astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

gizartea

Urrats sendoen urtea zientzian

Juanma Gallego

Urrats sendoen urtea zientzian

Gizakiaren etorkizuna geneetan idatzita dago, eta giltza hori eskura izateak gaixotasun askoren aurkako tresna izango da seguruenera. Baina etorkizuna idazteaz gain, iragana berridazteko ere baliagarria da genetika. Horrela jakin ahal izan da euskaldunak direla Iberiar penintsulako lehen nekazariekin lotura gehien dutenak, edota Europaren iragana uste baino konplexuagoa dela. Atzean utzitako urtearen irakaspenak dira, baina beste asko ere badaude.

GENEEN EDIZIOA, AZKAR ETA MERKE

Medikuntzaren alorrean izugarrizko itxaropena piztu du CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren garatzeak. Science aldizkariaren arabera, 2015ean izandako garapenik garrantzitsuena izan da. Biologoak aspalditik saiatu dira geneetako informazioa aldatzeko teknikak garatzen, baina Emmanuelle Charpentier eta Jennifer Doudna ikertzaileek hobetutako sistema horrek 2015ean izan du hazkunderik handiena.

Alor askotan izango du eragina, baina bereziki gaixotasun arraroen aurka erabili ahal izango da, gaitz horiek gehienetan herentzia genetikoan dutelako abiapuntua. Horiek horrela, teknika horren bitartez pertsona bati aldatutako geneak etorkizunean izan ditzakeen seme-alabengana ere igaroko dira. Aurreko teknikekin alderatuz, azkarra eta merkea izango da. Teknika hori erabilita, apirilean Junjiu Huang biologo txinatarrak giza enbrioien edizioari ekin zion; mundu mailako polemika eragin zuen, eta esperimentu horien zilegitasun etikoaz eztabaida ekarri zuen.

ZERES ETA BERTAKO DISTIREN MISTERIOA

NASAren Dawn zunda ?egunsentia? martxoan heldu zen asteroideen gerrikoan dagoen Zeres planeta nanora. Marte eta Jupiterren artean dagoen gerriko horretako gorputzik handiena da Zeres, batez beste 940 kilometroko diametrokoa baita. Oraindik ere misterioa da horrelako objektu bat zergatik dagoen bertan. Zientzialariek uste dute Neptunotik gertu sortu zela, eta arrazoi ezezagunak zirela medio orain dagoen lekura heldu zela. Baina astronomoen zein zaleen jakin-min handien piztu duena bertan ikusten diren puntu distiratsuen zergatia da. 130 bat puntu dira guztira, baina bereziki Occator izeneko kraterrean diren bi puntuek eguzkiaren argia islatzen dute inon ez bezala. Gatzak, sumendiak, izotza edota geiserra dira proposatu diren aukeretako batzuk, baina oraindik argitzeke dago galdera.

MARTEKO UR LIKIDOA AGERIAN

Curiosity robotak Gale kraterrean egindako analisiari esker, Marten ur likidoa dagoela jakin zen apirilean. Zientzialariek bertako ingurumen baldintzak aztertuz ondorioztatu zuten, hipotesia aspaldikoa bazen ere. Gauez baino ez dago ur hori, egunsentiarekin batera lurruntzen baita. Beraz, eta Curiosity-k gauez ezin duenez lanik egin ?planeta gorrian gauez dauden tenperatura baxuegiak dira horretarako?, ezin izan dute zuzenean ikusi. Bai, ordea, haren zantzuak. Irailean NASAk beste froga bat aurkeztu zuen: Mars Reconnaissance Orbiter zundaren irudiei esker planetaren azalean gatz hidratatuak aurkitu zituzten, ura lurrundu eta gero gelditzen diren hondarrak.

LHC AZELERAGAILUA BERRIRO LANEAN

Ia bi urtez konponketa eta berritze lanetan egon ondoren, apirilean gizakiak inoiz martxan jarritako esperimenturik handiena berriro lanean hasi zen. Genevako LHC Hadroi Talkagailu Handian erabilitako energia kopurua nabarmen igo zen: 8 TeV-tik 13 TeV-ra (teraelektroi-Volta). Indar horretaz baliatuz, zientzialariek materiaren mugetan are gehiago sakontzea espero dute. Abenduan plazaratutako lehen datuak norabide horretan joan ziren: azeleragailuan diren bi detektagailu nagusiek, bakoitzak bere aldetik, ezusteko patroia antzeman dute talketan. 2016ra arte ezin izango dute baieztatu akats estatistikoak baino ez diren ala fisikaren oinarriak asaldatuko dituen oinarrizko partikula berri bat ote den. Bestalde, aurten egiaztatu ahal izan da lehen aldiz 1964tik fisikarien lanetan agertzen den beste partikula bat baina orain arte teoriaren alorrean baino ez zegoena: pentaquark izenekoa. Lau quarkez eta antiquark batez osatuta dago oinarrizko partikula hori.

GENOMA, IRAGANAREN GILTZA

Harvardeko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) genetista David Reichek orain dela 5.000 urte Europara izandako migrazio handi baten frogak aurkeztu zituen ekainean. Garai horretara arte kontinente zaharrean bi migrazio handi izan zirela uste zen. Lehen migrazioan, orain dela 45.000 urte ingurukoa, Homo sapiens espeziea sartu zen Europan. Bigarren migrazioan, duela 8.000 urte, Ekialde Hurbiletik lehen nekazariak etorri ziren. Baina Reichek egindako ikerketari esker jakin ahal izan denez, hirugarren sarrera bat egon zen orain 4.500 urte. Yamnaya izenarekin bataiatu dute artzainen herri hori, Asiako estepetatik heldutakoa.

