kirola
Itxuratu da azken urteetako desira
Jon Ander De la Hoz
«Egun berezia izango da. 25 urteren ostean, Reala ikustera etor gaitezke tartean atletismoko pistarik izan gabe». Zale askoren urteetako desirari hitzak jarri zizkion atzo Jokin Aperribai Realeko presidenteak. Anoeta eraberritzeko lanen inguruko xehetasunak eman zituen, Begoña Larzabal marketin arduradunarekin batera egindako agerraldian.
Mende laurdena igaro da Realak Atotxatik Anoetarako jauzia egin zuenetik, eta, ordutik, eztabaida askoren erdian egon da estadioaren egokitasuna. Zenbait traba administratibori aurre egin behar izan dio Anoeta eraberritzeko proiektuak, eta, haiek gaindituta, iragan sasoian hasi ziren lehen egokitzapenak egiten. Alabaina, ekainetik aurrera egin dituzte lanik sakonenak, eta larunbatean jokatuko du Realak pistarik gabeko lehen partida, Bartzelonaren aurka, 16:15ean. Lanak amaitzean «lehian aritu nahi dugun taldeen antzeko azpiegitura izango du Realak», Aperribairen iritziz. Kazetarientzat ireki zituzten ateak atzo; erakundeetako agintariek egingo dute gaur bisita, Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea buru direla.
Orain arteko Anoetarekin alderatuta aldaketa «nabarmena» dela uste dute Aperribaik eta Larzabalek, baina gogorarazi dute oraindik urtebete falta dela lanak amaitzeko, hala zehaztu zuen Larzabalek: «Bistakoa da, baina zaleek ez dute inaugurazio bat espero behar. Gauza asko daude egiteke».Aperribaik esan zuen proiektuak xedatzen dituen epeak kontuan hartuta«lanaren erdia» egina dagoela. Azaldu zuenez, etxean jokatu ahal izateko «segurtasuna bermatzea» zen zuzendaritzaren lehentasunetako bat. «Behin hori lortuta», bertan jokatzeko moduan izango dira txuri-urdinak: «Deserosotasun batzuk izango ditugu, baina hobe da hori, etxetik kanpo aritu baino».
Etxeko lehen partidara iristeko presioak «tentsio batzuk sortu baditu ere», Aperribaik eskerrak eman dizkie azken asteetan jo eta su aritu behar izan duten langileei.
Nolanahi ere, Aperribaik eta Larzabalek ez dute arazorik aurreikusten larunbaterako, «lanen ohiko deserosotasunak» salbu. Larzabalen esanetan, «oso garrantzitsua» izango da egunean garaiz ibiltzea eta pazientzia izatea -14:15ean zabalduko dituzte ateak-: «Lehen ez bezala, bide estuak egongo dira iparraldeko harmailan, eta zale asko inguru hartatik iristen dira».
Bartzelonaren aurkako partidarako, informazio praktikoa igorriko dio Realak bazkide bakoitzari. Estadiora sartzeko moduan zenbait aldaketa igarriko ditu zaleak; esaterako, lehen 28 ate ziren, eta 21 izango dira orain, eta, denborarekin, tornu kopurua bikoiztu egingo dute. Horregatik guztiagatik, zaleei «nondik sartu eta nondik atera behar duten» jakinaraziko diete bihar eta etzi, mezu elektroniko bidez. Aurrerantzean, beheko solairutik sartuko dira estadiora, eta behin barruan direla hartuko dute norbere lekurako bidea.
Boluntarioez gain, zelaiaren kanpoaldean informazio panelak jarriko ditu Realak, eta 120 boluntariotik gora egongo dira Anoetara joaten direnei laguntzen. Haien artean, harrobiko jokalariak eta klubeko langileak ere egongo dira: «Guztiok lagundu beharko dugu pixka bat».
Txuri-urdinen etxe berrituak zerbitzu «hobeagoak» eskainiko dizkie Realeko bazkideei. Larzabalek xehatu zituen aldaketa horietako batzuk: «Orain artean, lau igogailu genituen, eta, etorkizunean, 32 izango ditugu». Haietatik hamar beren lekuan ezarrita daude dagoeneko, eta zortzi erabiltzeko moduan izango dira larunbatean. Zale orok erabili ahal izango ditu igogailuak. Halaber, «araudiari hertsiki lotu», eta lehen baino leku gehiago ezarri dituzte mugitzeko arazoak dituztenentzat, 220 guztira.
Sarrerarik ez salgai
Aperribaik jakinarazi zuenez, Bartzelonaren aurkako partidan ez dute sarrerarik salduko, eta gainontzeko partidetan «egoraren arabera» erabakiko dute saldu ala ez. Egun, 28.202 bazkide ditu Realak, eta 28.995 aulki daude erabilgarri. Lanek aurrera egin ahala joango da handituz eserlekuen kopurua, eta horrek 30.000 bazkideren langa gainditzea ekar diezaioke Realeari, presidentearen arabera: «Itxaron zerrenda dugu bazkide izateko».
Aitor Zabaleta harmaila jarri zuen adibide. «Bi aulki eskas geratzen dira hutsik». Horrez gain, Aperribaik adierazi zuen zalerik sutsuenak han jarriko direla: «Zutik egongo dira gehienak, eta horretarako asmorik ez dutenei aulkia beste eremu batean hartzeko aholkatu diegu».
Larunbatean, aro berri bati ekingo dio Realak, eta Imanol Agirretxe izango da zaleen berotasuna orain artean baino gertuagotik jasoko duen lehena. Egun horretan esango die agur zaleei, zelai eraberrituko lehendabiziko gola sartuta.
Kirol arloari dagokionez, ordea, berri txarrak izan ziren atzo. Batetik, Adnan Januzajek hilabete eta erdi beharko du osatzeko. Bestetik, Sandro Ramirezek min hartu zuen eskuin belaunean, eta ezingo du larunbatean jokatu.