astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

kirola

Dena ez da 'blues'-a

Imanol Magro Eizmendi

Dena ez da 'blues'-a

Dohainik ere jokatuko nuke AEBetara joateagatik». Ez dezala oso ozen esan Jon Zabalak (Markina, Bizkaia, 1988); bestela, Daniako pilotalekuko buruek hitza hartuko diote. «Umetan, eskolan-eta, nagusitzean zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, beti gauza bera esaten nuen: zestalari Ameriketan», azaldu du. 27 urterekin, ametsa betetzeko itxaropena ia guztiz galdua zuen, baina udan dena aldatu zen. Daniako pilotalekura jokatzera joateko deia jaso zuen, eta harantz abiatuko da aurki, bere Amerikak egitera.

Daniako pilotalekua urtebetez itxita egon da, eta, tarte horretan bederatzi pilotarik erretiroa hartu dutenez, beste hainbeste joango dira Euskal Herritik. Jai Alaiaren garai oparoetan egiten zen moduko exodoa da, eta, ziur asko, tamaina horretako azkena. «Danian nahiko batasun dago pilotarien artean. Lan akordio berria negoziatu zutenean, pilotari kopurua mantentzea adostu zuten —36 guztira—. Egon zen eztabaida jabeekin, baina zesta profesionalaren iraupena zegoen jokoan. Ondo bidean, akordioa lau urterako da», aurreratu du Jokin Arbek (Markina, Bizkaia, 1991), gorputz heziketako irakasle izateko ikasketak bukatuak dituen aurrelariak.

Urtarrilaren 13an hasiko dute sasoia, eta bisaren zain daude hegaldia finkatzeko. Hasieran, sei hilabeterako kontratua dute, beste bederatzirako luzatzeko asmoz. «Goazenak maila onekoak gara, ea han hamar urtez jokatzeko aukera dugun», gehitu du Xabi Barandikak, aparejadore ikasketak bukatzeke utzi dituen gernikarrak (1990). «Ikasketak lehenago bukatu izan banitu, agian, lehenago joango nintzen. Ikasketak direla-eta, etxean ez dute hain ondo hartu, baina badakite nire ametsa dela; errespetatu egin dute erabakia. Aukera bakarra da, eta asko damutu dira joan ez izanaz».

Unai Lekerika ere (Gernika, Bizkaia, 1994) hegazkinera igoko da. Goi mailako mekanizatu modulua bukatu berri du, eta lana zeukan Euskal Herrian. Meritu gehiago ere baditu, besteak beste, munduko txapeldun izan baita afizionatuetan. «Nire aita ere profesionala izan zen, eta urte asko egin zituen AEBetan, Fort Piercen-eta. Berak fabrikan egiten du lan orain, eta aukera hau baliatu egin behar nuela esan zidan. Han bizitza ona dagoela esaten dit, eta ikasteko aukera dela ere bai. Ia-ia etxetik bota naute, kar, kar..» azaldu du umoreko. Laukotearekin batera joango diren beste zestalariak hauek dira: Edu Suso Gasteizkoa, Aimar Aldazabal Berriatukoa (Bizkaia), Jagoba Narbarte Errenteriakoa (Gipuzkoa), David Iturbide Noaingoa (Nafarroa) eta Kevin Ithurria mauletarra. Bera izango da Zuberoan jaiotako pilotari profesional bakarra.

Lasai doaz, lagun asko dituzte Danian, eta horrek lur hartzea erraztuko die. Zabalarentzat, esaterako, itzulera bat da. «Nire aitak West Palm Beachen jokatu zuen 1987 eta 1992 artean. Hiru urtez bizi izan nintzen han. Hari ere sekulako ilusioa egin dio, 46 urte ditu, eta nirekin etorriko dela esan dit. Iaz, Bizkaiko txapelketan elkarrekin aritu ginen, baina utzi egin zuen. Etxean garai bateko haren argazkiak ditugu, orain nireak jarriko ditugu alboan». Arbek ez du familiakorik han, baina bai kuadrillako lagun bat, Eñaut Salegi. Barandikak, berriz, bi lehengusu ditu han jokatzen, Beaskoetxea anaiak. «Sarri entzun ditut hango istorioak. Inbidiaz-eta, baina beste garai batzuk ziren. Guretzat oso handia da maite dugun hori eginez bizi ahal izatea, eta hori, Euskal Herrian, ezinezkoa da».

Bizibide bihurtuko dute zesta, Euskal Herrian ezinezko den zerbait. Zesta-punta asko mitifikatu izan da, baita puntisten parrandazale ospea ere, maiz erdi gezur erdi egi ziren anekdotekin puztua. Egun, halere, lanpostu on bateko baldintzak dira. Astean sei egunez jokatzen dute, bizpahiru orduko kiniela saioak, eta hiru hilabeteko oporrekin. «Lan baldintza duinak dira, soldata finkoa eta asegurua dugu. Garai batean, apustu gehiagorekin gehiago irabazten zen, baina egiten dugun jarduerarako ondo dago. Euskal Herrian baldintza berdinak lortzeko zortzi ordu egin behar dituzu lan fabrikan», argitu du Arbek. Oinarrizko soldata 2.000 dolar ingurukoa da, eta horri boleto gainsaria eta pilotarien artean banatzen den apustuen zatia gehitu behar zaio. «Nire aitaren garaian antzera irabazten zen», gogoratu du Zabalak, «garai haietan, baina, pezeta zegoen hemen, eta dolarretatik pezetara pasatzean gehiago zen».

Lana bainoago, kirola

Zestalariek udan jakin zuten Daniara joango zirela, eta apurka prestatu dira. Duela bi aste jokatu zuten afizionatu mailako azken partida, Markinan. Jendetza bildu zen, eta gernikarrek irabazi zuten. Arbek eta Zabalak publikoki eman nahi izan dizkiete eskerrak Markinako zesta eskolari eta udaleko kultur batzordeari hain agur jaialdi polita antolatzeagatik. Orain, baina, aurrera begiratu behar dute, eta hango bizitza prestatu. Esaterako, ez da merkea. Dania Fort Lauderdaleko gune turistikotik gertu dago —kruzerontzi portu ezaguna— eta etxe baten alokairuak 1.900 bat dolar balio du hilabetean. Horregatik, pilotariak hirunaka edo launaka biltzen dira.

Kiniela sistema jarduera ia industriala da. Zestalariek, baina, kirol ikuspegia lehenesten dute. «Enpresariak agian fabrika bat bezala ikusiko du, baina gu gure onena ematera goaz. Guk kirola beste guztiaren gainetik jartzen dugu», esan du Barandikak. «Nik ez dut lan moduan ikusten. Nik afizio handia izan dut betidanik, eta horregatik jarraitu izan dut jokatzen Euskal Herrian», gehitu du Zabalak. Berak badaki zeri buruz ari den, 20 urterekin urtebete egin baitzuen Filipinetan.

Lekerika ere irrikan dago, eta miresmenez hitz egiten du. «Munduko onenak han daude jokatzen, eta niretzat erronka bat da. Orain arte afizionatuetan aritu gara, baina benetan balio duena orain dator. Hura beste mundu bat da». Arbek ere ez du ilusioa ezkutatu. «Debutatzea erantzukizuna da, hortik bizitzea eta egunero guztien aurka jokatzea. Hala derrigor hobetzen duzu zure maila. Beldurrik? Bakarra, lesioek errespeta nazatela, eta eguneroko erritmoarekin gorputzari buelta eman ahal izatea».

Ametsa hitza darabilte laurek, duela urte batzuk zail ikusten zutelako jauzia. Are zailagoa oraindik Miamiko pilotalekuan, irekita dagoen besteak, sinaturiko baldintzetan. Han koadroa itxi dute, eta ez da pilotari berririk sartuko sei urtez. Jakina da, gainera, Jai Alaiak ez dituela bere unerik onenak bizi. «Jai Alai Blues dokumentala ikusi eta hunkitu egin nintzen. Tristura puntu bat ere bai. Sentimendu kontrajarriak, badakizu, garai batekoak oraingoekin alderatzean», onartu du gazteenak.

Momentuz, baina, Daniak eutsi egingo dio, bai behintzat Jai Alaiaren babes legea indarrean den bitartean. Lege horrek txanpon makinak izateko lizentzia pilotalekua irekita edukitzearen obligaziora lotzen du. «Lege hori hor dabil bueltaka, eta enpresari batzuek indargabetu nahi dute. Baina irauten duen bitartean, lau urtez behintzat, ez da arazorik egongo», gehitu du Barandikak. Berez bost urte dira, 2019an, pilotalekuan, 2016an baino dolar bat gehiago jokatzen bada, beste urtebetez irekita mantenduko dute.

Etorkizunaz ere mintzo dira. «Orain bederatzi pilotari kolpetik joatea handia da, pilotari gazteentzat pizgarri izan daiteke», zehaztu du Arbek. Zabalak, laukoteko beteranoenak, on egin ditu beste markinarraren hitzak. «Profesionaletara pasatzeko aukera mantentzea beharrezkoa da umeak zesta-puntara gertura daitezen. Aspirazio bat da, motibazio bat aurrera jarraitzeko. Hau gabe, zaila izango da zestari eustea».

BERRIAn argitaratua (2015/12/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA