ekonomia
Klima aldaketa azkenean iritsi da fakturara
Irune Lasa
Eskari handia eta eskaintza txikia aurrez aurre —haize faltagatik eolikoek ere gutxi ekoitzi dute—, prezioak gora. Igoera horri unean garestiagoak izan diren erregai fosilen ekarpena ere gehitu zaio. Eta, nola ez, argindarraren merkatu marginalistaren beraren ezaugarriak ere, horiek ere baldintzatzen dutelako merkatuko azken prezioa, eta, beraz, fakturaren zati handi bat.
Baina klima aldaketara itzuliz, fenomenoaren beste alderdi bat ere atzeman da lehen aldiz argindarraren fakturan; beroketaren kontrako borrokaren eragina. Zehatzago, karbonoa isurtzeko eskubideen merkatuaren eragina. 2005ean eratu zen zen Europako Batasunean CO2 isurtzeko eskubideen merkatua. Antzekoak daude beste hainbat herrialdetan ere, Kalifornian (AEB), Australian, Hego Korean, eta orain gutxi eratu da halako merkatu bat Txinan ere. Merkatu horien eremuetan karbono igorle nagusiek eskubide horiek behar izaten dituzte euren jardueretarako. Eta horien artean argindar sortzaileak ere badaude; ikatz edo petrolioarekin dabiltzan zentral termikoak eta gasarekin dabiltzan ziklo konbinatuko zentralak.
Kanpokotasun negatiboa
Eskubide merkatu horien oinarrian kanpokotasun negatiboaren kontzeptua dago. Wikipediak (euskarazkoak) azaltzen duen bezala, «kanpokotasunak sortzen dira ekonomia eragile batek bere jardueraren ondorioz kostu eta prezioetan islatu edo kontabilizatzen ez diren onurak eta kalteak ekartzen dituenean». Zein da kanpokotasun negatiboen adibide argi bat? Kutsadurarena. Adibidez, argindarra sortzerakoan hainbat sortzailek atmosferaratzen duten CO2-ak jarduera horretatik at dagoen jendeari egiten dio kalte; mundu guztiari, finean.
Gizakiak Lurreko batez besteko tenperatura dagoeneko gradu bat igo duela kontuan hartuta, neurriak hartu behar direla inor gutxik jartzen du zalantzan. Eta zein da halako kanpokotasun negatiboei muga jartzeko egiteko modu bat? Haiek nolabait atzera jardueraren kontabilitatean barneratzea, kalte horren sorkuntza ekonomikoki zigortuz, ahal bada kaltearen balioaren adina. Kutsatzen duenak ordain dezala, alegia.
Helburu hori lortzeko bide bat zergak izan daitezke. Kutsadura sortzen duen argindar horretatik onura ateratzen duenak —sortzen, saltzen, erabiltzen duelako— zerga bat ordain dezala. CO2 igorpenak egiteko eskubideen merkatuarekin, ordea, beste pauso bat eman nahi da kanpokotasun negatibo horrekin. Helburua ez da konpentsatzea soilik, baizik eta ahalik eta gehiena murriztea. Zikinari penalizazio ezarriz, efizientzia sarituz eta argindar garbiagoen bidea erraztuz.
Horrela, igorpen eskubideen merkatua da Europako Batasunaren giltzarrietako bat CO2 isuriak murriztu eta bere buruari jarritako helburuak betetzeko —2030erako igorpenak 1990. urteetakoak baino %40 txikiagoak izatea—. 2005ean, merkatua abiarazteko, isuri gehien egiten zituzten fabrika eta zentralei eskubide horiek doan banatu zitzaizkien. Eraginkorrak izan eta eskubide horiek xahutzen ez bazituzten —CO2 gutxiago atmosferaratzen bazuten— lantegi eta zentralek sobera zituzten tituluak saldu zitzaketen merkatuan, eta dirua irabazi. Baina, krisi ekonomikoa eta jardueren beheraldiak zirela tarteko, ez da eskubide eskari esanguratsurik izan orain arte. Gehiegizko eskaintza mugatzeko 2013. urtean moldaketa bat egin zen merkatuan, eta, orduz geroztik, estatuek enkantean banatzen dituzte eskubide horiek. Urtero eskubide kopurua murriztu egiten da, baina gutxi, eskubide guztien %1,74.
