astekaria 2018/09/14
arrowItzuli

kirola

IMANOL AGIRRETXE

«Igoerako egunak dira Realean bizi izan ditudan politenak»

Jon Ander De la Hoz

«Igoerako egunak dira Realean bizi izan ditudan politenak»

Usurbilen, jaioterriko pilotalekuan bildu da Imanol Agirretxe BERRIArekin. Egun bereziak dira hauek berarentzat. Duela aste batzuk jakinarazi zuen futbola uzteko erabakia, lesioek behartuta, eta bihar esango dio agur bere ibilbideari, Anoetan jasoko duen omenaldiarekin. Gogor saiatu da zelaira itzultzen, eta, bide horretan guztia eman izanaren sentipenarekin, «pozik» utziko du maila goreneko kirola. Eskertuta agertu da azken asteetan jaso dituen esker oneko hitzekin.

Frontoi honetan makina bat bizipen pilatuko zenuen.

Bai. Txikiak ginela, beti hemen ibiltzen ginen, eta makina bat ordu sartutakoak gara bertan. Pilotan, erraketekin, eta lau jertse lurrera bota eta futbolean ere bai. Oroitzapen politak ditut.

Pilotaleku honetan eman zenizkion lehendabiziko ostikadak baloiari, beraz?

Bai, ziur. Hemen ondoan bizi nintzen gurasoekin, eta frontoia gertu geneukan. Etxean ordu gutxi egiten nituen, oso kalezalea izan naiz, eta hementxe ibiltzen ginen.

Halere, azkar egin zenuen Antiguokorako jauzia. Nola izan zen?

Ikastolarekin aritzen ginen kirolean: eskubaloian, futbolean... Denetik egiten genuen. Gero, lau lagun joan ginen Donostiara, Antiguokon jokatzera. Pauso bat ematea zen; esperientzia berri bat, herritik ateratzea. Ordura arte, ez ginen irten ere egiten, eta abentura berri bat zen guretzat. Oso esperientzia polita izan zen.

Zer aurkitu zenuen han?

Jende asko, beste herrietako jendea. Ikasgelakoez gain, beste herrietako lagunak egiten genituen. Entrenatzaile berriak ere bai; ordura arte ohituta geunden herrian dena euskaraz egiten. Adibidez, han lehendabiziko entrenatzaileek ez zekiten euskaraz, erdaraz hitz egin behar izaten genuen. Handicap txiki bat zen guretzat, lau hitz genekizkien erdaraz. Han ikasi genuen pixka bat.

Lezamara joan zinen gero, etxetik are urrunago.

Hori da. Orduan beste pauso bat eman genuen, futbolarekiko apustu serio bat eginda. Athleticek eta Antiguokok akordioa zuten, eta herrian bagenituen ibilbide horri jarraitutakoak: Andoni Iraola eta David Asensio zeuden orduan, guretzat eredu zirenak. Apustu egin genuen pausoa ematearen alde, eta hara joan ginen.

Etxetik kanpo, hasiera ez zen erraza izango, ezta?

Ez. 13-14 urterekin etxetik irtetea, Bilbora bakarrik bizitzera joatea, egoitza batean... Hango gazteena nintzen, unibertsitatera zihoazenak eta guzti zeuden. Pauso hori eman beharra zegoen, eta uste dut helduago egiten lagundu zidala.

Oroitzapen onak ere izango dituzu, orduan?

Onak. Gustura egon nintzen, lagun pila bat egin nituen, oraindik mantentzen ditudanak. Taldekideen gurasoek ere asko lagundu zidaten, etxean ere hartuta.

Nola sortu zitzaizun Realera joateko aukera?

Lezaman bi urte on egin genituen, eta emaitza onak lortzen ari ginen Athleticekin eta Espainiako selekzioarekin. Oihartzuna izan genuen. Gazte mailarako jauzian, aukera asko sortu zitzaizkidan: Athleticen jarraitzekoa, Ingalaterra joatekoa eta Realera etortzekoa. Aukera guztiak mahai gainean jarri, eta Realak erakartzen gintuen gehien, besteengandik distantzia askora. Gurasoek gogoa zuten ni etxera itzultzeko, eta, bestalde, ikusten nuen nire ilusioa eta ametsa Realean aurrera egin eta bertan ibilbide bat egitea zela.

Etxetik Zubietarako bidea inork baino laburragoa izango zen zuretzat, gainera.

Bai, Usurbil eta Zubieta zazpi kilometrora daude, mendiaren bestaldean dago. Oso erosoa da; Bilbon bizitzetik bat-batean hain gertu izatea... Berriz ere ikastolara joan, kuadrilla bertan eduki... Hori oso gutxik goza dezakegun pribilegioa da.

Zer aurkitu zenuen Zubietan kirol aldetik?

Lan exijentea. Niretzat, aldaketa handia zen; kadete mailatik nentorren, eta gazteetan aritzera igaro nintzen. Lehen urterako, gazteen ohorezko mailan nengoen, eta bigarren urtean, 17 urterekin, Bigarren B mailan. Hori izan zen jauzirik handiena; 30 urtekoen aurka aritzen ginen, eta hor ikusten da futboleko maila zer den eta partidak zer diren. Hori izan zen lehen hartu-emana futbol profesionalarekin.

2005ean egin zenuen debuta lehen taldearekin. Amets bat betetzea izan zen?

Zalantzarik gabe. 18 urterekin jokatu nituen lehen partidak taldearekin. Oso polita eta hunkigarria izan zen; urte batzuk atzera Anoetan animatzen nituen jokalariekin nengoen aldagelan.

Oroitzen duzu Getaferako deialdian sartu zinen eguna?

Egun batzuk neramatzan haiekin entrenatzen. [Jose Mari] Amorrortu zen entrenatzailea, eta esaten zidan aukera bazegoela haiekin joateko. Esan zidanean, hunkigarria izan zen. Ez nuen bidaiarako trajerik ere, eta [Jeremie] Brechet ez zegoen deialdian. Haren etxera joan nintzen traje bila. Oso jator utzi zidan, eta esperientzia berria izan zen niretzat. Oso oroitzapen polita dut; batez ere, orduan lehen taldean zeuden jokalariek eman zidaten tratuarengatik: Brechet bera, Bonba [Aitor Lopez Rekarte], Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Igor Jauregi, Gari Uranga... Asko erraztu zidaten aldagelan sartzea, eta, askotan, ez da erraza halako mailako aldagelan lekua egitea.

Malagaren aurka sartu zenuen lehen gola. 0-3 galtzen ari zineten arren, zaleek indarrez ospatu zuten gol hura.

Bai. Zarata pixka bat entzun nuen. Partida zaila izaten ari zen, 0-3 galtzen ari ginen... Jendea triste samar zegoen, eta, ikusita gazte bat irten eta gola sartu zuela, ziurrenik hura izan zuten arratsaldeko poza. Nik neuk egun oso berezitzat daukat; emaitza aldetik oso txarra izan zen, baina lehen taldearekin bigarren partidan gola sartzea, non eta Anoetan. Ordura arte harmailetan egoten nintzen estadioan.

Reala Bigarren Mailan zegoela egin zinen finko taldean. Maila gogorra dela diote; atera al zenuen ezer positiborik esperientzia horretatik?

Oso positiboa izan zen, asko ikasi nuen. Orduan, Reala egoera txarrean zegoen, desagertzeko zorian. Zor asko zeuden. Klubak derrigorrean gazteak atera behar izan zituen aurrera, ezertarako dirurik ez zegoelako. Ez ziren momentu errazak izan, baina, kirol aldetik, guk argi genuen hura aurrera atera behar zutenak ginela. Hiru urtez egon ginen Bigarren Mailan, baina igoera lortzeak eman zigun harrotasun puntu bat, oso gurea sentitu genuen. Hain gaizki zegoen, igoera lortzeak lasaitasun puntu bat eman zigun batetik, eta poza bestetik. Ordura arte oso gaizki egonda Lehen Mailara igotzea, horrek arazo guztiak konpon zitzakeela jakinda, oso berezia izan zen. Igoerako egun haiek dira Realean bizitako politenak.

Garai hartako taldekide gehienak bat datoz horrekin. Hainbesterainokoa izan al zen?

Bai. Europan ibili izan gara gerora, baina hura berezia izan zen. Denbora gutxi lehenago gaizki ginen. Bilera pila bat genituen abokatuekin, kluba desagertzear zen... Ez zegoen dirurik, eta inork ez zuen nahi zuzendaritzan sartu. Niretzat, oso garai zaila zen; jokalari bezala bai, baina agian hori zen gutxien axola zitzaidana. Realzale bezala esaten nuen: «Nola desagertu egingo dela, nola zelaiak saldu behar direla?». Ez genuen ulertzen. Orduan, Jokin-eta [Aperribai] sartu ziren, eta uste dut izugarri lan ona egin dutela; urte gutxian Reala oso osasuntsu uztea lortu dute. Eta guk ikustea hain egoera txarretik igotzea lortu genuela, eta ziur asko ekonomikoki arazo asko konponduko zituela horrek... Uste dut horregatik gaudela ados egun haiek azpimarratzean.

Igo osteko urtea izan zen gerora etorriko zenaren ernamuina?

Bigarren Mailatik genekarren boladari eutsi genion. Igo osteko lehen urtean egonkor mantentzea lortu genuen, eta hori izaten da erronkarik zailena. Behin hor mantenduta, bigarren urtean bilakaera bat izan genuen. Oinarri solido bati eutsi, eta aurrera egin genuen, Txapeldunen Ligara iritsi ginen arte goraka eginez.

2012-2013ko denboraldian izan zen hori. Taldea eta zu ere oso ondo aritu zineten.

Konfiantza handiz zegoen taldea, eta zelai guztietara lasaitasun handiarekin joatea lortu genuen. Ateratzen ginen jokatzera, eta ez genuen futbolaz hitz egiten; bagenekien nola jokatu behar genuen. Galtzen hasten ginela? Lasai geunden, bagenekien irauliko genuela. Inertzia positibo horrekin, gauzak borobil atera zitzaizkigun, eta Txapeldunen Ligan sartu ginen.

Zer-nolako esperientzia izan zen Txapeldunen Ligakoa?

Izugarria. Niretzat, oso esperientzia polita da, baina sozialki sortzen duena ere handia da. Gu jokatzera joaten ginen, eta berezia zen, baina jendeak nola bizitzen duen ikusteak askoz bereziagoa egiten du: zaleen ilusioa ikustea, nola ari diren bidaiak prestatzen, eta abar. Hori iritsi egiten zaizu, eta bertakoak garenoi, oraindik eta gehiago. Usurbilen beste giro bat ikusten duzu, 6.000 lagun joaten dira Manchesterrera... Jokatzea handia bada, horrek borobildu egiten du.

Reala eta bere zaleak bide berean ikusteak gogobetetzen zaitu?

Bai. Beharrezkoa dela deritzot. Ez nuke nahi Realak zaleak oso urrunduak izatea. Taldearekin eta balioekin identifikatuta sentitzen diren zaleak izatea nahi dut. Pentsatzen dut zaleek taldeari exijitu behar dietela balio batzuk mantentzea eta gertu egotea. Talde bat eta zaleak bateratuta daudenean politagoa da, eta ziur asko emaitzak errazago lortuko dira. Horri bultzada bat emango zaio Anoetaren birmoldaketarekin, eta hori da klubak izan behar duen helburuetako bat.

Erretiroa iragarri zenuenean, tristura agertu zuten zale askok. Zuk, aldiz, pozik utziko duzula esan zenuen. Egoera barrutik ezagutzeak erraztu egin dizu erabakia hartzea?

Oso lasai hartu dut erabakia. Badakit pena eman dezakeela berriz zelaian ez ikusteak, hori lortzeko gogor borrokatu bainaiz, baina horrenbeste lan egin eta kontzientzian garbi duzunean sentitzen duzuna %100 egin duzula, gero erabakiak hartzerakoan lasaiago zaude. Ziur nengoen, eta bake handia ematen dizu horrek. Lasai nago horregatik, eta guztiz eskertzekoa da jendeak izan duen jarrera. Oso maitatua sentitzen naiz, eta esker hitzak besterik ez dut.

Bihar egingo dizute agurra zaleek. Nola irudikatzen duzu?

Ez dakit. Lasai nago, baina egunak gerturatu ahala, agertu zaizkit tximeletak sabelean. Gozatu egin nahi dut egun horretan igarotzen den segundo bakoitzaz. Oso berezia izango da nire sentitu ditudan zaleei zelaian agur esatea. Horrenbeste eman didaten zaleei nik neuk eman nahi dizkiet eskerrak.

Zaleez gain, taldekideek, futbolariek, kazetariek... Orioko traineruak ere omendu zintuen Kontxan, zure elastikoa aterata.

Polita da ikustea Realaren mundutik kanpora ere baloratu duela: euskal taldeek, jokalariek, kazetariek, oriotarrek... Bideo eta mezu asko ikusi ditut, eta hunkigarria izan da. Ez nuen espero hau guztia horrenbeste zabaltzea, eta eskerrak eman nahi dizkiet denei, oso beteta sentitzen naiz oraintxe.

BERRIAn argitaratua (2018/09/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA