bizigiro
Ahaldun nagusia ere hil zuen matxinada
Lander Muñagorri Garmendia
Gizartea bitan zatitzeaz gain, klase herritarraren «erakustaldi» bat izan zen gertaera hura, Hektor Ortega kazetari-historialariaren arabera. «Askotan badirudi matxinada bat gertaera kaotiko bat izaten dela, baina interbentzio oso zehatzak egin zituzten, eta aurretik antolatuta zegoela pentsa daiteke». Aduanak lekuz aldatzearen eraginez piztu zen protesta, eta Bizkaiko merkatari handi, jauntxo eta burgesen aurka egin zuten herritarrek. Baita orduko ahaldun nagusia zen Enrique Aranaren aurka ere, hil egin baitzuten. Euren bizimoduari zuzenean eragin zion aldaketa babestu baitzuten agintari eta merkatari handi horiek.
Begirada atzerago jarri behar da, ordea, matxinada hori ulertzeko. Espainiako Oinordekotza Gerraren ostean (1701-1715) iritsi zen Felipe V.a bertako tronura, eta berehala politika zentralizatzaileak ezarri nahi izan zituen erresuman. Borboitarra Frantziatik zetorren, eta hango moldeak ezarri nahi zituenez, pribilegioak zituzten lurraldeei horiek kentzea erabaki zuen, merkatu bateratu bat osatzeko. «Kataluniar eta aragoitarrekin erraza izan zuen hori, Oinordekotza Gerran bere aurka egin zutelako, baina euskal lurraldeek bere alde egin zuten, eta ezin zizkien beren foruak kendu», Aragonen arabera.
Hala ere, helburua garbi zeukan borboitarrak, eta aduanak lekuz aldatzeko agindua eman zuen. Foruen bereizgarrietako bat zen hori, hau da, portuetan aduanarik ez edukitzea. Horrek euskal lurraldeak franko bihurtzen zituen, eta lehengai ugari merkeago eskuratzen zituzten herritarrek. «Baina erregeak tabakoaren trafikoa eta kontrabandoa kontrolatu nahi zituen, eta horregatik erabaki zuen aduanak kostaldean jartzea». Erabaki horrek, gainera, merkatari handien babesa eduki zuen, merkeago zitzaielako zerga horiek portuetan ordaintzea, Gaztelaren mugan baino.
Barnealdeko aduanetan zergak portuetakoak halako hiru baitziren. «Garai horretan, gainera, merkataritza globalizatzen ari zen Ameriketako eta Asiako merkatuekin; horregatik, merkatari handiei zerga gutxiago ordaintzea interesatzen zitzaien», Aragonen hitzetan. Euren merkatu nagusia ere Gaztela zelako, eta ez euskal lurraldeak. «Ez zeuden foruen aurka, baina aldatu egin nahi zituzten». Eta hori zen herritarrekin zuten alde handiena.
Matxinadaren txinparta
1717ko abuztuan agindu zuen Felipe V.ak aduanak lekuz aldatzea. Erresumako aduanak kostan eta Frantziarekin eta Portugalekin zituen mugetara eraman zituen. Hainbat eztabaidaren ondoren, agindua 1718ko martxoan bihurtu zen errealitate. Gipuzkoak eta Bizkaiak zereal asko inportatu beharra zeukaten, ekoizpen eskasa baitzeukaten, eta, horregatik, lehengaien prezio igoera bertan sumatu zen batez ere. «Jendeak bazekien neurriak zuzenean eragingo ziola, baina ez zekiten zer zen aduana bat», dio Ortegak. Erregeak aduanetako zaindariak portuetara bidali zituen; garai hartako idatzien arabera, bertako biztanleekin oso jarrera txarra eduki zuten. Horren eraginez, tentsio handia sortu zen Bilboko kaleetan, eta Deustuko herritarrek uko egin zioten hainbat zaindariri hornikuntza emateari.
Kontrako jarrera areagotzen hasi zen, eta irailaren 4ko mezaren ostean, Begoñako herritarrak elizaren atarian bildu ziren. Aduanak lekuz aldatzearen aurkako giroa berotuta zegoen ordurako, eta erabakia hartu zuten: korrejidorearengana joan, eta aduanak berriz Gaztelako mugara eramateko dekretu bat sinatu zezala eskatuko zioten. Esan eta egin. «Begoñako herritarrak Bilbora jaitsi ziren, baina ez pentsatu daitekeen bezala oihuka eta iskanbila sortuz; eskribaua eurekin zeramatela, eta modu ordenatuan», Ortegaren arabera. Izan ere, garai hartako herritarrek garbi zeukaten eurak legea betearaztera zihoazela, aduanak lekuz aldatzea foruen aurkako neurri bat izan zelako.
Korrejidoreak ez zuen inongo oztoporik jarri, baina horretarako Bizkaiko ahaldun nagusiaren sinadura behar zela esan zien protestan bildutakoei. Ordurako Abandoko eta Deustuko herritarrak ere begoñatarrekin elkartuak ziren, eta baita zenbait bilbotar ere. Denak batera, Enrique Aranaren etxera joan ziren, Belostikalen zeukan jauregira, eta dekretua sinatzeko eskaera egin zioten. Ezezkoa eman zuen hark, eta orduan piztu zen matxinada. «Ordura arte ageriko bortizkeriarik ez zen egon, baina hortik aurrera ezberdina izan zen dena». Aranak jauregiko teilatutik ihes egin behar izan zuen, eta egun Euskal Museoa dagoen komentuan babestu zen. Herritarrek, bitartean, bere etxeko ondasunak kalera bota, eta haiei su eman zieten.
Gauza bera egin zuten aduanak lekuz aldatzearen alde zeuden merkatariekin ere: euren etxeak erre zituzten, eta horietako batzuk hil ere egin zituzten. Gorrotoa zabaltzen hasi zen, eta irailaren 5eko biharamunean areagotu egin zen giroa. Txorierriko eta Bilbo inguruko hainbat herritako biztanlek bat egin baitzuten erreboltarekin. Ahalduna zegoen komentura joan, eta korrejidoreak lortu zuen dekretua sinatu zezan, baina ordurako herritarrak Areatzan bilduta zeuden, eta ahalduna euren begiekin ikusi nahi zuten sinadura hori egiten. 5.000 pertsona batu ziren bertan, 6.000 biztanle eskas zituen Bilbon.
Eraman zuten hara, eta aduanen aurkako idatzia behartuta izenpetzen ari zenean jakin zuten Aranak bezperan erregeari eskatu ziola matxinadari aurre egiteko armada bidal zezala. «Bertan hil zuten, eta gorpua zenbait orduz egon zen Areatzan, eta herritarrek banan-banan sastakatu zuten», Ortegaren hitzetan. Boterearen jabe egin ziren zenbait orduz ere, eta matxinada Gipuzkoara zabaltzeko ahalegina ere egon zen. Baina Aragonek argitu du asmo horiek itzali egin zituztela Gipuzkoako mugan sortu zen milizia bati esker: «Bertako merkatariek bazekiten zer gertatzen ari zen, eta antolatu egin ziren».
Azaroaren 11n erregearen armada Bilbora iritsi zen, eta matxinadan parte hartu zuten herritarrei jazarri, eta haiek epaitu zituzten. 1722an aduanak berriz ere Gaztelako mugara itzuli ziren, «zerga bidez ez zutelako aurreikusi zuten beste bildu». Baina ordurako gizartean zatiketa gertatua zegoen, Aragonen ustez: «1766ko gariaren matxinadan, eta 1804ko Zamakoladan ere garbi geratu zen euskal lurraldeetan bi talde sortu zirela: foruen aldekoak eta nolabait aldatu nahi zituztenak».