gizartea
BRUNO KARRERE
«Finantzak dira lehentasuna herriko etxe batean»
Ekhi Erremundegi Beloki
2014an iritsi ziren boterera Uztaritze Bai zerrenda, EH Bai ezkerreko koalizio abertzalearen sostenguarekin, eta berehala euskara ofizial izendatu zuten herrian. Hizkuntza politikarako kontseilari delegatua zen Matxikote garai hartan, eta bera izan zen neurriaren bultzatzaile nagusia. Pirinio Atlantikoetako prefetak helegitea ezarri zuen, eta Paueko administrazio auzitegiak bertan behera utzi zuen deliberoa. 2017 hasieran aurkeztu zuen dimisioa Matxikotek hizkuntza politika ordezkaritzatik. "2014. urtetik eramaten saiatu nintzen lan guztia trabatua ikusten nuen, nahiz eta programa aplikatzen ari nintzen. Kontrako jarrerak ikusten ziren, eta aski bortitzak; baita ofizialtasunaren inguruan ere", adierazi du aste honetan, Euskal Irratietan egin dioten elkarrizketan. Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: uztariztarrek euskara ikasteko beka emateko ezintasuna eta Baionako Etxepare lizeoari ematea eskatu zuen diru laguntza.
Bruno Karrerek euskara arloan azken urteetan egindako lana defendatu du, eta Matxikoteren jarrerari egotzi dio orain arte gertatutako guzia.
Zer gertatu da? Nondik dator If Matxikoterekin sortu den gatazka?
Bada orain hilabete batzuk If Matxikotek ez duela ezertan edo kasik ezertan parte hartzen plantan ematen dugunetik. Herriko etxe batean badira hainbat gauza, presente izatea, aldizkaria banatzea... oinarrizko gauzak ez ditu egiten. Hori ez da arazo bat. Baina badira beste gertakari larriago batzuk, edo ez hain koherenteak zerrenda baten logikarekin. Zerrendan egiten ditugun bilkuretara ez dator, edo kasik inoiz; herriko kontseiluak prestatzeko bilkuretara behintzat ez da gehiago agertzen. Beraz, bere baitarik atera da zerrendatik. Gauza bera herriko batzordeetan. Ez du hitza hartzen, hitza hartzea ukatzen du maiz, eta gero, herriko kontseiluan hitza hartzen duenean ez dira gehiengoak dituen posizioak. Beraz, guregandik nabarmenki bereizten den norbait da; ez du gehiago ezertan parte hartu nahi, edo salbuespenez egiten duenean ez du deusik erraten -hori izan da hirigintza planaren kasuan-; eta gero, kontseiluan ezagutzen ez ditugun posizioak hartzen ditu, eta gure kontra, edo, behintzat, ez gure aldekoak. Ondorioa da zerrendatik atera dela. Guretzat arazoak sortzen ditu gehiengoaren barruan; ez genuen gehiago ulertzen, eta politikoki, gehiengoan da, baina gehiengoarenak ez diren posizio batzuekin; gure ekintza trabatzen zuen arrunt. Bilkura bat aurreikusia genuen harekin orain dela hilabete batzuk, eta, azkenaldian, hirigintza planari buruzko bozka izan da. Batzordean parte hartu zuen, eta ez zuen ezer erran, zerrendako bilkura bat egin genuen, eta ez zuen ezer erran -gai nagusi bat da, hala ere-, ez galdera bat, ez ezer; eta kontseiluan guk egindakoaren kontrako diskurtso bat izan zuen. Tentsioak sortzen ditu zerrendaren barruan, eta galdetu didate haren jarreragatik, gehiengoaren zerrendatik kanpo zegoela ofizial egitea; eta hala egin dut.
Zein da gehiengoan duzuen funtzionamendua?
Bada herriko etxe guzietan badena: auzapeza, auzapezordeak, delegatuak eta herriko batzordeak -barne araudiak definitzen du zerrenda bakoitzak zenbat ordezkari dituen- gai tematikoei buruz: euskara, finantzak, laborantza... Badira bilkurak erregularki gaiaren garrantziaren arabera, eta, gero, gure zerrendaren funtzionamenduan baditugu bi bilkura: bat herriko kontseilua prestatzeko -kontseiluaren zirriborroa hamabost egun lehenago bidaltzen diegu zerrenda kideei-, eta ondoren, bilkura tematiko bat egiten dugu. Atzo, adibidez, finantzei buruzko bilkura bat genuen, hainbat urtetarako finantza kudeaketari buruz eta abar. Bilkura tematikoak hilabete batetik bestera erabakitzen ditugu, ea zer gai landu nahiko genukeen. Aski orokorrak izan ohi dira; badugu berezitasun hori. Horrez gain, bi aldiz egin ditugu orain artekoaren bilana egiteko bilkura orokorrak: lehen urtea bukatutakoan egin genuen lehena; geroago, bigarrena ere egin genuen, eta laster egin beharko genuke hirugarrena. Hilabete guziz bi bilkura genituen, eta If ez zen agertzen; salbu azkenera, hirigintza planari buruzkora: etorri zen, baina ez zuen ezer erran. Ni saiatzen naiz jendeak hitza har dezan, mintza dadin ados ez badira, eta ez da sekula adostasun osorik; orduan, gutxienez erran dezatela... Uste dut, eta ikusten dudanarekin, ez direla anitz horrela funtzionatzen dutenak. Gehienetan, kontseiluetan, aste bat lehenago egiten dute gehiengoaren bilkura; dena egina da; guk denbora gehiago uzten dugu askatasun handiagoa izan dezagun gai batzuen inguruan. Gero, badugu auzapezordeen bilkura bat astelehen arrats guziez.
Hori da justuki If Matxikotek egiten duen kritiketariko bat: auzapezordeen artean erabakitzen dela dena, eta bera bezala gai baten delegatuak direnak peoi batzuk besterik ez direla.
Auzapezorde bat ezarri genuen transbertsalak zirela kontsideratu genuen gai guzientzat: euskara, Tolosarekin birazkatzea, Agenda 21, komunikazioa. Eta gero, kontseilari delegatu bat bazen tematika bakoitza berezikiago kudeatzen zuena. Auzapezorde kopuru mugatu bat bada herriko kontseilu batean. Beraz, uler dezaket harreman zailak izatea auzapezordea eta kontseilari delegatuaren artean, baina, Maite Haran joan zen, Marie-France Semerenak ordezkatu zuen, biziki moldaerraza da, eta, gainera, beste kontseilari delegatuek ez dute harekin arazorik. Uler dezaket menpeko sentitzea, baina Marie-France ez da batere gauzak inposatzen dituen norbait; hor da ere rol transbertsal bat izateko. Badira gehiago kontseilari delegatuak: bada bat obretarako, beste bat laborantzarako... auzapezorde baten kargu direnak. Baina, hara. Hasieratik plantan emana izan zen sistema bat da. Egiten ahal den kritika bat da ez dela euskararako auzapezorderik; erantzuna alderantziz da: badira bi pertsona horretaz arduratzen direnak. Auzapezorde bat eta hori besterik egiten ez duen kontseilari delegatu bat.
If Matxikoterekin izandako arazoa aipatzen duzu, baina haren kanporatzeak eragin du beste bi pertsonak zerrenda uztea, eta agian gehiago ere izanen dira.
Baina joatera edo gogoetatzera bultzatzen dituen If kanpo ezartzea izan da. Alderantziz, Ifekin istorio hori izan ez balitz, badira eztabaidak, baina ez dute sekula zerrendarekin desadostasun nabarmenik markatu. Batzuetan kritikak, baina normala da. Izipiritu normal batean eginak direnean uler dezaket, baina istorio hori guzia izan ez balitz, oraindik hor segituko zuten; segur da. Uler dezaket ere istorio pertsonal bat izatea gibelean; denek elkar ezagutzen dugu aspalditik, ez da politika bakarrik, badira harremanak ere bata eta bestearen artekoak, hurbiltasun gutxi edo gehiagokoak. Zerrendakide bat auzitan jarria ikustea modu horretan, uler dezaket bakoitzak erreakzio desberdin bat izatea.
Aipa dezagun hizkuntza politika zehazkiago. Orain dela urtebete pasa aurkeztu zuen dimisioa If Matxikotek hizkuntza politikarako kontseilari delegatu gisa. Azken lau urteak gogoan hartzen baditugu, hasieran nolazpaiteko leherketa bat izan zen euskara ofizial izendatu zenutelarik, eta suprefetak helegitea ezarri zuelarik. Lau urtez zer garapen izan du hizkuntza politikak Uztaritzen?
Hain zuzen, aitortza ofizialaren eskaera hori egin genuen, eta, pentsatzen genuen gisan, ez zuten onartu. Gero, ekintza batzuk egin izan dira, eta partez Ifengandik: besteak beste, Uzta Hitzan festibala, azaro bukaeran martxan ezarri duen euskararen astea. Bai Euskarari-rekin kanpaina bat plantan emana izan da; uste dut 30 bat elkarte eta enpresa gehigarrik izena eman dutela. Gero, garrantzitsua dena: gure komunikazio guziak ele bitan dira. Badira indarrak eginak izan direnak zerbitzuetako idatzietan, nahiz eta ez den egun batetik bestera egiten: gutunak badira dozenaka egunean, eta hori lan handia da. Niretzat, badira ere bi elementu garrantzitsu: lehena, Uda Lekuk zentro bat ireki duela Heraitzen -ongi funtzionatzen duena-, eta bigarrena, herri erdiko eskola publikoan sare elebiduna ireki dugula aurten, eta 28 haur sartu direla horretan. Uztaritzeko bost eskoletarik bakarra gelditzen da murgiltze ereduan edo elebidunean ez dena, baina espazio arazo bat da. Uste dut elementu garrantzitsuak direla. Hori dena aldatzea ez da hatz klaxka batean egiten; garestia da, joan-etorrian ibiltzea eskatzen du; hari leporatzen ahal dioguna hau da: uste du aski dela zerbitzuei erratea dena elebiduna dela, baina ez, ez da posible. Badira batzuk erdaldunak direnak, gutunak abiaduran egiten dituztenak; badira gero eta gehiago ele bitan ateratzen direnak, baina batzuetan denbora hartzen du. Gainera, badira aitzinamendu nabarmenak.
Euskal Elkargoak euskara ezagutuz egin duen adierazpenarekin parekatuko bagenu: elkargoaren adierazpenak ez du balio juridikorik, baina euskara frantsesaren maila berean emateko borondate politiko bat erakusten du. Euskara ofizial izendatzen duen herriko etxe batek ez al du biziki urrun joateko borondate bat erakusten? Uste al duzu azken lau urte hauetan borondate hori betea izan dela?
Ez. Denbora politikoa luzea da gauzak egin ahal izateko. Zinezko aldaketa bat behar da komunikazioari begira. Kontrakoa dugu: bada jendea erraten diguna gehiegi egiten ari garela. Konbentzitu behar ditugu ez garela gehiegi egiten ari, hautua dutela herriko aldizkaria irakurtzean. Anekdota bat kontatzeko: Uztaritzeko hildakoen monumentu aitzinean herritar bat etorri zitzaidan erranez bera euskalduna dela, baina iruditzen zaiola gehiegi egiten dugula euskararentzat. Hilen monumentua erakutsi nion: ez dago hitz bat ere frantsesez; gogoetarazi zuen. Egia da ere ulertarazi behar dugula ez dagokigula guri bakarrik. Herritarrek onartu behar dute, asimilatu, eta akuilatu. Ez da horrela egiten.
Iritzi publikoak du blokeatzen?
Hori da dena. Blokeatu, batzuek bai. Zerbitzuetan ere luzea da; ez dute blokeatzen, baina gauzak konplikatzen ditu. Denbora behar da egiteko, baliabideak ere behar dira... Ez, ez, ez gaude; berdintasunean gaudela erranen banizu, gezurra erranen nuke lotsagabeki. Legeak ere ez digu uzten. Herriko kontseiluaren kasuan, euskaraz hitza hartzeak, itzulpenarekin bada ere, juridikoki galderak pausatzen ditu.
Aztertu duzue hori?
Arras metodo desberdinak ditugu. Elkargoarekin konparatzen badugu adibidez, legea kontuan hartuz aitzinatzen ari dira, zirrikituetan sartuz; ekaineko adierazpenak aitortza ematen die euskarari eta gaskoiari, baina ez da ofizialtasuna: aitorpen bat da. Hitzekin jolasten dira.
Baina badu balio politiko bat.
Bai, bai, baina arras desberdina da. Guk bagenekin koofizialtasuna bozkatuta erasoko zigutela. Haiek desberdin egin dute. Eta deliberoa idatzia eta ontzat emana da prefeturako zerbitzuengandik ere, ikusteko nola aitzinatzen ahal den urratsez urrats. Hori da desmartxa. Itzulpena berdina. Ez da horrela egiten. Zer gertatzen da: bozkatua izan da, erabakia izan da, baina ez da oraindik plantan emana. Badira galdera praktikoak: nola prestatzen ditugu hitza hartzeak? Nork egiten ditu itzulpenak? Gure kasuan arras metodo desberdina izan dugu: Ifek dena itzultzen zuen, itzulpena egitea ukatu duen arte. Eta gero erraten du hizkuntza berdintasuna izateko itzultzaile bat behar dela. Horrela, gordinki. Jadanik, zerrenda batean zarenean, zerrendakoekin aipatzen duzu. Zer da, proiektu bat da, eramaten dugu, aitzinatzen gara... galdera egin behar da, araudiaren ikuspegitik, alde praktikotik eta diru aldetik, batera egin dezagun. Ez da horrela egiten aurrekontu bat mahai gainean emanez.
Eta hori aztertu duzue? Alde juridikoa, araudiena... Pentsa daiteke ere euskara ofizial izendatu duen herriko etxe batek hiru urtera inolako desmartxarik egin ez badu euskara eta frantsesaren arteko berdintasun batera heltzeko... Ba ote da zinezko borondate politikorik?
Zergatik galdera hori ez batzordeetan edo ordezkaritzan aipatua izan. Ez da bat-bateko eskaera bat. Ez da sekula aipatua izan. Oposizio jarrera horretan ezarri denean erabaki du itzultzaile bat behar zela. Eginen dugu. Harrapatuak gara, noski...
Eginen da?
Noski, gogoetatuko dugu, eta landuko dugu. Baina, beste behin, Euskal Elkargoarekin ere eginen dugu, elkargoak egitea erabaki baitu. Haiekin emanen gara ikusteko nola aitzinatzen diren, zer arazo pausatzen dituen; nahi eta nahi ez halako aldaketa batek zailtasunak dakartza, eta baita juridikoak ere; beraz, ikusiko dugu. Baina haiekin aitzinatuko gara. Hizkuntza politikako zerbitzuekin lan egin dut jadanik gai horren inguruan.
If Matxikotek dio 1.500 euroko aurrekontu bat aurkeztu duela.
Bai, bai, baina ez da hori bakarrik. Eman digu aurrekontua, baina ez da aski. Pentsatu du laburpenak egin behar badira nola eginen den? Juridikoki egingarria den? Diru mailan aurrekontuan lekurik ba ote den?
Egia ote da hizkuntza politikarako kontseilari delegatua zen garaian frenatzeko eskatu zeniotela?
Frenatu?
Azkarregi zihoala, iritzi publikoa ez zegoela prest eta lasaitu behar zuela.
[...] Aski kakinarazia naiz erantzun bat emateko. [...] Frenatzeko? Gai konkretu bati buruz?
Uztaritzen hizkuntza politika garatzeari buruz.
Ez. Ez dut uste. Izan dira beste zailtasun batzuk teknikari baten gaiari buruz... Pentsatzen ari naiz... Beharbada. Beharbada bada gairen bat erran izan dioguna ezin zela, beharbada, baina onartu behar da. Ekintza sozialerako auzapezordeak zerbait eskatzen duenean, batzuetan ez da posible. Urgentziazko bizitegiak egin nahi lituzke, edo horrelako zerbait, ba ez. Ez, nik dakidala ez, baina beharbada tronpatzen naiz. Badira beharbada puntu batzuk erran dioguna azkarregi zihoala, ez genuela ahalik, zinez ez dakit. Posible da, baina bizitzaren parte da. Ez da arrazoi bat egiten dugun guzia gaizki dela errateko. Badira gauza anitz euskaraz gain programan aipatu genituenak eta ez ditugunak oraindik plantan eman, edo plantan emateko asmoa duguna. Gauzak garatzen dira. 2014an abiatu ginenean inork ez zuen uste Euskal Elkargoa hain fite sortuko zenik. Hizkuntza politika batekin, baliabideekin, kontuan hartu beharreko elementu bat da. Baina ez da gure programan. Zinez ez dakit, ez dut uste, baina posible da, ez naiz oroitzen.
Erranen zenuke hizkuntza politika ez dela bereziki lehentasunezko gai bat Uztaritzeko herriko etxeko gehiengoarentzat?
Lehentasunezko gai berdina da leku guzietan: finantzak dira. Nahi dena erran daiteke, edozein politika eraman ahal izateko dirua behar da. Beti. Lehentasunezkoa... Lehentasunezkoa bada, erran nahi du gehien lantzen dugun gaia dela.
Zinezko borondate politiko bat badela aitzinarazteko.
Bada borondate politiko bat, baina ez da borondate politiko bat badelako gainerako guzia ez dugula aitzinaraziko. Hirigintza plana ez aitzinaraztea adibidez -elementu nagusi bat dena, funtsezkoa-, akats bat litzateke. Gai horietan ere aitzinatu behar gara. Gero, bateraezina iruditzen zait erratea Uztaritzen ez dugula euskara aitzinarazteko ezer egiten, batzordera joatea, ez hitza hartzea, proposamenik ez egitea... Errazegia da. Badira gai batzuk Uzta Hitzan bezala, bere ordezkaritza utzi zuenean ere eramaten ahal zituenak. Ezin du erran dena utzi ondotik besteek ez dutela ezer egiten; berak ere ez du ezer egiten. Errazegia da hori egitea. Berak ere ez du euskara aitzinarazten Uztaritzen. Eta kontseiluan egiten duenak kontrako erreakzioak sortzen ditu. Nahi eta nahi ez. Norbait parez hartzen duzunean, nahi eta nahi ez kontrako erreakzioa duzu.
Kontseiluko gertakaria hartzen badugu adibidez, aski erreakzio gogorrak eragin zituen If Matxikotek euskara hutsean hitza hartzeak. Zure erantzuna izan zen erratea ez dela ongi eta frantsesez mintzatu behar dela. Ez ote genezake hiru urte lehenago bere herrian euskara ofizial izendatu duen auzapez batengandik, nolazpaiteko babes bat espero izaten ahal herriko kontseiluan euskaraz mintzatzea erabaki duen hautetsi batekiko?
Nork erabaki du aldebakarrez -orain arte itzulpena egiten zuelarik; ez dakit zer aldatu den bere buruan-, edozer erran dezakegu, legea legea da. Nahiz eta hor garen aldatu dadin, hautetsiak hor gara aldatu dadin. Saiatu gara hemen koofizialtasuna ezarriz. Baina nire ardura legea betearaztea da, behartua naiz. Hautetsien hiru laurdenak, edo erdiak baino gehiago, edo ez duen ulertzen, edo elkarrizketa bat atxikitzeko gai ez badira, ezin dut onartu kontseiluaren baitan eztabaidarik ez egotea. Hor, materialki ezin da eztabaidarik egon. Jendea ez bada frantsesez mintzo ezin da eztabaidarik izan. Hori da erran nahi nuena, besterik ez.
Lehen, erran duzu hizkuntza politikorako borondate politikoa hasierako bera dela orain ere. Zein litzateke zuretzat euskararen egutegia Uztaritzen hurrengo hilabete eta urteei begira? Zer pentsatu duzue egitea agintaldi hasieran finkatu zenuten borondate politiko horretara iristeko?
Niretzat, bada zerbait sinbolikoa -eta era berean eraginkorra- eskola guziak elebidunak izatea. Bakarra gelditzen da hala ez dena. Langile berriak hartzean euskararen ezagutzari leku handiagoa ematea, ez da beti hala; eta batzuetan ematen dugunean, kontuan hartzen dugu, baina beste batzuetan ez da martxan. Zerbitzuetako garapen plana eraginkorra izateko lan egin behar dugu. Agenteei kontzientzia harrarazi gai horretan engaiatu behar direla. Hautetsiak ere bat baino gehiago gara klaseak hartzen ditugunak. Eta elkarteei begira hori guzia kontuan hartua izan dadila, eta baita elkargoarekin ere. Batera aitzinarazi behar diren hainbat fronte dira, eta garrantzitsuena herritarrek bere egitea da; kontseiluan gelditzen bada, sinbolo bat gelditzen da. Garrantzitsuena emaitzak dira, leku guzietan bezala.
Ezer egina ez bada, sinbolorik ere ez dago.
Ezer egina ez bada, ez dago sinbolorik: hala da. Baina sinboloak ez dira nahikoa. Orain dela sei edo zazpi hilabete arte galdera hori ez zegoen mahai gainean. Metodologia kontu bat ere bada. Euskal Elkargoa eta gu parekatuz gero; haiek aitzina doaz; gu, berriz, gure artean borrokan ari gara; zinez pena da.