astekaria 2018/09/21
arrowItzuli

kirola

JOSEBA FERNANDEZ

«Arrauneko nire balioak ez dituzte beste batzuek»

Aitor Manterola

«Arrauneko nire balioak ez dituzte beste batzuek»

Arraunlari ororen ametsa ez da asetzen Eusko Label liga irabazita. Beste zerbaitek gogobetetzen ditu, eta ligako koroaren eta Kontxako Banderaren oreka aurkitu ezinda dabil oraindik, esate baterako, Joseba Fernandez (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974). Urdaibaiko entrenatzailea pozik dago bigarren urtez segidan liga irabazi dutelako bera arduradun dela, baina ezin du Kontxako nahigabea gainditu. «Baretuko da itsasoa», esaten du, etsipen doinuarekin.

Bigarren urtea egin duzu Urdaibain, eta taldeak bi Eusko Label liga irabazi ditu zurekin, bietan hasi eta buka lehen postuan. Datuak bikainak dira.

Hala da, harro egoteko modukoa da hasieratik amaiera arte puntan ibiltzea hain berdindua den liga batean.

Bederatzi bandera, hamaika garaipen, eta beste hainbat talde oso gertu estropada askotan. Besteen maila handi horrek balio handiagoa ematen dio zuen tituluari?

Jakina. Beste taldeak ere gu beste ibili dira, eta beharbada estropada askotan kontu txikietan haiek baino puntu bat hobeto moldatu izan gara. Horrek eman zigun aukera aldea lortzeko sailkapenean, eta alde hori kudeatzeko gerora, nahiko ondo eta lasaitasun dezentekoarekin.

Zein izan dira aipatzen dituzun xehetasun txiki horiek?

Estropada eremu bakoitzaren ezaugarri eta zailtasunei erantzun egokia eman diegu, adibidez. Patroi lanean ere aurrerapausoa eman dugu iazkoarekin alderatuta. Aurkariek baino sendotasun handiagoa izan dugu postu horretan, gehienbat ligaren hasieran. Lehen erdian, ematen zuen Urdaibaik beti hausten zituela estropadak uneren batean. Oso sendo ibili zen taldea garai hartan, baina gero aurkariek asmatu izan dute horri aurre egiten, uda aurrera joan den heinean.

Urdaibaik uztailean eman zuen eman beharreko guztia, eta ordutik ezin gora egin?

Ez pentsa. Aldaketatxo bat egin genuen prestakuntzan Kontxa buruan geneukala, ikusi genuenean zortzigarren estropadan 11 puntu aurretik ginela. Orain ikusita, ez zen erabaki egokia izan, Euskadiko Txapelketan kosta egin zitzaigulako, ez baikinen fresko iritsi estropada horretara. Nire erabaki okerren baitan jarri behar dut hori. Gero, berriz lortu genuen freskotasuna. Zarauzko estropadetan igarri nion taldeari bere onera ari zela itzultzen, baina, asteburu hartan, arraunlari pare batek osasun arazo batzuk izan zituzten. Bandera galdu genuen bigarren igandean Zarautzen, baina gero, hurrengo asteburuan, Galizian, ikusi genuen taldea ondo iritsiko zela behar zuen lekura, eta Kontxan zer gertatu zen badakigu.

Ez da ohikoa entrenatzaile batek zu egiten ari zarena egitea: autokritika zorrotza eta okerrak jendaurrean onartzea.

Nahiz eta liga irabazi, sekula ez da dena ondo egiten, eta ez da erraza dena ondo egitea. Arraunean, hainbat faktore sartzen dira estropada batean! Ezinezkoa da dena ondo egitea, baina saiatzen naiz urtero aztertzen zertan egin dugun huts, datorren urterako baliagarria izan dakigun informazio hori. Pasaiako estropada jarriko dut adibide gisa, bost ziabogetakoa. Azterketa moduan hartu nuen, ikusteko zenbat hobetu dugun patroi lanean, adibidez. Hondarribia oso ona da estropada horretan, eta ikusi nahi nuen gai ginen aurre egiteko. Irabazi egin genuen, eta beste urteetan egindako okerretatik ateratako ikasketaren ondorio izan zen. Lan hori dena egin egin behar da hobetzen jarraitzeko. Beste taldeek ere berdin egingo dutela uste dut, dena den.

Eusko Label liga da lehiaketarik zehatzena udako trainerurik onena izendatzeko?

Bai. Hemeretzi estropada direlako, eta uztailean hasi eta irail erdialdean amaitzen delako. Erakutsi behar duzu nolako taldea duzun, nolako lana egin duzun aurreko hilabeteetan eta zer etekin atera dakiokeen horri guztiari. Beste gauza bat da arraunlariek nahiago dutela Kontxa irabazi, eta ni ere iritzi berekoa naiz.

Liga guztia errepasatzen jarrita, zein izan da unerik pozgarriena?

Bilboko estropada, ligako aurrenekoa. Buruan neukan hasieratik lehen postuari heltzea, aurreko urteko dinamika berari jarraitzeko. Poz handia eman zidan Bilbon irabazteak.

Zarauzko bigarren jardunaldikoa izan duzu une txarrena?

Bai. Bermeon ere bai, aurreko larunbatean, aurretik gertatua gogoan neukalako, Donostiakoa eta. Buelta eman nahi nion egoera txar horri, baina zorte txarra izan genuen, arraun txikia hautsi baikenuen lehen ziabogan, eta, gainera, Orio handi bat azaldu zitzaigun, herriko bandera irabazteko.

Taldeko arraunlari guztiek egin dute arraun ligan, eta denek bandera bat irabazi dute gutxienez. Beste datu handi bat da.

Horrek esan nahi du kalitate handiko arraunlariak ditugula, eta, batez ere, konpromiso handia dutela, irabazteko gose ikaragarria. Irabazleak izan dira eta dira, eta, hala ere, gehiago nahi dute, eta hori lortzeko dena ematen dute. Gainera, sekulako giro ona daukagu taldean. Saiatzen gara hori bermatzeko moduko arraunlariak ekartzen.

Arraunlari ona ez ezik, baleko pertsona ere izan behar da, hortaz, Urdaibai honetan arraun egiteko.

Bai. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Hilabete asko irauten du prestakuntzak; arraunlariak ordu asko igaro behar ditu bakarrik eta isilean lanean, eta edozeinek ez du balio horretarako. Askok aldamenean behar dute laguna. Urdaibain arraun egin ahal izateko, ezaugarri berezi batzuk eduki behar dira, eta asmatzen ari garela uste dut.

Hipotesi batean sartuko gara orain: liga irabaz daiteke hamalau arraunlari oso on eta lau ez hain onekin?

Ez dakit ezinezkoa izango litzatekeen, baina arrisku handia duzu ez irabazteko. Azkenean, 80 egun pasatxoan ia 30 estropada jokatzen ditugu, eta hori kudeatzea ez da erraza izaten. Pieza guztiek bat egin behar dute beren lekuan, eta urteko estropadarik handienetan mailarik onena ateratzeko ere lan handia egin behar izaten da. Beharrezkoa da talde sendoa edukitzea, kalitatezkoa eta lanerako gogotsu dagoena.

Datorren denboraldian ere Bermeoko edota inguruetako arraunlari gehiago sartuko dituzu taldean? Iaz hasi zenuen eta aurten segida eman diozun bide horri eutsiko diozu?

Hori helburua izango litzateke, baina garbi daukat ez diodala inori ezer oparituko herrikoa izateagatik. Hemen sartu nahi duenak taldera etorri eta atea lurrera bota beharko du. Horrelako goi mailako talde batean egon ahal izateko, arraunlariak oso maila altua izan behar du, eta, horretarako, lan izugarria egin behar da, bilakaera izan hobekuntzaren bidean, eta, gainera, gai izan behar da presioari aurre egiteko. Ez da erraza, eta denbora behar da. Baina kirolari berezi horiek ateratzen dira talde eta kirol askotan, eta asko gustatzen zait lan horietan aritzea. Adi egoten naiz begira.

Zergatik berritu duzu beste denboraldi baterako hitzarmena Urdaibairekin?

Uste dudalako egitasmo honek segida eduki behar duela, eta, nola egoskorra naizen, ikusten dut talde honek merezi duela Kontxako Bandera irabaztea. Espero dut taldeari ia osorik eustea, ikusten hasi naizen arren ez dela erraza izango. Izan ere, aurreko astean, gure arraunlariek sekulako dei pila jaso zituzten beste taldeetatik. Esaten da Urdaibai dela beste taldeei arraunlariak kentzen ibiltzen dena, baina aurreko astekoarekin harriturik nago, sekula ez bezala.

Kezka al duzu arraunlariren batek edo batzuek taldea utziko duten?

Bai.

Baiezta daiteke zerbait?

Oraingoz inork ez du ezer esan taldea uzteari buruz. Alderantziz, itxaropena daukat norbaitek pentsatzea, taldeko multzoaren indarraren eraginez, Urdaibain duen guztia ez duela kanpoan aurkituko. Bakoitzak bere buruarentzat onena den hori aurkitu behar du, eta, norbaitek alde egiten badu, izango da ordezkatuko duen beste bat. Ulertzekoa da urrundik datorrenak zailtasunak izatea bizitza antolatzeko, baina gure aukerekin eta gure gauza onekin espero dezagun halakorik ez gertatzea. Gustatuko litzaidake talde guztiari eustea, baina, hori ezinezkoa bada, indartsu izaten segituko dugu.

Joan zen Kontxakoa, baina zuri ez zaizu nahigabea kendu. Zer darabilzu buruan egun batzuen joanean?

Gai burokratikoetatik hasiko naiz, eta, nik dakidanez, salaketa jarriko du Urdaibaik. Kontu hauetatik aldendu egin nintzen lehendabiziko helegitea prestatzen jardun eta gero. Azkenean, tristea da egoera, eta gogorra egiten zait zer egin diguten urteko estropada garrantzitsuenean. Etsipen handia eragin zidan, eta garai hartan ez nituen egun gozoak pasatu. Oraindik ere nahiko ukitua nago, baina baretuko da itsasoa.

Lehentxeago esan duzu lanak aztertu zalea zarela, eta zer ikasgai atera duzu aurtengo Kontxako Banderatik?

Galdera ona da. [Denbora pixka bat egon da pentsatzen] Nik kirol honetan ditudan balioak ez dira besteek dituztenak.

Zuk izendatu dituzu: zein dira «besteak»?

Ez dakit. Uda honetan, batzuek erakutsi didate abilak direla joko zikinean, baina osotasunean ez dakit zenbateko ziurtasuna daukaten halakoak egiaztatzeko goitik behera. Egoerak aztertzen ditut, eta gauza asko ez ditut ulertzen. Benetan zaila egiten zait pentsatzea datorren urtean ere Kontxara azaltzea, gure lana ez dakit zeinen eskutan uztera, eta gure trainerua ez dakit zeinen alboan jartzera. Nik kirola beste era batera ikusten dut.

BERRIAn argitaratua (2018/09/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA