mundua
Pentsaera baten aurka borrokan
Aitor Aspuru
YPJko milizianoek garrantzi berezia izan zuten Kobane defendatzeko batailan, 2014an eta 2015ean. Iaz Rojavako hiri hori Durangorekin (Bizkaia) senidu zen, biek jasan baitzituzten bonbardaketak norbere herrialdeko gerretan. Durangoko Udalak eta Suargi gobernuz kanpoko erakundeak Kobaneko emakumeen akademia diruz lagundu zuten, eta uda honetan Durangoko emakume talde bat Rojavan izan da egitasmo hori eta bestelakoak ezagutzeko. Kurdistango emakume antolatuek azaldu zizkieten poligamia, indarkeria matxista eta adingabeen ezkontzak eragozteko sortutako arauak, baita emakumeak ahaldundu, trebatu eta politikan subjektu aktiboak bilakatzeko ahaleginak ere.
Horietako egitasmo apurtzaile bat da Jinwar herrixka, «emakume askeen herrixka». Siriako Estatuaren lurralde batzuk baliatu dituzte horretarako, eta oraindik eraikitzen ari dira. Hala eta guztiz ere, egindako esfortzuaren emaitza begi bistakoa da, eta hainbat etxebizitza bukatu dituzte jadanik. Helburua da emakume dibortziatuek, bortizkeria matxista jasan dutenek edo gizarte patriarkala atzean utzita bizi nahi dutenek lekua izatea.
Feminismoa ez ezik, bestelako oinarriak ditu herrixkak: ekologia eta konfederalismo demokratikoa, adibidez. Ideia ekologikoek eraikuntza lanetan daukate isla. Izan ere, porlana eta metala erabili ordez, Jinwarren adobezko adreiluak ekoizten dituzte eta egurrezko gaiak ere lantzen dituzte.
Alemaniako emakume boluntario batek kontatu du oraingoz hiruzpalau biztanle finko besterik ez dagoela, baina inguruko herriekin harremanetan daudela lotura sustatzeko. Printzipioz, alboko herritar batzuek adierazi dute nahi dutela euren seme-alabek Jinwarreko ikastetxeetan matrikulatzea, hezkuntza parekidea izateko.
Berez, etxebizitzak ez ezik, eskola pare bat, medikuntza naturaleko zentro txiki bat eta denentzako sukalde bat ere izango ditu. Gehienak ia bukaturik daude. Hori bai, bi elementu deigarri daude. Alde batetik, sukaldearen azpian dagoen gotorlekua. Horrek gogoratzen du Siria eta Rojava gerran daudela, eta bonbardaketak eta erasoak gerta daitezkeela. Bestetik, egin duten igerilekua. Boluntario alemaniarrak irribarrez azaldu du emakume arabiarrek ez dutela igerilekurik Sirian, baina Jinwarren bat izango dutela, bainua hartu nahi izanez gero.
Nazioartean YPJko milizianoak ezagun dira, baina ez dira emakumeek osatu duten erakunde armatu bakarra. Asayis Jin taldeek emakumeen segurtasunaren eta delituen ardura dute. Horregatik, emakumezkoek soilik osatzen dituzte.
Kideak komuna batera lotuta daudenez, harremana horiekin oso garrantzitsua da, eta, ondorioz, boluntarioek komunen baimena behar dute taldean sartzeko —komuna bakoitza auzo, kale, edo herrixka bati dagokio—. Besteak beste, eraso matxistak edota barne segurtasunerako kontrolguneak kudeatzen dituzte. Horrelako kontrolgune ugari daude Rojavan, baina Asayis Jingo kideek soilik goizez lan egiten dute han, familien zaintza dela eta.
Qamishlo hirian sortu zuten taldea, apurka Rojava osora zabaltzeko. Kuartelaren arduradunek aitortu zuten hasiera zaila izan zela, gizartean arrotza baitzen emakume armatuen irudia, baita emakume poliziak egotea ere.
Emakumeen telebista
Hedabidetan ere eragin du iraultza feministak, eta ekainaren 3an ekin zion Jin TV emakumeen telebistak emititzeari. Oraingoz, Internet bidez egiten dute Ekialde Hurbilean eta satelitez Europan. Proiektuak emakumeentzako edukiak ekoizten eta zabaltzen ditu, emakumeek eginda. Egoitza nagusia Europan dago, baina Siriako hiri arabiar zein kurdutan bulegoak dituzte eta, ondorioz, bi komunitateen hizkuntzetan jarduten dira, azpidatziez lagunduta. Oro har, horien asmoa da emakumezkoen parte hartzea islatzea gizartean; politikan zein kulturan. Hori bai, ez gizonezkoen ikuspegiarekin, baizik eta emakumeek erabakitako moduan.