatik 2015ean ere izan da taldeari buruzko aipamenik. Hasi, baina, 1966an hasi ziren zuzeneko emanaldiekin, eta pentsatzekoa da, beraz, 2016an erreportaje eta omenaldi iturri izango direla. Euskal musikagintzan arrasto luzea utzi zuen musikari talde hark, eta neurriko oihartzuna izango du horregatik urteurrenak hedabideetan. Irratietan jarriko dituzte haien kantak, eta orduko giroaz arituko dira egunkariak.

Bi pastoral izango dira aurten. Baionan bata eta Zuberoan bestea. Katalina Erauso izango da Baionakoaren ardatza, eta izango du pisurik eskaintzak. Maite Berrogain da egilea, Maitena Lepeyre eta Pantxika Urruti dira errejentak, eta ekainaren 5ean estreinatuko dute, Baionan. Loturik da pastoral hori ere Donostia 2016 egitasmoarekin, ordea. Nolatan? Bada Donostiatik harago jotzea ere badelako kultur hiriburutzaren egitasmoa, eta horregatik babestu du Donostian jaiotako moja gerlariari eskainitako proiektu hori. Baionako emanaldiaz gainera, Donostian ere eskainiko dute beste saio bat irailaren 3an. Zuberoan egingo denak Jean Pitrau laborari eta sindikalista izango du ardatz, eta udan estreinatuko dute. Jean-Pierre Rekalt arituko da errejent lanetan, eta ez da Euskal Herrian soilik geratuko emaitza: Pariseraino ere eramango dute emanaldiaren parte bat irailean udazkeneko jaialdiaren barruan. Bestalde, Maskarada sasoia urtarrilaren 10ean hasiko da, Sohütan, eta apirilera bitarte izango dira jokaldiak Zuberoako herrietan.

Oteizari buruzkoa itxi, Iruña-Veleiari buruzkoa zabaldu. Bi eztabaida horiek ere utziko dute arrastoa datozen hamabi hilabeteotan. 2015ean hasi da Oteizaren oinordekotzari buruzko korapilo legala askatzen, eta itxura guztien arabera desblokeatu egingo ditu horrek hainbat urtez geldi egon diren hainbat ekinaldi. Aurten igarri behar litzateke aldaketa. 2015ean hitzarmena sinatu dute Oteiza fundazioak eta Pilar Oteiza artistaren ondarearen oinordekoak, eta amaitu da artistaren ondareari buruzko gatazka. Ondorioz, aurten kaleratu beharko lukete azkenik Txomin Badiolak egindako artistaren eskulturari buruzko katalogo arrazoitua. Mugarri bat izan behar luke publikazioak. 2010erako zen ateratzekoa printzipioz, baina eztabaida juridikoek katramilatu egin dute proiektua. Korapilo hori askatuta, katalogoa kaleratzeko arazorik ez printzipioz.

Iruña-Veleia afera

«Amets bat dirudi, baina errealitatea da». Hamar urte beteko dira aurten Henrike Knor hizkuntzalariaren lilura piztu zuten Iruña-Veleiako euskarazko idazkunak azaleratu zituztenetik. Eta liluratik desilusiorainoko bidea egina du jadanik aferak. Bizia izan da geroztik eztabaida, eta aurtengo efemeride borobilak berriz mahai gainean jarriko du gaia ziurrenik. Kristo aurreko III. mendean idatzitako euskarazko idazkunak topatu zituztela izan zen albistea orain hamar urte, eta iraultza zen hori ordura arteko teorientzat. Eta ez hori bakarrik, aurkikuntza haiek eraldatu egiten zuten kristautasunaren zabalpenari buruz ordura arte uste zena ere. Baina geroztik pieza haien faltsutasunari edo benetakotasunari buruzkoa izan da eztabaida adituen artean. Amets direla esan dute, adibidez, hizkuntzalari nagusietariko batzuek, eta errealitate direla beste batzuek. Egun, oraindik zabalik da gai horri buruzko epaiketa Gasteizko I. Epaitegian, eta aztarnategi haren bueltan gertatutako guztiari gainbegiratua egiteko urtea izango da 2016a hedabide askotan.

Pixies eta Scorpions

Ingelesez jatorrizkoan: «Zure oinak airean eta burua lurrean,/ saiatu, eta gero eman buelta, bai». Where is my mind? kanta ezaguna zuzenean entzuteko aukera ere eskainiko du 2016ak. Izan ere, Pixies taldea da Bilboko BBK Live jaialdirako aurreratu duten kartel buruetariko bat. Ikur bat, ikur diren kanta sorta batekin. Ibilbide luzea du New Order taldeak ere, eta hura ere egongo da Kobeta mendiko jaialdian. Refused, Luke Winslow-King eta Daniel Romano aurreratu dituzte Gasteizko Azkena jaialdirako, eta Euskal Herria Zuzenean jaialdiarentzat ere urte garrantzitsua izango da. Bihurgunea egin zuten iaz, egin ere. 20. aldia izan zuten 2015ekoa, eta hainbat aldaketa egiteko baliatu zuten aukera. Emaitzarekin pozik gelditu, eta aurten formula horri eutsiko diote. Dee Dee Bridgewater, Carla Cook eta Jamie Cullum aurreratu dituzte Donostiako Jazzaldirako, eta aurten Euskal Herria bisitatuko dute Silvio Rodriguezek, Elvis Costelok, The Curek, eta Scorpionsek ere.

Bertsolaritzari dagokionez, herrialdekako bi txapelketa izango dira. Apirilean hasiko da, adibidez, Bizkaiko txapelketa, eta abenduan izango da finala. Fredi Paiak irabazi zuen aurrekoan txapela. Ipar Euskal Herriko Xilaba bertsolari txapelketa udazkenean abiatuko da, eta azaro erdialdera egin asmo dute finala. Sustrai Colina bertsolaria izan zen azken txapelduna.

Argi, halere: Donostiako kultur hiriburutzaren urtea izango da aurtengoa. Handiak izan dira azken urteetan egitasmoaren inguruko polemikak, luzea izan da dimisioa emandako kideen zerrenda, eta kolore banako hiru udal talde pasatu dira hiritik proiektua lehiaketara aurkeztu zenetik hona. PSEk hasi, EH Bilduk segi, eta EAJk itxi. Ekintzaren urtea heldu da, ordea, eta erronka ez da txikia izango: urte betea izango dute aurrerantzean antolatzaileek 2016a 2016aren urte bilakatzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA