gizartea
Bizkaia maite
Jose Mari Pastor
Erasoaren berri eman du Bizkaiko egunkari batek. Gazteek ba omen zekiten alde horretan marihuana zegoela; horregatik antolatu zuten bidaia. «A la Bizkaia interior», idatzi du kazetariak. Bizkaia interior Berriatua? Bertatik Ondarroara sei bat kilometro baino ez daude errepidez —benetako distantzia are txikiagoa da—. Barakaldotik Santurtzira baino kilometro gutxiago.
Hala ere, egunkariak ez luke Barakaldo Bizkaia interior-tzat joko. Lehenik eta behin, kostatik hurbil dagoelako —Berriatua baino urrunago, dena den—. Orduan, zergatik kokatu du Lea Artibaiko herria Bizkaia interior delakoan? Agian, inkontzienteak traizionatu du kazetaria. Agian, haren ustez Bizkaia profunda da Berriatua eta bertako herritarrak AEBetako Deep South eskualdean bizi diren redneck horien modukoak dira: nekazari giroko artaburu musugorriak, txapela erantzi barik lo egiten dutenak. Beste garai bateko esentziaren zaindariak. Eta gainera, euskarari eusten diote oraindik. Halakorik ere…
Bai, zeren eta Berriatuko gizonak oihu egin zien gazteei, tiro egin baino lehen. Euskaraz. Eta horixe nabarmendu du egunkariak: «Les gritó en euskera y empezó a disparar». Hara! Grezieraz egin behar zien? Nola suposatzen da egin behar duela oihu Euskal Herriko eskualde euskaldunenetako bateko herritar batek? Barakaldon gertatzen diren erasoen berri ematen dutenean ez dute esaten urliak sandiari oihu egin ziola erdaraz. «Nola egingo dio, bada?», galdetuko luke irakurleak. Hemen antzera egin beharko luke. Logikoa baita Lea-Artibaiko lagun bat gauerdian oihuka hastea —tiroka ez— baserriaren inguruan nor dagoen jakiteko. Eta hitz horiek euskaraz esatea. Erdaraz egin behar dute Berrituan ala? Horixe izango litzateke harrigarriena.
Euskal Herriaren erradiografia ematen digu gertatutakoari buruz hedatutako informazioak. Erdara eta euskara bizi dira Bizkaian, elkarren ondoan —batzuetan nahasita—baina mundu batek, erdararenak, ez du bestea ezagutzen. Bizkaia euskalduna, Bizkaia mistoa. Eta Bizkaia erdalduna. La Bizkaia maketa, duela gutxi arte Bizkaiko zenbait gune euskaldunetan esaten zutenez. Gu la Bizkaia profunda gara? Bada, zuek la Bizkaia maketa zarete. Azalekoak, superfizialak. Ez zarete euskaldunak. Euskal herritarrak bai, baina euskaldunak ez, euskaraz ez dakizuelako.
Soziologia eta ertz asko ditu Bizkaiak. Bi munduren ispilua da, askotan elkarri bizkarra emanda bizi direnak. Bizkaia maitea. Bizkaia ezezaguna, batzuetan mespretxatua. Bilbo aldeko euskal herritar erdaldun askok ez dute Lea-Artibai eskualdea ezagutzen. Gehienez Lekeition edo Ondarroan egon dira «halako egun batean». Mundu hori beste galaxia bat da haientzat. Eskualde euskalduneko herritar gutxi mugituko dira Enkarterrin, baina esango nuke erdara nagusi den Bizkaiko aldea hobeto ezagutzen dutela erdaldunek euskararen eremua baino. Azken batean, Bilbora joaten dira noizean behin. Gogoz edo halabeharrez. Nor doa Portugaletetik Ondarroara tramite burokratikoak egitera?
Ez dira 10 urte EAEko lehendakari batek bidaia ofiziala egin zuela atzerrira, erakundeen ordezkariekin batera. Afaltzen ari zirela, euskara, hau eta beste aipatzen hasi ziren, modu informalean, lehendakaria eta bidaiarietako bat. «Tú serás de la Gipuzkoa profunda, ¿no?», bota zion, irribarretsu, gure agintari txit gorenak. Aurrekoak bazuen hau erantzutea: «Eta zu, lehendakari jauna, nongoa zara? De la Bizkaia superficial, ¿no?». Isildu egin zen, baina. Gizalegea, errespetua, protokoloa. Hamaika eguneko euskaraldia. Hamaika mendetako erdaraldia.