Reichen eta beste askoren aburuz, haiekin batera gurpila eta hizkuntza indoeuroparrak ekarri zituzten yamnayatarrek. Ikerketa egin ahal izateko, adituek orain dela 8.000? 3.000 urteko ehun giza genoma inguru aztertu zituzten. Azaroan argitara emandako lan batean antzinako beste 230 giza genoma aztertu zituzten; hala, Historiaurrea ikertzen ari direnei oso informazio baliagarria eskaini zieten.

HAMAR URTEKO BIDAIA PLUTONERA

New Horizons misioak planeta nanorik ezagunena inoiz ez bezala ikusteko aukera eman zuen. Zundak uztailaren 14an izan zuen Plutonekiko hurbilketarik handiena, eta gutxira hasi ziren lehen sorpresak NASAren egoitzan. Irudietan planeta nanoa uste baino askoz dinamikoagoa zela ikusi zuten. Izotzezko mendiak, nitrogenoa eta metanoa aurkitu zituzten haren azalean, eta zientzialarien lilura piztu duen orografia traketsa ere bai. Plutonen ilargietako bat den Karon ere inoiz ez bezala ikusi ahal izan zuten.

Objektu horiek aztertu ondoren, orain zunda Kuiper gerrikoan are gehiago barneratu da; barruan daramatza Pluton aurkitu zuen Clyde Tombaugh astronomoaren errautsak. New Horizons 2030. urtera arte lanean izango dela espero dute ingeniariek.

EBOLAREN AURKAKO TXERTOA BIDEAN

Uztailean argitaratu zituzten The Lancet aldizkarian Ginean 4.000 lagun ingururekin egindako entsegu klinikoaren emaitzak. Datuek itxaropena piztu zuten, OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, tratamenduaren eraginkortasuna %100ekoa baita. Urtearen amaierako, izurriteak 28.637 kutsatze eta 11.315 heriotza eragin ditu. Abenduaren 29an OMEk bukatutzat eman zuen ebola birusaren izurritea Afrikako herrialde horretan.

LURRAREN BIKIA, BAINA URRUNEGI

Uztailean topatu zuen NASAk Kepler-452b izeneko exoplaneta. Lurraren tamainakoa da, eta bizigarritasun eremuan dago: bere izarrarekiko ez gertuegi eta ez urrunegi. Eguzkia bezalako izar baten inguruko orbitan dabil Kepler-452b planeta, eta orain arte aurkitutakoen artean, Lurrarekiko parekotasun handiena duena da. Hara heltzeko, ordea, 1.400 argi urteko bidaia egin beharko luke gizakiak. Abenduan, berriz, beste hautagai gertuago bat topatu zuten Australiako astronomoek: Wolf 1061c, Lurra baino lau aldiz handiagoa, baina bizigarritasun eremukoa eta «soilik» hamalau argi urtera kokatuta.

'HOMO NALEDI', GURE ARBASO BERRIA

Irailean eman zuten Rising Star kobazuloetan (Hegoafrika) aurkitutako fosilen berri. Australopitekoen eta Homo generoen arteko lerroan legoke gure generoaren partaide berria, eta, hasierako kalkuluen arabera, orain dela 2,8-2,5 milioi urte inguru bizi izan zen. Zuzeneko datazioak egin gabe daude oraindik, eta azterketa horren emaitzak heldu arte aditu asko zuhur azaldu dira. Hezur asko aurkitu dituzte, 1.500 baino gehiago, eta horregatik izan dute arkeologoek haien morfologiaren berri zehatza. Ezaugarri primitiboak eta modernoak azaltzen dira arrasto horietan. 500 zentimetro kubikoko garezurra zuen hominido hark, eta metro eta erdiko altuera. Zutik ibiltzeko gaitasuna zuen, adituen arabera. Bitxiena da, hala ere, hamabost lagunen fosilak koba berean topatu izana. Agian nahi gabe bertan itxita geratu ziren, baina badira proposatu dutenak hil eta gero bertan «hilobiratu» zituztela, garai hartarako zaila dirudien sinbolismo baten erakusle.

EUSKALDUNAK, LEHEN NEKAZARIEI LOTURIK

Atapuercan aurkitutako Neolito garaiko zortzi lagunen genomak aztertu zituen irailean nazioarteko talde batek, eta ezusteko ondorioa atera zuen: egungo populazioen genomekin alderatuz, euskaldunek dute ahaidetasun handiena. Ikerketaren arabera, Mediterraneotik heldu ziren Iberiar penintsulako lehen nekazariak, eta apurka bertako ehiztari-biltzaileekin nahastu ziren. Euskaldunekin batera, sardiniarrek dute Atapuercako lehen nekazariekiko gertutasunik handiena.

HARAGI PROZESATUAK, MINBIZIAREN ERAGILE

Hautsak harrotu zituen OMEk urrian plazaratutako txostenak. Orain arte argitaratutako ikerketen berrikuspen zabala egin ostean, erakunde horretako aditu talde batek haragi gorri eta prozesatuak minbizia eragin dezaketen produktuen atalean sailkatu zituen. Haragi prozesatuak lehen arrisku taldean sartu zituzten, produktu horiek kolon eta ondesteko minbiziarekin lotura zutela ikusita. Haragi gorriak, berriz, arrisku gutxiagoko eremuan sailkatu zituzten, hain lotura estua frogatzerik ez zegoelako. Tabakoa, alkohola, amiantoa eta halako produktuen parean egoteak, ordea, ez du esan nahi minbizia eragiteko gaitasun bera dutenik, gaixotasunarekiko lotura frogatutzat dagoela baizik.

BERRIAn argitaratua (2016/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA