ekonomia
Hegaluzea itsasoan, arrantzaleak lehorrean
Xabier Martin
San Prudentzio Berria eta Pedro Joxe arrantzontzien patroiak itsasoratzeko prestatzen ari dira, hala ere. Hegalaburraren kuota ez da amaitu oraindik, baina badakite di-da batean ahituko dela hura ere. 4.500 kilo harrapatzeko baimena daukate, eta 2.000 kilo baino gutxiago falta da mugara iristeko. «Eta zimarroia bukatzean zer?», dio Agirrezabalak, «berriro portuan geldirik?». Larrañagak imintzio esanguratsua egin du: «Ez dagoenean, ez dago, baina hegaluzea hortxe dago aurten, joan eta erraz harrapatzeko moduan».
Zehazki, 140 miliatara dago hegaluzea, bederatzi ordu ingurura. Aurtengo kanpainan 4,35 milioi tona harrapatu dituzte euskal arrantzaleek abuztuaren erdialdera arte, eta kanpaina ohi baino hilabete eta erdi lehenago bukatu da. «Asko egon da, eta asko dago oraindik ere; behin ere ez dugu ezagutu horrelakorik», dio Larrañagak. Sentipen gazi-gozoa dute biek ala biek. «Kontua da, beharbada, gehigarri bat eman zezaketela, aurtengoa ez baita normala izan». Azken hiru urteetan kuota ahitu egin dute arratzaleek; «pastela txiki geratzen ari da denentzat».
Malgutasuna nahi dute
Baina dagoeneko argi dago ez dela baimen berezirik izango: kuota bukatu da eta kito. Eta horregatik, argia da arrantzaleen eskaera: hegaluzearen kuota berraztertzea. Azken urteetan murrizten joan baita espezie horren kuota; aurten 15.015 tonakoa izan da muga; «garai batean 25.000 tona ziren», dio San Prudentzio Berria-ren patroiak. Onartu du zientzialarien lana aurreikuspenak egitean ez dela «batere erraza», baina gero eta ontzi gehiago joaten ari dira hegaluzetara, «eta hori ere kontuan hartu beharko lukete». Finean, arrantzale guztiak bat datoz, Getarian, Hondarribian edota Bermeon, «malgutasuna behar dela aurrerantzean, urtea ona datorrenean kuota handitzeko, naturak ematen duena harrapatzeko».
«Garai honetan gu hemen eserita egotea... nortea galdu dugu; zimarroiarekin bukatu dutenak amarratuta daude... desastrea da hau», dio triste Joseba Larrañagak. Zimarroiaren kontsolamendu txikiaren ondoren sardinetara joateko garaia helduko da, baina hura ere arrantzontziak portuan amarraturik egon ez daitezen «betelana izango da kasik», hegaluzearen kanpainarekin alderatuta. Aurreko urtean sardina kanpaina txukuna izan zuten, baina espezie horrekin «ez dago fidatzerik». Ez da urtero azaltzen. Edonola ere, urri edo azarora arte ez dira joaten arrantzaleak haren bila Frantziako uretara, eta aurten lehenago atera beharko dute, ontzi bakoitzean hamabost bat arrantzale kontratudun baitaude. Alegia, ez da berehala ailegatuko urte bukaerako geldialdi teknikoa, datorren urteko otsailean berdeletara joateko.
«Galdu samar gabiltza; urte erdian gaude, eta kuota denak bukatuta kasik. Txitxarro pixka bat badugu harrapatzeko, eta sardinaren zain egon behar, baina panorama beltza da oso». Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak hitz egin du. Solasaldira batu da une batez, baina kopetilun dabil, eta laster atera da telefono dei bat erantzuteko.
Galerarik ez da egon, ordea, atal ekonomikoan. Irail-urrirako lortu behar zena abuztu erdialdera lortu da. Prezioak ez dira txarrak izan enkantean, ez behintzat aurreko urtekoak baino okerragoak. «Merkatua saturatu egin dugu akaso, baina ez dago erregulatzeko aukerarik», dio Joseba Larrañagak. Dena den, arrantzaleek ez dute ezkutatzen diru galerarik ez dela izan. «Orain egun gehiago dirua gastatzeko», dio Urrestik sakelakoa eskutan hartu eta bulegotik atera aurretik.
Sare pelagikoak
Aurten gertatutakoa alferrik ez pasatzea nahi dute patroiek; berriro ere errepikatzen bada halako egoera bat, erreakzio bat egotea nahi dute. «Aurtengoa izango zen historikoa utzi izan baligute beste hilabete bat», dio Agirrezabalak begietan disitira bat jartzen zaiola. «Kuota egotea gauza ona da; ez dugu nahi dena libre itsasoan. Antxoa ere pilo bat dago orain, eta hura itxita eduki zuten urte askoan. Ez, ez da hori gure problema».
Txitxarroak ere ez du esperantzarako motiborik ematen. Ez dago oraingoz, eta azken urteak txarrak izan dira. Larraña eta Agirrezabala ez dira ezkorrak, hala ere, geroaz jardutean. Badakite gero eta arrantzontzi gutxiago daudela euskal kostaldean, baina «ondo kudeatuz gero», oraindik itsasoak bizimodua emango duela uste dute, «seguru». Hamabost bat arrantzontzi daude Getarian gaur egun; orain 30 urte hamabi gehiago ziren. «Beti beheraka», diote, baina esperantza galdu gabe.
Ondo kudeatzeko eskaera horren barruan sartzen dute sare pelagikoei muga batzuk jartzea. Frantzia eta Irlandako ontzi pelagikoen aurrean kainaberekin lehiatzen dira baxurako euskal arrantzeak, eta neurriak eskatzen dituzte. «Gu sei kainaberekin eta haiek saretzar bat atzean botata daukatela aritzen dira. Guk hegaluzea harrapatzen dugu hegaluzeak jan nahi duenean; ez badu nahi, alferrik egoten gara karnata botatzen. Sarritan etortzen gara etxera ezer gabe, baita arraina gure ontzi azpian ibili bada ere. Pelagikoei berdin zaie hori dena; haiek sarea bota, eta dena eramaten dute aurrean, baita gure aurpegiaren aurrean ere».
Grabagailua itzali bezain laster ontzietara abiatu dira, azken gainbegiratua eman, eta itsasora ateratzeko zain gelditu dira, hark zer emango duenaren zain.
Getaria eta Hondarribia, hegaluzearen mekak