iritzia
Distantzia
Goizalde Landabaso
Santanderrera doan autobidean ordainlekurik ez da; bai berriz, Donostiarakoan (Bilbo-Donostia 11 euro), edota Gasteizerakoan. Zenbat ordainleku pasatu behar dira Bilbotik Baionara heltzeko? Zenbat balio du Bilbotik Iruñera doan autobusak? 15 euro. Elkarri bizkarra emanda bizi gara, bai. Bolada batez bertoko telebista publikoak bazuen Euskal Herria airetik erakusteko saioa. Gutako askok ezagutu genuen: Larrun mendia, Bardeak, Kakoetako arroila, Otsagiko herria edota Zierbenako portua. Ez naiz konpartimentu zale gure neurriko herri batean. Egongo da Astigarragan, Biarritzen, Zizur Txikin edo Arrankudiagan zer gertatu den interesatzen ez zaionik. Niri interesatzen zait. Gero eta gehiago. Eta gero eta gutxiagotan ikusten dut gure nanotasunean dugun aniztasuna. Zatitu, zatitu eta berriz ere, zatitu txokokeriak hauspotuz. Gero, baina, ez dadin inor kontu eskean etorri herria ezagutzen ez dugula aipatzerakoan. Herrigintza gauza asko dira.