bizigiro
Gona ala ezer ez
Iker Tubia
Bi polemika piztu dira azken asteetan teniseko janzkeraren inguruan. Biak ala biak emakumeen tenisean gertatu dira. Roland Garrosen lehenbizikoa: Serena Williams jokalaria ezohiko jantzia soinean atera zen pistara: kamiseta eta galtza luzeduna. Williams ama izan da berriki, eta azaldu duenez, erditze ondoko jantzia zen, odolaren zirkulazioari laguntzeko.
Frantziako Tenis Federazioak, baina, ez zuen begi onez ikusi, eta jantzi hori debekatzea erabaki zuen. Bernard Giudicelli presidenteak azaldu zuen federazioaren jarrera Tennis Magazine aldizkarian: «Uste dut batzuetan urrutiegi joan garela. Serenaren jantzia, adibidez, ez dugu gehiago onartuko. Jokoa eta tokia errespetatu behar dira». Williamsek erantzun: «2018an bizi gara; mundua ezberdina da. Garrantzitsua da norbera izatea, aske. Gainera, gogorarazi nahi dizuet jantzi honek sendatzeko funtzioa duela». Parisen piztutako polemikaren ondotik, Williams ez zen besoak gurutzaturik gelditu. Estatu Batuetako Irekian zuen hurrengo ekitaldia, eta tutu bat jantzi zuen jokatzeko.
Bigarren polemika Estatu Batuetako Irekian piztu zen. Alize Cornet eta Johanna Larsson buruz buru ari ziren. Atsedenetik bueltan, pistara atera berritan, Cornet ohartu zen kamiseta alderantziz jantzita zuela, eta ongi jantzi zuen. Christian Rask epaileak ohartarazpena egin zion, «exhibizionismoa» egin zuelakoan. Egun berean, Novak Djokovic tenis jokalaria kamiseta erantzita egon zen pistan atsedenaldiak iraun bitartean. Bigarren kasuan ez zen arazorik izan.
WTA Emakumeen Tenis Federazioak epailearen jarrera salatu zuen, eta tenis jokalariari babesa agertu. Estatuko Batuetako Irekiak «tamalgarritzat» jo zuen ohartarazpena, eta horrelakorik ez zela berriro gertatuko agindu. Horretarako, arau hori kendu dute txapelketaren arauditik.
Estetika eztabaidagai
Marta Sexmillo tenis jokalari ohiak uste du estetika dagoela eztabaida horien muinean, baina ez kirola bera. «Williamsena ez da arau bat; jantzi hori erabil daiteke, baina Roland Garrosen zuzendariari ez zitzaion gustatu. Beraz, hori iritzi kontu bat da». Gainera, nabarmendu du Williamsen kasua larriagoa dela, erditze ondoko jantzia baitzen. «Uste dut emakumeak ez gaituztela behar bezala kontuan hartzen». Hala ere, haren aburuz teniseko ezberdintasunak ez dira beste kirol batzuetan bezain nabarmenak.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak uste du ez dagoela aurreikusirik kirolari profesional batek haurrak izan ditzakeenik, eta hutsune horiek agerian geratu dira Williamsen kasuan. «Kasu honetan, garbi ikusten da emakumeak askotarikoak direla, eta egoera askotatik pasatzen direla. Gabeziak daude emakumeen kirolean». Federazioek egiten dituzte jantzien araudiak, eta, federazioetan, gizonak nagusi izaten dira. Horren aurka, Emakundeko zuzendariak azpimarratu du garrantzitsua dela emakumeak erabaki guneetan egotea. «Baina, horrez gain, genero ikuspegia txertatu behar da kirolean».
Afera ez dagokio soilik tenisari, beraz; analisia kirol guztira zabaltzea komeni da. Hala egin du Ainhoa Azurmendi psikologo eta kirol aholkulariak. Emakumeen eta kirolaren arteko harremana sakon ikertu du, eta, esan duenez, aipatutakoak ez dira kasu isolatuak. «Kirolen alorra gizonek egina da, haien arauekin eta moldearekin. Ikusi behar da egitura aldetik nola sortu den eta hori mantentzeko zer estrategia jartzen diren martxan».
Azurmendik uste du emakumeei beti esan zaiela zer eta nola egin. Garai batean, kirol batzuk egiteko debekua izan dute; egun, baldintzak dituzte: «Azken urteetan, emakumeak tradizioz haienak kontsideratu ez diren kiroletan sartzean, erresistentzia moduko bat izan da. Hor oso garrantzitsua da alor estetikoa: gure feminitatea bermatu behar dugu edozer egiten dugula ere».
Landaidak dio emakumeak sexualizatu egiten direla kirolean, gizarteko beste alorretan gertatzen den moduan. Horregatik, aldea egoten da kirol bera egiten duten gizonen eta emakumeen janzkeren artean. «Gizonen janzkera eroso jokatzeko aukeratzen da, eta, emakumeen kasuan, erosotasuna alde batera uzten da, haien gorputzak erakusteko, eta hori erabaki sexista bat da». Euskal pilotaren adibidea jarri du Azurmendik: «Gaur egun, zenbatek jokatzen dute gonarekin? Gonarekin jokatzea ona izango balitz, mutilek aspaldi jokatuko zuketen gonekin».
2010etik aurrera, psikologoak aldaketa bat sumatu du: «Gero eta kontzientzia handiagoa dago ez onartzeko neurri matxistak edo diskriminatzaileak, eta hori oso ona da». Adibidez, 2012an boxeoan gonarekin lehiatzera behartu nahi izan zituzten emakumeak, baina aurka agertu ziren. Emakumeek ezetz esan zioten FIBA Nazioarteko Saskibaloi Federazioari 2011n, haien jantziak estutu nahi izan zituenean. 2014an, hondartzako eskubaloiak harrotu zituen hautsak, Euskadiko selekzioak mahuka motzetan eta kulotekin parte hartu nahi izan zuelako Espainiako Federazioak antolatutako txapelketetan.
Hori ikusita, Azurmendik uste du emakumeek elkartu egin behar dutela. «Denon artean kontra egin behar dugu. Emakumeek kontziente izan behar dugu erabaki horiek guk hartu behar ditugula». Landaidak azaldu du Emakunderen Begira Batzordea kirol informaziorako gida prestatzen ari dela, eta hor janzkeraren aferak baduela atal bat. «Ez diegu erreparatzen gizonen arropei, soilik emaitzei. Emakumeenean, bigarren planoan uzten dira emaitzak, eta lehen lerrora pasatzen da janzkera». Horrelako egitasmoekin egoera aldatzen hasi nahi dute. Bidea luzea da, baina asko dira martxan jarri direnak.