astekaria 2018/09/14
arrowItzuli

kirola

«Ikus gaitzaten etorri gara»

Ainhoa Larrabe Arnaiz

«Ikus gaitzaten etorri gara»

Aupa, gutxi falta da eta». Euskal Herriko txirrindularitza zaletasunaren irudia izan zitekeen atzo Oiz mendian behin eta berriz ikusitakoa: ehunka herritarrek zeharkatu zuten bizikletaz Espainiako Vueltako 17. etaparen helmugako arkua. Goizetik arratsaldera bitarte etengabekoa izan zen herritarren joan-etorria, eta lasterketa bukaerako mendatearen gogortasuna aurpegian zeramatela igarotzen zuten helmuga tontorrera bizikletaz igo zirenek. «Oso gogorra izan da», esan zuten Gartze Mentxaka eta Belen Lugaresarestik, umore onez. «Ez gara oso zaleak, baina egunaz gozatzera etorri gara». Bizkaia gurutzatu zuen Getxon hasi eta Oizen bukatutako etapak, eta, aurreikuspenak beteta, milaka herritarrek jo zuten bide bazterretara: kirol proba ikustera batzuk, eta aldarrikapena egitera beste asko.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ikus zedin, deialdia egina zuen Gure Esku Dago-k, eta, lasterketaren ibilbide osoan, nabarmena izan zen aldarrikapena. «Herri bat garela» erakusten duten ikurrak aldean eramateko deiari erantzunez, ikurrinak eskutan joan ziren asko mendatera.

«Ikus gaitzaten etorri gara»; Trabakuako portutik gora egin zuen atzo Nerea Sololuzek Oizera, Gure Esku Dago-ko kamisetak eta zapiak jantzita zihoan hamar laguneko kuadrillarekin batera. «Hemen gaudela erakutsiko diogu Espainiatik datorren jendeari». Lainoa sartu zen arratsaldean Oizen. «ez dakit oso ondo ikusiko gaituzten eguraldi honekin», esan zuen irriz Sololuzek. Nabarmena izan zen ikurrinen eta euskal preso politikoak etxeratzea eskatzen duten banderen presentzia; gehienbat, Oizen gora.

Aldarria eta salaketa

Bezperatik tokia hartuta zeuden Garaiko herritarrak, karpa eta guzti. Orotara, 70 lagun elkartu ziren tontorrean; tartean, Juantxo Larruzea. Banesto taldeko sukaldaria izan zen Larruzea, besteak beste. «Asko maite izan ditut Euskal Herriko lasterkariak, eta gertutik bizi izan dut beti txirrindularitza». Txirrindularientzat ez, Durangaldeko udalerriko 70 herritarrentzat prestatu zuen atzo bazkaria. Gontzal Sarrigoitia Garaiko alkatea zuen aldamenean, Euskaltel-Euskadi taldeko txano laranja eta Euskadi-Murias taldeko elastiko berdea soinean zituela. «Euskal txirrindularitzak zuen indar hori berreskuratu behar dugu. Ikurrina ere ekarri dut astintzeko».

Gaua mendigunean igaro zuen Ander Azpitartek ere, eta, bukaerako kilometroetara iritsi bitartean, proba zuzenean ikusteko telebista ere bazuen furgonetan. Harekin batera, Jose Maria Sarasua, AEBetan bizi den Abadiñoko puntista ohia. «Atzo etorri nintzen, eta hemen igaro dut gaua. Niretzat, zoragarria da AEBetatik sorterrira itzuli eta txirrindularitzaz horrela gozatzea».

Nolanahi ere, eguna ez zen eztabaidarik gabe igaro. Bilboko Ernaik salatu zuen Ertzaintzak ikurrinekin eta «propagandarekin» zihoan gazte talde bat identifikatu zuela, eta Sortuk ere salatu zuen Ertzaintza herritarrak identifikatzen eta pankartak kentzen aritu zela. Bestalde, Durangoko Ezkurdi plazan, Vueltak egokitutako zaleen gunean Espainiako Poliziak jarritako erakustokiak herritarren haserrea eragin zuen, armen erakusketa jarri baitzuten bertan.

Distira lainopean

BERRIAn argitaratua (2018/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA