iritzia
Emakume onak
Amaia Nausia Pimoulier
Laurehun urte ondoren asteburu honetan Hondarribiko irudiak bilakatu dira protagonistak. Hauek ikustean halabeharrez Gracianak eta historian zehar bera bezalako milaka emakumek jazarritako «lotsa publiko» horiek etorri zaizkit burura; ez baimendutako jokabide sexuala erakusteagatik baztertutako emakumeak, suan erretako sorginak edo 1936ko altxamendu militarraren ondoren gure kaleetatik erdi biluzik eta ilea moztuta bortizki jipoitutako emakume errepublikanoak. Laburbilduz, gizarte patriarkalak guretzako markatutako bidetik ateratako emakume horiengan guztiengan pentsatu dut. Asko harritu egin dira Hondarribiko kaleetan plastiko beltzen atzean eta lehenengo ilaretan emakume gazteak ikustean. Agian 2018. urteak feminismoaren mugimenduarentzat suposatu duen indarberritzeak egin du Hondarribian gertatutakoak ezustekoan harrapatzea, baina egia esanda honek islatzen duen bakarra da mendeetan irentsi dugun mezua oraindik ez dugula gure sabeletatik bota. Hori da patriarkatuak mendeetan lortu duena, kasu askotan gu izatea gure borrerorik gogorrenak. 1620. urteko udaran Lizarrako emakumeek Gracianaren kontra oihukatzean egin zuten bezala, kasu honetan Jaizkibeleko emakumeak behar bezalako emakume onak ez direla agerian utzi nahi dute batzuek.
Patriarkatuaren diskurtsoa sumatu dut beraz, baina ez hori bakarrik. Azken urteotan Nafarroako sektore ideologiko batek euskararekiko mahai gainean jarritako diskurtsoaren antzeko parametroak ere identifikatu ditut. «Betiko Alardearen» aldekoek adierazpen askatasunaren argudioa erabili dute eta, esan bezala, azken urteotan sektore ideologiko batean zabaltzen ari den mezua: bestearen eskubideek nire eskubideak mugatzen dituztela. Ezaguna egiten zaizue? Nafarroan euskararekin gertatu den bezala euskaldunon eskubideak isilpean, zapalkuntzan ez esateagatik, egon diren bitartean lasai egon dira. Baina eskubide gehiago lortzen hasi garenean orduan hasi dira esaten horrek euren eskubideak mugatzen dituela. Emakumeon eskubideekin antzeko zerbait gertatzen ari dela dirudi. Onargarria omen da aurrerapausoak ematea, betiere emakume onaren ideala apurtzen ez badugu, eta gure lekua zein den errespetatzen badugu. Tradizioz jasotako rola alde batera uztea erabakitzen badugu berehala oroitaraziko digute hori onartezina dela, emakume onen aurrean emakume gaiztoak garela.