Hain zuzen, OCDEk berak aste honetan eman du datua, murrizketarako eragingarria izateko CO2 tona bat isurtzeak zenbat balio beharko lukeen, dela zergen bidez, dela eskubideetan: 30 euro aurten, 60 euro 2020an.
Orain, garestiago
Eskubideei dagokionez behintzat, Europa kopuru horietatik urrun dago. Bitarte honetan, eskubideek nekez gainditu izan dute tonako bost euroko prezioa, eta, beraz, akuilu eskasa izan dira igorpenak murrizteko. Europako Batasunaren beste moldaketa bat iritsi den arte. 2017an onartutako aldaketa bat ezarriko da indarrean 2019. urtearen hasieran: sobran dauden eskubideak merkatutik erretiratzen hasiko dira.
Zenbait analistaren arabera, horrek esan nahi du merkatutik 390 milioi tona CO2 isurtzeko eskubide erretiratuko direla, eta 2023. urtera artean guztira 1.500 milioi eskubide izan daitezkeela kanporatuak. Ez hori bakarrik, 2021etik 2030era artean eskubide kopuruen murrizketa handiagoa izango da, urtero eskubide kopuru osoa %2,2 gutxituko baita.
Eta eskaintza murrizketarekin lortu nahi den prezioen igoerak, nola ez, salerosketak areagotu ditu azken hilabeteetan. Irailaren 10ean inoiz ikusi gabeko prezioa iritsi zuen eskubideak, 24,85 euro. Hurrengo egunean atzera 21 euroren ingurura apaldu zen prezioa, Poloniaren ezinegonak —isurketa handiak egiten ditu herrialdeak eta bat-bateko garestitzeak kalte handia egin diezaioke— agerrarazi baitzuen Europako Batzordeak badituela gordeak espekulazioak mugatzeko mekanismoak.
Edonola ere, karbono dioxidoa isurtzea gero eta garestiagoa izango da, hori da-eta finean merkatu horren helburua, Trantsizio energetikorako akuilua izatea. Eta lehen aldiz, aurten, hori nabaritzen hasi da argindarraren fakturan.
Jakina, eztabaidagarria izan daiteke zenbateraino pagatu behar duen hori herritar soilak. Prezioa dela-eta argindarra erabiltzerakoan kontsumitzaileek eraginkortasunez jokatzea izan daiteke isurtze eskubide garestien eta faktura garestiagoen ondorioetako bat.
Baina horren aurretik, merkatuen jokoan sartuta, haien efizientzia eta zuzentasunean ere asko dago egiteko.
Adibidez, argindarraren Espainiako merkatuaren ezaugarriak direla-eta, analista zenbaiten ustez, CO2-rik isurtzen ez duten sortzaile tradizionalek —nuklearrek eta hidroelektrikoek— gehiegizko onura lortzen dute isurtze eskubide garestietatik. Energia berriztagarri gutxi dagoenean —adibidez haize gutxi egin duelako— iturri desberdinen handizkako pool horretan iturri garestiagoak sartzen dira —termikoak eta ziklo konbinatuak— eta azken haien prezioan erosten da argindar guztia. Termiko eta ziklo konbinatuek CO2 isurtzen dute eta horretarako eskubideak erosi behar dituzte. Baina halako kosturik ez dute argindarra salneurri berean saltzea lortu duten nuklearrek eta hidroelektrikoek.
Zentral nuklearrek zailagoa dute merkatuak ematen dien aukera horretaz baliatzea, itzali eta piztu ibiltzeak kostu handiegia duelako haientzat. Baina zentral hidroelektrikoek gorde dezakete ura hilabete komenigarriagoetarako, adibidez, haize gutxiko eta CO2 garestiagoko boladetarako. Eta hori egin izan dute. CNMCko analista baten arabera, 2018ko lehen zortzi hilabeteetan soilik, Espainiako nuklearrek eta hidroelektrikoek 673 milioi euroko onurak izan dituzte CO2 isurketen kalteen barneratzetik.
Baina ez dira haiek karbono eskubide garestiagoetatik onura duten bakarrak. Aurten Espainiako Ogasunak 1.400 milioi euro jasoko ditu eskubideen enkantetik.