astekaria 2018/09/21
arrowItzuli

gizartea

ANA URRUTIA

«Larriena da lotuta daudenen abandonu eta gutxiespen sentimena»

Arantxa Iraola

«Larriena da lotuta daudenen abandonu eta gutxiespen sentimena»

«Zer ari zara gaixoak lotzen?». Ana Urrutia geriatrak buruan iltzatuta du mediku adiskide batek orain urte batzuk egindako galdera: «Kolpe bat jasotzea bezalakoa izan zen: gauzak ikusteko beste era bat ekarri zidan». Alzheimerrak eta antzeko gaitzek jotako pertsonak artatzean, ohikoa izan da praktika hori -«oraindik egiten da»-, eta itaun hark auzitan jartzera eraman zuen: lanerako beste modu bat bilatzera. Cuidar (Zaindu) liburuan bildu du orain ordutik eginiko bidea. Herenegun aurkeztu zuen, Bilbon, Bizkaiko alzheimerdunen senitartekoen AFA elkartearen eskutik.

Liburua zeure esperientzian oinarritua dagoela azaldu duzu. Zer ikasbide erakusten du?

Nik zaintza egiteko nuen modua, adiskide hark egindako galdera harekin, aldatu egin zen: guztiz. Itaun harekin, ulertu nuen niri ez zitzaidala inoiz gustatu pertsonak lotzea. Saiatzen nintzen saihesten, baina, finean, erabili egiten nituen lotzeko tresnak: arazo larri bat nuen aldiro, erabili egiten nituen. Eta oso ohikoa zen, normal-normala... Hain justu, noizean behin hornitzaileren bat hortxe etortzen zitzaigun, gerrikoak saltzera. Baina galdera harekin ulertu nuen zerbait gaizki egiten ari nintzela, eta artatzeko beste modu batean pentsatzen hasi nintzen: pertsonak ardatz zituen modu batean. Ezinezkoa dirudi hasiera batean, baina, lantalde guztia horretan jarrita, lor daiteke. Lantzen hasitakoan, ikusi nuen zaintzen nituen pertsonen osasunak hobera egin zuela.

Gernikako Torrezuri zentroan hasi zineten lotzeko tresnarik gabeko eredu hori lantzen. Ordutik, lanerako modu hori zabaltzeko ahaleginetan ari zara...

Eredu berri horretan lan egiten irakasten saiatzen gara; pertsona mesfidatiak aurkitzen ditugu tartean: ez dute sinesten. Horren harira, etsenplu zehatzak ematen ahalegintzen naiz, funtzionatzen dutenak. Horregatik plazaratu dut liburua ere. Nire asmoa ez da eredu hau zabaltzea niretzat ona delako, baizik eta eredu honek pertsonen eskubideak errespetatzen dituelako, eta dagoeneko ez dagoelako erakutsi beharrik funtzionatzen duela. Orain dela hamar urte, asko genuen demostratzeko; gurea zen horrela ziharduen zentro bakarra. Baina, egun, asko ari dira.; beraz, amorru handia ematen dit ikusteak jendeak tematuta jarraitzen duela gaixoak lotu behar horretan, eta horretan jarraitzen dutela, gainera, ez dutelako aldatu nahi. Egin daiteke beste era batera: esan egin behar da hori.

Ez dira gaixoak lotu behar. Inoiz ere ez? Ez dago salbuespenik?

Ingurua gako da horretan. Nire arloan, geriatrian, nik defendatzen dut zaharren etxeetan ez dela behar gaixoak eusteko sistemarik; ez dago horiek ezinbesteko egiten dituen egoera larririk. Pertsonak aztoratu egiten direla? Erori egiten direla? Hori saihets daiteke beste modu batean lan eginda. Prebenitu egin daiteke. Askotan jendea lotzen da erori egiten delako; bada, horrexegatik, justu aurreko unean eragin behar da: prebentzioan. Arta eredua aldatu eta halakoak saihestea da kontua. Noiz izan daitekeen derrigorrezkoa norbait lotzea? Muturreko egoeratan, guztiz muturrekoetan; horiek, geriatrian baino sarriago, buruko osasunaren arloan agertzen dira. Baina nik zera argudiatzen dut: kasu horietan ere, zaintza ereduak aldatuta, muturreko egoerak asko gutxitzen dira. Profesional gisara, gutxienekora eraman behar ditugu halakoak. Beste herrialde batzuetan halaxe dihardute.

Zer kalte dakar eriak lotzeak?

Lotzeko moduen araberakoa da hori. Alzheimerraren eta antzeko gaitzen kasuan, lotzea praktika kronikoa izaten da. Demagun era horretako paziente batek konpainia nahi duela, eta horregatik altxatzen dela. Bada, konpainia egunero nahiko du; gainerakoan bakarrik sentitzen delako, edo solasean jardun nahi duelako... Baina lan sistemak ez badu hori aintzat hartzen, arazo hori egunero errepikatuko da, eta, aldaketarik ezean, egunero lotu beharko da pertsona hori. Horrek dakartza arazo fisikoak: azalean presioarengatik agertzen direnak, komunera nahi dutenean joan ezinak dakartzanak... Baina larriena eragin psikologikoa da: lotuta daudenen abandonu eta gutxiespen sentimena, tristura. Eskubide urraketak daude hor: askatasun falta, nahierara adieraztekoa... Ez dela larria? Hori esaten duenak proba dezala; egin diezaiola uko bere askatasunari.

Baliabide gehiago behar dira?

Guk beti lantalde berarekin egin ditugu aldaketak; lan egiteko era aldatu dugu, era batean egitetik beste batera. Orain, ezin uka, langileen esfortzuan oinarrituta egiten dira aurrerako urrats asko. Lan zamei begira eta ikuspegi teknologotik hobera egiten ez bada, hori amaitu egiten da: jendea erre egiten da.

Gero eta kontzientzia handiagoa dago gaiaren inguruan, ezta? Gaia presente dago egun...

Kontzientziazio mugimendu bat sortu da, eta asko eta gaizki lotzetik asko eta ongi lotzera igaro gara. Hobeto begiratzen dira lotzeko tresnak: kontrolatu egiten dira. Baina nik proposatzen dut ez lotzea. Ikuskera aldatu behar da horretarako, sakondu egin behar da pertsonen eskubideetan, eta lortu behar da hori egiteak zeuri, langile gisa, min ematea. Pentsatzea: nor naiz ni pertsona horien eskubideak urratzeko?

BERRIAn argitaratua (2018/09/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA