astekaria 2018/09/28
arrowItzuli

mundua

KATALUNIAKO PARLAMENTUKO PRESIDENTEA

«Errepublika nolakoa izango den azaldu behar dugu»

Carme Porta

«Errepublika nolakoa izango den azaldu behar dugu»

Bartzelonako zoologikoan dauden hienak ikus daitezke Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen bulegotik (Sarria de Ter, Girona, 1979). Horri buruzko txantxak egin ditu elkarrizketari ekin aurretik. Harrera adeitsua egin dio BERRIAri.

Nolakoa izan duzu igaro den urtea, Parlamentuko presidentetzan? Gauza asko gertatu dira, eta kritika asko egon dira.

Urriaren 1a herritarren subiranotasunaren ekintza bat izan zen, ekintza oso-oso indartsua demokraziaren ikuspuntutik, aldarrikapenen aldetik eta herritarren ahalduntzetik. Iragan bat eta gero bat dago; izan ere, abiapuntua eta amaiera da, eta sinesgarritasuna ematen digu bi perspektibatatik: batetik, demokratikoki prozesu hau konpondu nahi dugula, eta, bestetik, konpontzera erabakita gaudela, edozer gertatzen dela. Egin behar dugun ibilbide politiko osoaren abiapuntua da, datozen hilabete eta urteetako agenda definitzeko. Beraz, estrategia bakar bat adostu behar dugu alderdi independentisten artean. Onartzen dut ez dugula jakin izan argi eta garbi azaltzen egin beharreko bidea, eta ez ditugula zehaztu etorkizuneko urratsak. Baina aitzakiak jartzeko intentziorik gabe, azal daiteke, neurri batean, zergatia: errepresio basatia bizi izan dugu, eta birkokatu egin behar izan dugu politikoki eta antolaketa aldetik, eta, orain, estrategikoki geure lekua aurkitu behar dugu. Torra presidentearen hitzaldia ERCk Konferentzia Nazionalean onartutakoaren bidetik joan da, eta, beraz, uste dut agendaren kontsentsurako ariketa bat egiten ari garela. Dena den, edozein estrategiak urriaren 1a du abiapuntu.

Ahalduntze hori saihestea zen jende askorentzat, hain justu, urriaren 10ean independentzia deklarazioa bertan behera uzteko helburua.

Uste dut kontrakoa dela. Katalunian, 2010etik, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ostetik, legezkotasunaren eta legitimitatearen arteko haustura bat dago, seguruenik behin betiko. Kataluniako herriak bozkatu eta onartutako estatutua, akordio sozial berria, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak hautsi zuen -ERCk eta nik neuk estatutuaren kontra bozkatu genuen, baina onartu genuen legezkotasun berria-. Gaur egun, Espainiako legeria ez da legitimoa Katalunian, gehiengo sozialaren eskaera autodeterminazio eskubidea erabiltzea baita, legitimotasun berri baterako. Eta urriaren 1a legitimotasun sozialari buruzko ariketa da, hautetsontzien bidez autodeterminazio eskubideari buruzkoa.

155.a aplikatzeak porrotaren sentsazioa eragin zuen jende askoren artean, eta ondorioak izan ditu. Errepresioak ekintzarako estrategia falta ekarri du. Nola pentsatzen duzue lidergoa berreskuratzea?

Horrexegatik aldarrikatu dugu beti gobernu eraginkorra, 155.a ezin okerragoa izan baita. 155.ak iraun bitartean, administrazioak izan zuen geldialdiaren ondorioak pairatzen ari gara gaur, oraindik ere. Gobernuak ez baitu soilik 155.aren errepresioa gainditu behar, errepresioaren alde politikoa; estrategiaren parte handi batek ongi gobernatzera bideratu behar du, hau da, irizpide sozial batekin, herritarren eskaera sozialei erantzuteko. Ez bakarrik gizarte katalanaren kolektibo gehienen eskaerei erantzuteko, baizik eta modu hori delako onena errepublikak nola izan behar duen azaltzeko, jende gehiago erakartzeko. Proposamen ezberdinetatik edo ñabarduretatik harago, ados gaude jende gehiago izan behar dugula, eta, gainera, sendoagoak.

ERCren jokaerak kritika asko sortu ditu, eta desadostasun handiak izan dira parlamentuan.

Orain esango dudana ERCko kide gisa esango dut, eta ez parlamentuko presidente gisara. ERCkook ez dugu izan nahi independentistenak, baizik eta independentista gehien egiten dutenak. Norbaitek pentsa balezake ERCk egiten dituen planteamenduak ez datozela bat pentsatzen duenarekin, hori erabat legitimoa da, baina uste dut independentista gehien lortzeko modurik onena ERCk defendatzen duena dela. Premisa gauzatzen saiatzen naiz, eta uste dut gaurko errepublikanismoaren parte handi batek partekatzen duela: egiten dugun edozein urratsek aurrekoa baino jokaleku hobea eragin behar du. Ez digute ezertarako balio hainbat imintziok, baieztapenek, edo erretorika jakin batek, ez badatoz bat aurrera egiteko aukera ematen diguten ekintzekin, hau da, erabaki eraginkorrekin. Egiten dugunaren analisi politikoak eta sozialak aldekoa izan behar du, izan ditzakeen ondorioak eta kostu politiko eta pertsonalak alde batera utzita.

Mahai gainean zein da aurrera egiteko dagoen proposamena?

ERCk ariketa bat egin zuen Konferentzia Nazionalean: auziaren irtenbide demokratikoaz dihardu, eta Espainiako Estatuari ez ezik nazioarteko komunitateari ere egiten dio dei, mekanismoak bila daitezen irtenbide demokratikoa aurkitzeko, inolako biderik itxi gabe. ERCk ez dio uko egiten ezein bide baketsu, demokratiko eta gizalegezkori, bere helburuak lortzeko: Errepublika. Uste baitugu tresna egokiena dela herri honetako herritarrei laguntzeko.

Carme Forcadell preso dago eztabaida onartzeagatik. Nola eragiten dizu horrek, pertsonalki eta politikoki, egungo Parlamentuko presidente zarenez?

Presidente gisa argi daukat, Forcadellek presidente zela egin zuen bezala, ez dudala eztabaidarik mugatuko parlamentuan; inolaz ere ez. Hemen, denetarik hitz egin behar da, eta, are gehiago, herritarrak arduratzen dituzten gaiez. Behar diren eztabaida guztiak bideratuko ditugu, berdin dio nork proposatzen dituen, hori baita parlamentarismoa. Bestela, galdera hauxe litzateke: non jartzen ditugu adierazpen askatasunaren eta demokraziaren mugak? Carme Forcadell espetxean dago eztabaida demokratikoa egiten uzteagatik, eta hori onartezina da edozein zuzenbide estatutan, edozein demokraziatan. Lotsagarria da Forcadell espetxean egotea demokrazia sustatzeagatik, eta, alde horretatik, nik berdin jardungo dut.

Independentisten eta 155.aren blokearen artean ba al dago hitzarmenetarako aukerarik?

Sozialki hiru kontsentsu handi daude: errepresioaren amaiera, auziari irtenbide politikoa eta demokratikoa ematea, eta, azkenik, balio errepublikanoak partekatzen dira, 78ko erregimena gainditzeko eta herritarrak eskatzen dituen politikak garatzeko. Kontsentsu horiek urriaren 3ko argazkian islatu ziren [greba orokorra]. Batetik, egun hartan kalera ateratako jendeak ordezkatzen du, erreferendum egunean bozkatzera atera zena baina ezin izan zuena, eta, bestetik, ez zena joan, baina ez dagoena prest eskubide eta askatasun zibilak muga daitezen. Jarrera hori da geureganatu behar duguna independentzia proiektura. Horiek guztiek osatzen duten gehiengoa da legebiltzar mailan batu behar duguna. Eskubide eta askatasun zibilen eta auziaren irtenbide politikoaren alde dagoen gehiengoa. Gehiengo horiek sendotzen goazen neurrian izango dugu gaitasuna eta eragin politikoa irtenbide demokratikoa lortzeko.

Baina parlamentuaren irudia ez da kontsentsu transbertsal horien isla, baizik eta hausturarena.

Autobetetzen den profeziaren arriskua dugu. Tentsioaz eta liskarraz etengabe hitz egiten duten horiek lortzen dute telebista kamerari bati eraso egitea, manifestazioa, hasieran, erasoen kontrakoa denean. Berriz diot: estrategikoki, eskubide eta askatasun zibilen alde lan egin behar dugu, gehiengo handi bat batzen baitu eskaera horrek. Eremu diskurtsibo horretan lan egin behar dugu; are gehiago, independentziaren kontrako epaiketa hasiko dela kontuan hartuta. Uste dut, halaber, azaldu behar dugula nola izango den errepublika, hazteko eta gure proposamen politikoa sendotzeko. Aurreko legegintzaldian demokraziaz hitz egin behar izan genuen, hautetsontziez, botoez, eta denbora gutxiago izan genuen azaltzeko nola izango den hezkuntza, zein bitarteko izango ditugun osasun publikoa hobetzeko, nola defendatuko dugun erradikaltasun demokratikoa, nola defendatuko ditugun gaur egun Espainiako marko juridikoak zalantzan jartzen dituen oinarrizko eskubideak: adierazpen askatasunaren eskubidea, elkartzeko eskubidea... Azaldu behar dugu nola izango den eraiki nahi dugun errepublika. Legealdi honetan hori egin behar dugu, gobernu eraginkor batek laguntzen baitu marrazten etorkizunerako herri proiektua.

Independentisten kontrako auzia nola ikusten duzu? Zein da legebiltzarraren zeregina?

Berdin dio independentista izan edo ez; era guztietara, askatasunen urraketa baten ondorio da epaiketa. Zein demokraziak eska dezake urteetako espetxe zigorra hautetsontziak jarri eta herritarrek euren iritzia ematea bermatu besterik egin ez dutenen kontra? Ulertezina da ikuspuntu demokratikotik, eta, horren ondorioz, epaiketa honek ez du balioko egin ez diren delituengatik defendatzeko, baizik eta estatuaren errepresioa salatzeko. Espainiako demokraziaren zutarriak larri zauritu direla salatzeko balioko du. Instituzioetatik saiatuko gara hori agerrarazten, baina herritarrek ere plataforma gisa erabili behar dute epaiketa, munduari azaltzeko zer gertatzen ari den.

Politika orokorrerako eztabaida dator, karguz gabetutako diputatuei buruzko aurreakordio bat lortu gabe.

Herritarrei norantz goazen azaltzeko bokazioa dugu, eta erabakiak behar dira katalanei gehiengo parlamentarioa nora goazen azaltzeko. Egia da kargugabetzeei buruzko eztabaida erdigunean dagoela, eta hori ez da ohikoa. Salbuespenezko demokrazian, auzitegiek Katalunian politikoki eragitea izugarria da. Egoera horretan, normala da auziak eztabaida bizi baten beharra izatea.

BERRIAn argitaratua (2018/09/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA