bizigiro
SARAH ANDERSEN
«Kultur fenomeno gisa, memeak oso interesgarriak dira»
Lander Muñagorri Garmendia
Harrituta zaude liburu hauek izan duten arrakastarekin?
Bai. Webkomikiak egiten hasi nintzenean, eguneroko bat balitz bezala hartu nuen. 19 urte nituen, eta hobby bat zen niretzat. Beraz, pozik nago nire zaletasun bat ogibide bihurtu dudalako, eta arrakasta duelako.
Lotsatia zarela diozu, baina tiretan zure beldurrez hitz egiten duzu...
Zailagoa egiten zait pertsonalki komunikatzea, artelanen bidez baino. Oso zintzoa eta ausarta izan naiteke marrazten ari naizenean, norbaiti zuzenean zerbait esatean baino ausartago.
Zenbateraino da Sarah's Scribble autobiografikoa?
Sentitzen dudana eta agertzen diren sentimenduak nireak dira. Baina uste dut jende askok ez duela ulertzen hau ez dela eguneroko bat, eta ni komikilari profesional bat naizela. Baliabide asko erabiltzen dut tirak hobetzeko, baina, hala ere, egia dira.
Lotura hori inoiz apurtuko da?
Ez dut uste, ez baitut ikusten pertsonaia nigandik oso bereizita. Nire tresna bat dela esan daiteke, sentimenduei buruz hitz egiteko erabiltzen dudana. Beharbada, benetakotasun hori editatzen dudanean galduko da, baina neure burua ikusten jarraitzen dut pertsonaia horretan.
Zurekin batera hazten ari da?
Jendeak askotan esaten dit hori, akaso nire lehen liburuaren izenburuagatik, Adulthood is a myth (Helduaroa mito bat da). Baina bai, nire tirak aldatzen ari direla esango nuke, baina ez dut uste hazi beharra dagoenik aldatu ahal izateko.
Lehen liburu horren izenburuan diozun hori zenbateraino da egia? Asko kostatzen zaigu haztea?
Iruditzen zait jendeak barruko mundu oso indartsua daukala, eta horiek ezkutatzen saiatzen da helduen hitzak erabiltzeko. Ez dakit inor prest ote dagoen hazteko.
Lantzen dituzun gaiak umorez bideratzen dituzu. Nola lortzen duzu tonu egokia ematea?
Oso zaila da, umorea ere oso zaila delako. Zergatik dauka zerbaitek grazia? Testuak idazle bati bidaltzen dizkiot, baina zaila da zehaztea zergatik daukan grazia. Oso zaila da graziosoa izaten erakustea.
Memeetan inspiratzen zarela diozu. Umorea egiteko formatu berri bat da?
Uste dut baietz, modu berri bat dela. Oso interesgarria da, nahiko underground delako, baina, era berean, sekulako arrakasta dute Instagram eta halako sare sozialetan. Broma baten barruan dagoen elementu bati bromak egiten zaizkio, eta irudi asko berrerabiltzen dira. Kultur fenomeno gisa, memeak oso interesgarriak dira. Besteek egindakoari beste ikuspegi bat ematen zaio, azken finean.
Zure pertsonaia ezagunenetako bat uteroa da. Duela gutxira arte hilekoaren inguruko txisteak gizonek egiten zituzten soilik. Bazegoen horretarako beharra?
Bai, baina ez nuen horri buruz asko pentsatu, natural egin nuen, niretzat gauza normal bat zelako. Jende asko harritu da, ordea.
Emakume batek egiten zuelako?
Nik uste baietz. Uste nuen baino berritzaileagoa izan nintzen, baina niretzako esperientzia normal bat da hori. Ikusten dudanari buruz idazten dut nik, eta idatz dezaket feminismoari buruz, edo duela minutu bat bururatu zaidan zerbaitez. Jendeak, ordea, asko nabarmentzen du hori, akaso badakielako emakumea naizela.