astekaria 2018/09/14
arrowItzuli

mundua

Basamortuko berbereen aldarria

Urtzi Urrutikoetxea

Basamortuko berbereen aldarria

Egunez hemendik ibiliko bagina, ez ginateke bizirik irtengo», dio gidariak. Gauerdia da Ghardaian, Aljer hiriburutik 600 kilometro hegoaldera dagoen hirian, basamortuaren erdian. Turismo gidetan aipatzen den hiri garrantzitsuetako bat da —Aljerian oraindik ia turistarik ikusten ez bada ere—, eta Unescoko ondare izendatu zituen bertako biztanle mozabita berbereek oasian zehar eraikitako bost hirietako monumentu eta tradizioak. Baina basamortuko leku baketsua zena gatazka odoltsu baten gune bihurtu da azken urteotan.

Basamortuaren erdian, hainbat kilometroko oasi luze batek biltzen ditu Mzab-eko bost hiriak —Ghardaia da handiena, eta sarritan bostak izendatzeko erabiltzen da—; airetik berehala ikusten da zeinen berezia den, eta turismoaren ordez bestelako berezitasun bat ere baduela: aireportutik irten ez, eta poliziak lehen miaketa egiten du. Berdin miatzen dute ekintzaile amaziga, Kacem Soufghalem zinegotzi izandakoa bada ere. Bidean aurrera, harrizko etxeek leiho txikiak dituzte, mendeetako ohiturak erakutsi ahala freskurari eusteko, eta palmeradi bat dago haranean beherantz.

Kacem Soufghalemek auzune mozabitak eta arabiarrak seinalatzen ditu, adieraziz azken horiek olio orban baten moduan hedatzen ari direla. Gune batzuk dagoeneko debekatuta daude bertako jatorrizko biztanle mozabitentzat; hiriaren erdiguneko plaza, esaterako. «Nire anaia honaxe heldu zen Aljeria iparraldetik autoz. Zenbait arabiarrek geldiarazi zuten; autotik jaitsarazi, eta alde egiteko esan zioten. Polizia aldamenean zegoen, baina ez zuten ezer egin, eta autoak kiskalita amaitu zuen». Zubietan, kale izkinetan, biribilguneetan eta bestelako lekuetan, polizien furgoneta ugari daude, kaskoak jantzita eta armak eskutan.

Gaututakoan, berriz errepidera jo, eta Soufghalemek eraikitzen ari diren meskita bat seinalatzen du. «Etxe mozabita bat zegoen hor. Bertakoei lurrak kendu zizkieten, eta berehala hasi zen auzoko guztien aurkako presioa. Azkenean, ingurukoek ere alde egin zuten». Palestinarekiko babes historikoaren hipokrisia kaleotan dagoela dio: «Israeldar kolonoen aurka behin eta berriz salatzen duten hori ari dira egiten hementxe bertan. Estatuaren babesarekin dihardute, Poliziak lagunduta egin dituzte sarraskiak». Unescoko ondare eta leku turistikoa izatea hutsala dela dio: «Estatu honek aski du petrolioarekin; ez zaio axola turismoa».

Aljeriako Saharako harrizko basamortu edo erg-aren bi bideak batzen dira hemen, ekialdekoa eta mendebaldekoa. Bide nagusi batek egin izan du luzaroan hegoalderantz, tuaregen lurraldeetarantz, Tamanrassetera eta, mugaz beste aldera, Mali eta Nigerreraino, egun mugak itxita badaude ere. Eta amazigen arteko talde berezi bat, mozabitak, basamortuko eremu urrun honetara bildu zen, eta hala eutsi diote mendetan, azken hamarkadetan bazterketa jasan arte iparraldeko herriekiko merkataritzan. «Hiru aldiz gaude baztertuta: amazigak garelako arabiar nortasun bakarra ezarri nahi duen estatu batean, merkatariak garelako, eta estatutik ekonomia antolatu eta denak bere zerbitzupeko izatea nahi dutelako, eta ez garelako musulman sunitak, ibadiak baizik».

Kameleddine Ferhad mediku eta mozabiten buruzagi historikoaren hitzak dira. Islameko suniten gehiengoaren eta xiiten gutxiengoaren zatiketatik apartean dagoen adar bat da ibadismoa, Omanen baino ez da nagusi, eta hainbat jarraitzaile ditu Ipar Afrikako hainbat komunitate berberetan eta Afrika ekialdeko Zanzibar uhartean. «Aljerian, talde txiki eta baketsua gara, 400.000 lagun doi-doi, eta beti egon gara estremismo guztien aurka, komunitate guztiekin harreman onetan. Zergatik nahi du estatuak horrelako talde bat desagerrarazi?»

Basamortuko herria

Duela mende erdi, Aljeriak independentzia lortu zuenean, Mzab-en amazigak —mozabitak— biztanleen %96 ziren, eta, gutxiengoen artean, juduak arabiarrak baino gehiago ziren. Mozabitak juduen komunitatearekiko miraz mintzo dira, aipatuz sasoi gogoangarri bat non elkarrekiko begirunea eta elkarlana ziren nagusi. Egun, ez da judurik oasian, eta haien auzunea zena debekatu egin zaie mozabitei, arabiarrek hartu baitituzte bertako etxeak. Dozenaka urte dira xaamba arabiar nomadak Mzab-era lekualdatzen hasi zirela; ofizialki, gobernuak bizimodu nomada amaitzeko asmoari jarraikiz eta inguruko lehengaiak ustiatzen zituzten konpainietan lan egiteko, baina ekintzaile amazigek salatzen dute mozabita amazigak arabiartu eta «aljeriartzeko» dela.

Oasiko bost hirietan eta 40 kilometro iparralderago dauden Guerrara eta Berrianen bizi dira mozabitak, eta azken urteotan gatazka odoltsu bihurtu da: 2008an Berrianen izan zen lehen sarraskian, sei lagun zituzten, eta, aldi batez baretu arren, tentsioak eztanda egin zuen 2013an. «Egun argiz egiten dute lapurreta; poliziaren babesa dute. Zuzenean hildakoak 60 izan ziren; besteak beste, hamahiru lagun kolpe bakarrean Guerraran egindako sarraskian» dio Ferhadek. Zaurituak, berriz, ehunka dira. diotenez, begiak galdu edo gasarekin arnas-arazoak dituztenak. «Poliziak eta armadak 130 mozabita atxilotu zituzten, eta arabiarrik ez. Nahieran sar daitezke gure auzuneetan, eta lasai asko ostu, jipoitu, kanporatu zein hil: Poliziak beste aldera begiratuko du, edo baliteke laguntzea ere», salatzen dute mozabitek.

Paradoxikoki, 1990eko hamarkadako gerra zibila ia iritsi ere ez zen egin Mzab-era. «FIS Salbaziorako Fronte Islamikoak ez zuen arrakastarik izan; bi lagun hil zituzten hemendik 80 kilometrora, baina jihadisten ideiek ez dute arrakastarik ibadismoan. Bakearen aldeko borrokan engaiatu ginen, giza eskubideen elkarteetan, 1993-1994 inguru hartan, eta askok FFSrekin ere bat egin zuen».

Erbestea

Khodir Sekoutik eta Salah Abbounak ihesari ekin zioten 2015ean, mozabiten mugimenduko hainbat kide atxilotzen hasi zirenean. «Marokora jo genuen; ofizialki muga itxita egon arren, amazigontzat ez dago mugarik. Urtebete baino gehiago eman genuen han, eta gero Espainiara joan ginen». Madrilek Aljeriarekin dituen harreman ekonomikoen ondorioz, beldur izan ziren Espainiak onartu egingo ote zuen herrialde haren estradizio agindua. Azken egunotan jaso dute albistea: ez dituzte estraditatuko. «Hori zen gauzarik garrantzitsuena, baina lehendabiziko urratsa ere bada; estradizioari ezetza emanda, espero dugu asilo politikoa onartzea».

Badakite ez dutela etxera itzultzerik, erbestetik ere Mzab-eko amazigen kausarekin jarraitu baitute. «Nik atxilotze agindua dut idatzitako artikuluengatik». Abbounak gogora dakar Salim Yezzari gertatutakoa; ekintzaile amaziga da, xawia etniakoa —Aljeriako talde amazig handiena kabiliarren ostean—, eta urteak daramatza Frantzian. «Salim ez da mozabita ere, baina arabiarren erasoen garaian elkartasun handia adierazi zigun. Bakezalea da, humanista; babesa adierazi zuen sare sozialetan. Gorrotoa sustatzea leporatu diote, eta atxilotu egin dute Aljeriarako bisita batean». Parisen protestak egin dira egunotan Yezza askatzeko eskatzeko.

Aljeriako mozabitentzat, berriz, ezinezkoa da inolako elkarretaratzerik egitea. Diotenez, haien egoera Marokok Rifen egindako okupazioarekin konpara daiteke: «2015etik, okupazio militarra daukagu: 10.000 polizia eta jendarme baino gehiago daude; herritarrek hautatu ez duten gobernu militar bat dago eskualdean; eta gobernuak hainbeste aipatzen duen konstituzioa bera ere indargabetuta dago», dio Abbounak.

BERRIAn argitaratua (2018/09/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA